Kritikoak talde mistoan nahi ditu Santosek

Ahal Dugu-k alegazioak aurkeztu ditu ildo ofizialeko parlamentariak egoztearen aurka. Taldea apurtu nahia egotzi diote Orain Bairi
Eduardo Santos Ahal Dugu-ko Nafarroako idazkari nagusia.
Eduardo Santos Ahal Dugu-ko Nafarroako idazkari nagusia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 5
Legealdia amaitu aurretik, hiru hilabeteko jarduna geratzen zaio Nafarroako Parlamentuari, eta oraindik ikusteko dago legebiltzarra desegin bitarteko asteotan nola eragingo duen Ahal Dugu-ren talde parlamentarioaren zatiketak. Abenduaren 20an Orain Bai ildokoek Tere Saez, Mikel Buil eta Ainhoa Aznarez ildo ofizialeko parlamentariak taldetik egozteko idatzi bat aurkeztu eta gero, Ahal Dugu-k alegazioak aurkeztu zituen herenegun Nafarroako Parlamentuko Mahaian. Eduardo Santos alderdiko idazkari nagusiak atzo eman zuen alegazioen berri, eta gogor hitz egin zuen kritikoen jokabideaz: «Norbaitek Ahal Dugu-ren talde parlamentarioa hautsi nahi baldin badu, talde mistora edo adskripziorik gabeko parlamentaria izatera igaro beharko luke».

Ser irrati katean elkarrizketatu zuten atzo Santos, eta hizpide izan zuen parlamentuko taldean azken hilabeteetan sortutako egoera. Gehiago dira kritikoak, baina Santosek uste du talde hori alderdiko ildo ofizialari dagokiola: «Ahal Dugu-ren talde parlamentarioa botoa eman ziotenei zor zaie, eta legebiltzarrak ez luke onartu behar lau transfugak erabakitzea 26 parlamentarik bozkatutako presidentetzaren inguruan». Izan ere, Aznarez parlamentuko lehendakaria izanik, Orain Baikoen erabakiak ondorio bat eragin lezake: Aznarezek presidente izateari uztea eta aldaketaren aldeko indar politikoek gehiengoa galtzea legebiltzarreko mahaian.

Argudio horiek erabili ditu Ahal Dugu-k alegazioetan, eta «zentzuzkotzat» jo ditu Santosek: «Uste dugu zentzu komunean militatu behar dela, ez surrealismoan. Parlamentuaren presidentetza aldaketaren gobernuari buruzko akordioaren parte izan zen, eta horri eutsi beharko litzaioke».

Mahaiaren bilera, etzidamu

Beraz, Santosek Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrako bazkideen teilatuan utzi du pilota. Azaldu duenez, horiekin «aspaldi» ari da hizketan, «eta lau pertsona horiek —Laura Perezek, Fanny Carrillok, Ruben Velascok eta Carlos Cousok— sortu duten krisi instituzionalari buruzko kezka partekatua da». Hortik aurrera, «denek jokatu behar dute demokraziak kasu honetan eskatzen duen ardurarekin», Santosen esanetan: «Hemen aldaketaren gobernu bat dago, erakundeei egonkortasuna eman behar diena, eta egonkortasun horrek beharrezkoa du edozeinek uneren batean eta onura pertsonalengatik egin ditzakeen maniobrak indargabetzea».

Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaile Batzordea datorren asteartean batzartuko da, eta litekeena da bi ildoek aurkeztu dituzten idatziak egun horretan aztertzea. Ahal Dugu-ren krisia «aldaketarentzat arazo bat gehiago» izan daitekeelakoan, Santosek espero du «denak gai» izatea egoera konpontzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna