Jaurlaritzari deia, ikasle etorkinen segregazioari aurre egiteko

Ikastetxeen «harrera gaitasuna» indartzeko eskatu du legebiltzarrak. Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak «neurri ausartak» nahi ditu

Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Galdea egin diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari: ikasle etorkinek pairatzen duten segregazioari aurre egin diezaiola eta eskoletako harrera baliabideak hobetu ditzala. Eskaera hori, gainera, bi esparrutatik heldu zaio Jaurlaritzari: Eusko Legebiltzarretik eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformatik.

Zehazki, EH Bilduren legez besteko proposamen bat tarteko, ikastetxeen harrera gaitasuna «indartzeko» galdegin dio Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari, «ikasle etorkinen eskolaratzea erraztu dezan». Aho batez onartutako proposamenaren arabera, Jaurlaritzak hainbat neurri jarri beharko ditu abian, «lehenik eta behin gizarte egoera ahuleko inguruan dauden ikastetxeetan edota atzerritik iritsi berri diren ikasle proportzio handienak dituztenetan».

Horrez gain, parlamentuak eskatu dio Hezkuntza Sailari harrera baliabideen esperientzia pilotuak abiaraz ditzala, «lehentasuna emanez baliabide linguistikoei lotutakoei». Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, «ezinbestekoa» da harrerako protokoloak indartzea.«Izan ere, aniztasuna balio positibotzat jotzen dugun arren, praktikan zailtasunak ditugu aniztasuna gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunen ikuspegitik kudeatzeko».

Neurri «eraginkorrak»

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, bestalde, ikuspegi kritikoa agertu du eskola segregazioaren inguruan, eta «neurri eraginkorrak» hartzera premiatu du Hezkuntza Saila, «egoerak okerrera egin baitu 2016tik hona».

Arabako sare publikoko sindikatuak, zuzendari elkarteak eta hezkuntza komunitateko beste zenbait eragile biltzen dituen plataformaren izenean, Hezkuntza Sailak argitaratutako azken diagnostikoa aipagai izan dute Ainhoa Astigarragak, Ruben Sanchezek eta Maite Ugartek. Diagnostiko horren arabera, «atzerritar jatorriko ikasleak osotasunean hartuta, %75 sare publikoan eskolatua daude, %19 Kristau Eskoletan eta %5 ikastolen sarean». Hezkuntza Sailak desoreka horri aurre egiteko proposatu dituen neurriak, ordea, «aurreko planen kopiak» direla salatu du plataformak: «Ez dute zehazten noiz, nola edota norekin egingo duten».

Horregatik, neurri gehigarriak eskatu ditu Ugartek: «Hezkuntza Sailak txostenak sortzen jarraitzen ahal du sine die, baina garaia da hemendik urte batzuetara zenbaki horiei buelta emango dieten neurri eraginkorrak, ausartak eta sakonak ezartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.