Euskal presoen urruntzea. Lutxi Mintegi. Senidea

«Bada urte eta erdi semea ikusi eta besarkatu ez dudala»

Lutxi Mintegik osasun arazoak ditu, eta ezin du bidaiatu Gorka Lupiañez semea dagoen espetxera. Urruntzeak «sufrimendu handia eta luzea» eragiten diola salatu du.
BERRIA

Edurne Begiristain -

2018ko otsailak 6
Lutxi Mintegik, Gorka Lupiañez euskal presoaren amak, 65 urte ditu. Semea 2007an espetxeratu zutenetik —egun Topaseko kartzelan dago (Salamanca, Espainia)—, milaka eta milaka kilometro egin behar izan ditu hura bisitatzeko. Bidaia luzeek «tentsioa, nekea eta tristura» sorrarazten zizkiotela gogoratu du. Osasunak okerrera egin zion 2016an, eta ordutik ezin izan du berriro semea bisitatu.

Azken hamar urteotan kilometro ugari egin behar izan dituzu semea ikusteko. Nolakoak ziren bidaiak?

Derrigorrez egin beharrekoak, inposatutakoak. Gurasook seme-alabak ikusi nahi baditugu, ez dugu beste aukerarik. Guk Salamancara autoz joatea beste aukerarik ez dugu. Bezperatik oso urduri egoten nintzen, tentsioan, beldurrarekin, pentsatuz ea nola egongo zen bera, zer arazo jarriko zizkiguten espetxera sartzeko... Bisitak maitasun handikoak izaten ziren, alaiak, baina berehala igarotzen zen denbora. Bisitatik bueltan, berriz, tristura sentitzen nuen. Berriro kilometro ugari egin behar genituen etxeraino, eta, etxera heltzean etsita, nekatuta eta triste sentitzen nintzen. Gogorra zen. Baina, aldi berean, lasaitua hartzen genuen etxera onik iristeagatik, bidean istripurik izan gabe.

Espetxeetarako joan-etorriek nola baldintzatu dute zure osasuna?

Osasun arazoak izaten hasi nintzenean, oso nekeza izaten zen bidaiak egitea. 2016an egin zidaten ebakuntza baten ondorioz, txarto geratu nintzen, eta medikuek autoz bidaiatzea debekatu zidaten. Soilik etzanda bidaiatu dezaket. Hortaz, urte eta erdi daramat semea ikusi gabe, hura besarkatu eta muxukatu gabe. Oso gaizki ari naiz pasatzen. Gorkaren amonak 91 urte ditu, eta lau urte daramatza biloba ikusi gabe; badaki ez duela berriro ikusiko. Lau aldiz eskatu dugu Gorka Euskal Herrira ekartzea, baina ez dute egiten.

Adinduek bereziki pairatzen dituzte urruntzearen ondorioak.

Guk bi aukera ditugu: bidaitzea eta gure osasuna jota uztea, edo seme-alabak ikusi gabe geratzea. Euskal presoen senideok 2.000 kilometro egiten ditugu 40 minutuko bisita bat izateko, eta horrek ondorioak izaten ditu ezinbestean. Kezkatuta bizi gara, eta egun osoa ematen dugu horretan pentsatzen. Argi dago ez genukeela halako bidaiarik egingo kartzelan seniderik izango ez bagenu. Urruntzea sufrimendu handia eta luzea da senideontzat. Eta zergatik guri zigor hau? Non daude gure eskubideak? Mendekua da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna