Lotuneen korapiloa

Espainiako Gobernuak gaur esango du nondik lotuko dituen 'Euskal Y'-a eta Nafarroako AHTa. BERRIAk lortutako azterketa baten arabera, nagusiki bost aukera ikertu dituzte, eta bi norabide: Iruñetik Gasteizerantz edo Ezkiorantz.

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko urtarrilak 9

Obretan ari dira han eta hemen, baina lotuneen gaia hutsune handia da oraindik. AHT abiadura handiko trenaren bideak nola lotuko dituzten, hasi da egoera zehazten pixkanaka. Orain bi aste eman zuten Burgos-Gasteiz arteko proiektuaren berri, eta gaur iragartzekoa dute nondik lotuko dituzten Euskal Y-a eta Nafarroako bidea. Bi norabide dituzte aukeran: Gipuzkoa alderantz jo, Ezkiora, edo Arabara, Gasteizera. Bost proposamen jarri zituen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak, Sener ingeniaritza etxeak egindako ikerketa batean oinarrituta. Dokumentu hori eskuratu du BERRIAk. Bost proposamenetan bi aukera eskaini dituzte ingeniariek: egungo trenbidea baliatzea edo berria eraikitzea. Dirutan alde handia dago batera edo bestera jo.

Euskal Herrian izango da gaur Iñigo de la Serna, Espainiako Sustapen ministroa. Goizean Iruñean du agerraldia egitekoa, Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko lotunea nondik joango den azaltzeko; arratsaldean Gasteizen izango da, eta hizpide izango du Gasteiz eta Burgos arteko lotura ere. Ez da AHTaren Arabako proiektu bakarra: Logroño-Miranda Ebro arteko bidea Arabako lurretatik igarotzekoa da, Arabako Errioxatik, eta kezka sortu da mahastietatik pasatuko delako. Erakunde batzuk ere aurka agertuak dira jada, kaltea ekarriko duela argudiatuta.

Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko loturari dagokionez, uztailean bilera bat egin zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Orduan adostu zuten «aukera bideragarrienak» ikertzea: Iruñea-Gasteiz eta Iruñea-Ezkio. «Ikuspegi teknikoa eta ingurumenarena» aipatu zituzten bideragarritasunarekin lotuta, eta baldintza gisa jarri zuten «Europako estandarrak» betetzea lotura horrek. «Plataforma berriak» aipatu zituzten, alegia, trenbide berriak. Eta bakoitzaren «abantailak eta eragozpenak» zein diren ikertzea.

Gasteiz alderako bideak

Espainiako Sustapen Ministerioaren gain egon da azterketa hori, eta gaur emango ditu ondorioak. Bada, hala ere, aurretiazko agiri bat, ministerioaren ikerketaren nondik norakoak aurreratzen dituena. Iazko otsailean egin zuen Sener ingeniaritza enpresak, eta Euskotrenen zigilua darama. Nafarroako linearen loturak aztertu dituzte txostenean: Zaragozarakoa, Logroño eta Miranda Ebrorakoa, eta Euskal Y-rakoa. Batez ere azken horri buruzkoa da lana.

Adituek bost aukera taxutu dituzte, ibilbide eta gastu desberdinekoak. Guztiek, hala ere, oinarri bera dute abiapuntutzat: Iruñean orain dagoen «kiribila» kentzea, eta Irurtzuneraino «saihesbide» bat eraikitzea, hamabost bat kilometrokoa. Bi errai edukiko lituzke Irurtzunerako bideak, eta 160 milioi euro inguruko kostua luke.

Lehen bi aukeretan proposatu dute Iruñetik Gasteizera egitea lotura, Sakanatik barrena. Trenbidea badago orain ere tarte horretan. Bi aukera daude. Bat, oraingo trenbidea baliatzea: Iruñea eta Altsasu artean bidea bikoiztea, edo, bikoiztuta dagoen lekuetan, hirugarren erraila jartzea; Altsasu eta Gasteiz artean, jada bikoiztua dagoenez, hirugarren erraila jartzea. Beste aukera da trenbide berri bat eraikitzea; gaur egungo trenbidearen parean egingo lukete berria.

Badago aldea, badagoenez. Batetik, gastua: oraingo bidea baliatzekotan, 773 milioikoa litzateke gastua; berria egitekotan, 998 milioikoa. Bestetik, ingurumen eragina: jada eraikia dagoen eremua erabiltzeak eragin txikiagoa luke, txostenean adierazi dutenez. Azpiegitura berriaren aldeko argudioak ere badituzte, baina: gaitasun handiagoa luke, eta oraingo trenbideari ez lioke eragingo. Bidaia denborei dagokienez, bide berriak bost minutuko aurrezkia ekarriko luke Iruñetik Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko.

Ezkio aldera

Beste aukera bat da Ezkio aldera egitea. Proiekturik garestiena da: 1.597 milioi euro. Abantailei dagokienez, txostenean jaso dute denborak laburtzea ekarriko lukeela aukera horrek, eta gaitasun handiko trenbide berri bat izatea. Gastua jo dute trabatzat, eta ingurumen eragina —Aralar ingurutik pasatuko litzateke—. Gogoan izatekoa da Eusko Jaurlaritzak Ezkio jo izan duela egokitzat. De la Serna ministroak, hala ere, esana du «ingurumen eragina» faktore erabakigarria izango dela, eta Ezkiorako bidea pasatuko litzakeen eremua «balio handikoa» dela.

Sener etxearen txostenean badira beste bi aukera ere, tarteko proposamen gisa har daitezkeenak: oraingo bidea baliatzea, baina Ezkiorako lotura ere eginez. Bi aukera proposatu dituzte. Batetik, Iruñea-Ezkio bidea. Hiru zati: lehenik, Iruñea-Altsasu artean, egungo trenbidea bikoiztu, edo hirugarren erraila jarriko lukete; bigarrenik, Altsasu-Zumarraga tartean hirugarren erraila jarri; eta hirugarrenik, Zumarragatik Ezkiora saihesbide bat eraiki, errail batekoa, trenak AHT bidera iristeko. 950 milioiko kostua luke.

Beste proposamena obra handiagoa da: Ezkiorako bidearekin batera, Gasteiz alderakoa ere egitea. Alegia, Iruñea-Altsasu zatia berdin egin —trenbidea bikoiztu edo hirugarren erraila jarri—, eta, behin Altsasun, bi norabide hartu: bat, Gasteizera, oraingo trenbidea baliatuz, hirugarren errailarekin; bestea, Ezkiora, aurreko proposamenean bezala. 1.086 milioi euroko gastua edukiko luke bi norabideetarako proposamen horrek.

Oraingo trenbidearekin Ezkiorako eta Gasteizerako loturak egiteari buruz, txostenak dio proposamen onuragarriagoa dela ingurumen eta diru aldetik. Eragozpenetan, ohartarazi du eraikuntza egin artean arazoak sor litezkeela egungo tren zerbitzuan, linea kudeatzeko zailagoa litzatekeela —tren ohikoak eta abiadura handikoak lituzke—, eta Zumarraga-Ezkio zatia, errail bakarrekoa denez, «botila lepoa» izan litekeela.

Ministerioak aztergai izan ditu bi norabideak, Gasteizerakoa eta Ezkiorakoa, eta «plataforma berria» egitea aipatu du. Nolanahi ere, Sener etxeak dio orain dagoen trenbidea baliatzeak ez duela «hipotekatzen» aurrerago, «gaitasuna areagotu beharra sortuko balitz», beste trenbide bat eraikitzea. Irurtzun arteko bidea kasu guztietan egin beharrekotzat jo du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Baionako karrikak hutsik, atzo, etxeratze agindua dela eta. ©GUILLAUME FAUVEAU

«Lanean ari bazara, argiki izorratua zara»

Joana Ibargarai Leritza

Jean Castex Frantziako lehen ministroak ostegunean iragarri bezala, Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua 18:00etatik 06:00ak artekoa da orain, eta atzo izan zen neurria aplikatu beharreko lehen eguna.

Osasun langile bat antigenoen proba bat egiten. ©Gorka Rubio / Foku

Positibo gutxiago atzeman dituzten arren, tasa %7 da Hegoaldean

Berria

834 pertsonak eman dute positibo COVID-19a detektatzeko proban, bezperan baino ia 200 gutxiagok. Gero eta paziente gehiago daude ZIUetan.

Koronabirusaren kontrako txertoa. ©Guillaume Fauveau

Urkulluk dio «onartezina» dela txerto gutxiago jaso izana

Berria

Indurainek esan du Nafarroak «erreserba estrategikoa» duela datorren astean txertaketarekin segitu ahal izateko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna