Hizkuntza gutxituak babesteko eskatu diote Madrili

Eragileek eskatu dute hizkuntza aniztasuna oinarrizko printzipio gisa bermatzeko Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorrean

Hizkuntza gutxituen alde jarduten duten eragileen ordezkariak aurreko agerraldi batean, Kongresuan. BERRIA.
Urtzi Urkizu - Paulo Ostolaza
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituen aldeko urratsak ez dira nahikoak. Hala salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten duten gizarte eta kultur erakundeekin batera, Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokorraren auziaren inguruan. «Nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen den bitartean». Halaber, indar politiko guztiei eta Espainiako Gobernuari zera eskatu diete: «Gorte Nagusietarako izapideak egin bitartean, testuak oinarrizko printzipio gisa jaso dezala hizkuntza aniztasuna aitortzea, defendatzea, bermatzea eta sustatzea». Aniztasun hori bi eremutan zehaztu beharko litzatekeela uste dute: «Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdinduko dira bikoizketan, azpitituluetan eta audio deskribapenetan.

Eta, bigarrenik, «estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak berdinduko dira, plataforma digitaletarako zein telebista kanaletarako». Ohartarazi dute ikus-entzunezkoena dela gaztelania ez diren hizkuntzek bazterketa nabarmena duten sektoreetako bat. Ikus-entzunezkoen sektorean «erabakitasunez» jardun behar dela uste dute adierazpenaren sinatzaileek: «izan ere, gure hizkuntzen bazterkeria egoera nabarmenena den eremuetako bat da, eta, aldi berean, herritarrek gehien erabiltzen duten aisialdi eskaintzetako bat da».

Adierazpen bateratuaren sinatzaileak hauek dira: Euskalgintzaren Kontseilua, A Mesa pola Normalizacion Linguistica, Omnium Cultural, Ciemen, Accio Cultural del Pais Valencia, Obra Cultural Balear, Escola Valenciana, Asociacio Cultural Valenciana Tirant lo Blanc, Federacio d'Organitzacions per la Llengua Catalana, Iniciativa pol Asturianu eta Nogara Religada. Konpromisoa adierazi dute beharrezko jarduera guztiak elkarrekin egiteko diputatuen eta senatarien aurrean, bai eta Espainiako Gobernuaren aurrean ere.

Aurrekontuak zalantzan

Joan den azaroaren 23an Madrilek eta ERCk adostu zuten streaming plataformetako edukien %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izatea, eta, horri esker, Pedro Sanchezen gobernuak Espainiako aurrekontuentzako babesa bermatu zuen. Herenegun, ordea, Espainiako Gobernuak baieztatu zuen Netflixek, Amazon Prime Videok, Disney Plusek eta HBO Maxek, besteak beste, ez dutela legez edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko. Legeak Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian edo Hego Euskal Herrian sortuak diren zerbitzuei soilik eragingo die (Filmin, FlixOle eta tankerakoei).

Albistearen berri izan ostean, gogor mintzatu zen Gabriel Rufian ERCren bozeramailea. Argi utzi zuen informazioa egia bada behintzat ez dutela babestuko Ikus-entzunezko Lege Orokor berria, eta Espainiako aurrekontuak ez onartzeko mehatxua egin zuen bozeramaileak: «Hizkuntzaren gaiarekin ERCri adarra jotzea negozio txarra da», gehitu zuen. Izan ere, Espainiako Senatuan aurrekontu publikoak aldatuko balituzte, aurrekontuak berriz bozkatu beharko lituzkete Kongresuan, eta ERCren babesik gabe ezin dituzte onartu. Adriana Lastra PSOEren idazkariordea giroa baretzen saiatu zen atzo: «ERCkoek badakite akordioak betetzen ditugula, eta oraingoan ere hala izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.