Ondarroako zubi harresian jardun zuten ertzainek kalte-ordainak nahi dituzte

Protestan izan ziren bost lagunen aurkako epaiketan, kontrako bertsioak eman dituzte akusatuek eta ertzainek.Urriaren 13an segituko du saioak

Eleak mugimenduak deituta epaitegi aurrean egin den protesta. M. DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Iazko maiatzaren 15ean Ondarroan Urtza Alkortaren atxiloketa eragozteko egin zen herri harresian parte hartu zuten bost gazteren aurkako epaiketa atzo hasi zen Bilboko epaitegian. Akusatuek eta lekukoek euren lekukotzak eman zituzten: bertsio erabat kontrajarriak.

Ertzainen esanetan, zubian eserita zeuden akusatuek jarrera bortitza izan zuten. Ertzainei beraiei ostikadak eta ukabilkadak eman zizkietela salatu dute, batek hozkada jaso zuela, eta beste baten ezkutuari listua bota ziotela. Akusatuen bortizkeriaren ondorioz min hartuta egon zirela kontatu diote epaileari, eta zazpi ertzainetik seik kalte-ordainak eskatu dituzte.

Kontakizun horiek aintzat hartuta, bina urteko espetxe zigorra eta kargu publiko izateko debekua eskatzen du akusazioak bost epaituetatik lauren aurka, agintearen aurkako atentatua egin izana egotzita. Besteari, ordena publikoaren aurka egitea egozten diote. Horrez gain, 8.850 euroko isuna ere eskatzen die akusatuei.

Erlantz Alkorta, Beñat Apalategi, Breogan Fernandez, Joseba Berastegi eta Ander Malaxetxebarria akusatuek ukatu egin dituzte egozten zaizkienak. Protesta erabat baketsua izan zela esan dute. Lurrean eserita erresistentzia pasiboa besterik ez zutela egin.

Zubitik atera zituzten ertzainek, berriz, oso bortitz jardun zutela kontatu dute: lurrera jaurti, botekin zapaldu eta jo zituztela, eta sudur, begi zein belarrietatik atzamarrak indarrez sartuaz eraman zituztela.

Lekuko aritu diren herritarrek akusatuen bertsioa baieztatu dute; tartean, Unai Urruzuno eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkideek. Auzi medikuak bi bertsioetako edozein egia izan daitezkeela esan du, eta ez dio azalpenik aurkitu ertzain batek hasieran erorita zauritu zela eta egun batzuetara ostikada batek zauritu zuela esan izanari. Bi ertzain ez dira epaiketara joan, eta epaileak urriaren 13ra arte eten du saioa.

Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin du Eleak taldeak epaitegi aurrean. Herri harresietan bortitz jardun duen bakarra Ertzaintza izan dela ohartarazi du, eta mezua igorri Jaurlaritzari: «Ados egon gabe ere legea bete behar dutela diote; baina hemen epaituko den auzia ez da Madrilen agindua; hemen sortua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.