Langileek greban jarraituko dute Loiun, ez baitute lortu itunik

Bertan behera utzi zuten joan den asteburuko greba, baina ustela izan da zuzendaritzarekin eginiko bilera. Lantaldea handitzea nahi dute

2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Loiukoaireportuko (Bizkaia) langileek protestan jarraituko dute. Sindikatuek bertan behera utzi zuten joan den asteburuko greba, zuzendaritzarekin negoziatzeko «keinu on» modura. Atzo izan zuten beste bilera bat, eta beharginen ordezkariak haserre atera ziren: salatu dute zuzendaritzak «engainatu» egin dituela. Aurreko bilera larunbatean egin zuten; sindikatuek ez zuten «nahikotzat» jo zuzendaritzaren proposamena, baina negoziatzeko aukera sumatu zuten, eta horregatik eten zuten biharamuneko greba. Atzoko batzarraren ondoren, ordea, berriro mobilizazioei ekiteko asmotan dira ELA, LAB, LSB eta CCOO sindikatuak. Lantaldea handitzea da haien eskari nagusia.

Uztailaren 1ean egin zuten greba aireportuko langileek, eta bertan behera utzi behar izan zituzten hogei hegaldi baino gehiago, batik bat Madril eta Bartzelona alderakoak. Ados jartzerik lortu ez dutenez, sindikatuek eutsi egingo diote greba egutegiari. Hil honetan, zazpi egunetan egingo dituzte mobilizazioak, igandetik aurrera: 14, 15, 21, 24, 25, 28 eta 31. Egun osoko grebak izango dira batzuk, eta ordu batzuetakoak besteak. Abuztuan beste zortzi egun dituzte: 1, 4, 11, 14, 15, 18, 25 eta 31. Irailean, berriz, hilaren 1a.

Sindikatuek jakinarazi dute zuzendaritzak aurreko asteko proposamen berberak egin zituela atzoko bileran. Hala ere, berretsi dute akordiorako «borondatea» dutela, eta ez dutela nahi negoziaziorik hautsi. Loiuko aireportuko 169 langile deitu dituzte mobilizazioetara: suhiltzaileak, bezeroei kasu egiteko zerbitzukoak eta seinalizazio arlokoak, besteak beste; kontrolatzaileak ez daude deituta, azpikontratatuak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.