Etxebizitza duina bermatzeko bide orri bat aurkeztu du LABek

'Abiatu' komunitatea aurkeztu dute Iruñean. Sindikatuaren ustez, Nafarroako Gobernuaren lege proposamena «motz» gelditzen da

LAB sindikatuko ordezkariak, atzo, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean. LAB.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortzea, espekulazioa gelditzea, alokairu sozial arautua lehenestea, neurriak hartzea alokairu edo hipotekaren gastuak ez daitezen izan diru sarreren %30 baino gehiago, etxebizitza parke publikoa handitzea, putre funts eta jabego handiak desjabetzea, etxegabetzeak gelditzea... Etxebizitzaeskubidea bermatzeko hainbat neurri proposatu zituen atzo LAB sindikatuak, Abiatu ekintza sozialeko komunitatearen aurkezpenean. Iruñean egin zuten agerraldia, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, egun mahai gainean direnak baino «asmo handiagoko neurriak» eskatzeko.

Sindikatuko ordezkari Imanol Karreraren esanetan, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea ezinbestekoa da «langileen oinarrizko bizi baldintzak duintzeko», baina salatu du gaur-gaurkoz eskubide hori «merkantilizatu» egin dela eta espekulaziorako erabiltzen dela.

Hain zuzen, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lege proposamen bat tramitatzen ari dira Nafarroako Parlamentuan uneotan, baina sindikatuko kideek uste dute proposamen hori «motz» geldituko dela: «Ez dio erantzuten etxebizitzarekin dugun arazoa errotik aldatzeko asmoari. Nafarroako Gobernuak etxebizitza eskubidea onartzen badu ere, ezin du bermatu, eta politika asistentzialista hutsak garatu besterik ez du egiten».

Hori dela eta, asmo eta eragin handiagoko neurriak galdegin ditu Karrerak: «Alokairu babestua eskatzen duten pertsona gehienak (%74) alokairu librean bizi dira. ISA neurgailua edota alokairuen erregistroa sortzea urratsak izan daitezke, baina ez dira inondik inora ere nahikoak; besteak beste, ISAn ezartzen diren irizpideek oraindik ere ez dutelako aintzat hartzen Europako eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ezarritako gehienezko diru sarreren %30eko neurgailua». Gainera, sindikatuko eledunak uste du administrazioak, putre funts eta jabego handien desjabetzea erraztu beharko lukeela, baina azpimarratu dute «erabilerarik gabeko etxeak gurean, oraindik ere, gehiegi» direla.

Bost aldarri gobernuari

Zehazki, bost aldarrikapen egin dizkio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari, etxebizitza duina berma dezan. Lehena da etxebizitza eskubide subjektiboa dela aitortzea, eta hori bermatzea: «Etxebizitzarako sarbide unibertsalari uko egitea indarkeria egiturazkoa eta instituzionala da».

Etxebizitza, salgai bat bainoago, eskubide bat dela aldarrikatu du LABek; hortaz, espekulazioari eta merkantilizazioari ateak ixteko galdegin dute, «alokairuaren prezioa arautuz». Are: sindikatuaren irudiko, herritarrek ez lukete diru sarreren %30 baino gehiago erabili beharko alokairua edo hipoteka ordaintzeko. Horren aurrean, gobernuari proposatu diote debeka dezala KPIaren igoera alokairuetan, soldata igoera bera izan ez dutenentzat. Azkenik, etxebizitzen parke publikoa handitzea eta etxegabetze guztiak geldiaraztea ere exijitu dute sindikatuko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.