Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Katalunian

Subiranistak erantzuteko prest daude

Kalera ateratzeko eta presoen askatasunaren alde lan egiteko asmoa adierazi dute Kataluniako alderdi independentistek

Quim Torra epaiari erantzuten, besteak beste, gobernuko kontseilarien babespean, atzo, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako alderdi independentistek epaiari erantzuteko beharra azpimarratu dute. Kataluniako Gobernuko presidente Quim Torrak «mendekutzat» jo du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta errepresioaren amaiera eta «preso politiko» eta erbesteratuentzat askatasuna eskatu ditu: «Errepresaliatu guztientzat amnistia». Preso diren buruzagi independentistek ere euren ideiak epaitu izana salatu eta borrokan jarraitzeko grina adierazi dute.

Torrak adierazi du Katalunia «garai larrian» dagoela, pertsona «bakezale eta ohoretsuen» aurkako epaiaren ondorioz: «Kondena irain bat da demokraziarentzat, eta mespretxua Kataluniako gizartearentzat». Presidenteak «epaiketa politiko baten barruan» kokatu du epaia, eta «bidegabea eta antidemokratikoa» dela salatu du. Horrez gain, Espainiako presidente Pedro Sanchezekin eta Felipe VI.a erregearekin hitz egiteko asmoa adierazi du.

Kataluniako presidente kargugabetu Carles Puigdemontek, berriz, «astakeria» hitza erabili du epaia definitzeko: «Ez dago hainbesteko lotsa estal dezakeen propaganda operaziorik».

Azaroko Espainiako Gorteetarako JxCat koalizioaren hautagai Laura Borrasek azpimarratu du epaiari «hautetsontzi eta politika gehiagorekin» erantzuteko beharra. «Bide posible bakarra» independentzia dela ere gehitu du, estatuak politika «lurperatu» duenean. PDeCATeko presidente David Bonvehik ere «ideien kriminalizazioa» gaitzetsi du. Independentismoaren aurkako epaia dela nabarmendu du Bohevik, are gehiago, «nazio oso baten aurkakoa».

ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek azaroaren 10eko hauteskundeetan jarri du begia: «Estatuak gaur eman du epaia. Azaroaren 10ean Kataluniak emango du berea». Alderdi subiranistakhonela definitu du epaia: Lluis Companysen fusilamendutik Kataluniak jasotako «erasorik handiena»; eta «koldar eta usteltzat» jo du Espainiako Estatua.

CUPek, berriz, karriketara irteteko deia egin du: «Desobedientzia garaia da». Espainiako Kongresurako zerrendaburu Mireia Vehik gogor jo du Madrilen aurka: «Espainiako Estatua errepresioaren, zentsuraren, jazarpen politikoaren, 155.aren aplikazioaren, beldurraren politikaren eta preso politikoen gainean sostengatzen da». Vehik estatuko herri guztiei bidali die mezua: «Independentziaren aldeko borroka erregimenaren, monarkiaren eta Ibex 35aren aurkakoa da».

Catalunya en Comu ere «suminduta» agertu da epaiarekin, eta salatu du «aurrekari onartezin bat» ezarri duela. «Manifestatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna eta desobedientzia zibila sedizio delituarekin lotzea gaitzesten dugu», nabarmendu dute. Horrez gain, Kataluniako indar politiko eta sozial guztiei dei egin diete erantzun «transbertsal eta bateratua» emateko. Bartzelonako alkate Ada Colauk nabarmendu du agerian geratu dela judizializazioaren «bertsio okerrena»: «Krudelkeria bat da».

Sindikatu independentistek «oinarrizko eskubide eta askatasunak» defendatzeko deia egin diete herritarrei. Intersindical-CSC sindikatuak adierazi du zilegizko epai bakarra absoluzioa litzatekeela, eta IAC sindikatuak amnistia lege baten beharra aldarrikatu du.

Kataluniako UGTk ere azaldu du presoen askatasunaren alde lan egingo duela, eta ohartarazi du epaiak ondorioak izan ditzakeela «herritarren eskubide politikoen eta manifestazio, adierazpen eta libreki elkartzeko eskubideetan».

Bestelako ikuspuntu bat azaldu du PSCk. Alderdiko buru Miquel Icetak adierazi du epaia «buruzagi independentistek legea haustean eginiko akatsaren» ondorio dela, eta «politikaren porrota» erakusten duela. Icetak «etapa berri bat» irekitzeko beharra azpimarratu du, «legedia eta erakundeak errespetatuz».

Ciudadanos alderdiko kide Ines Arrimadasek ere epaia errespetatzen duela azaldu du, baina presoek izan ditzaketen «onurei» so egongo direla: «Galdera da zenbat denbora pasatuko duen jende honek espetxean». Kataluniako PPko presidente Alejandro Fernandezen ustez, berriz, epaiak garbi utzi du inor ez dagoela legearen gainetik: «Espainia demokrazia handi bat da, botere banaketa oso batekin».

Mina senideen artean

Diana Ribak, ERCko eurodiputatua eta Raul Romeva buruzagi presoaren emazteak, politika egiten jarraitzeko asmoa adierazi du, «erakundeetan eta kalean, falta izan zaigun justizia aurkitu arte».Oraintxe bertan «mina» sentitzen dutela ere adierazi du Twitter bidez zabaldutako mezu batean: «Horixe sentitzen dugu gaur etxean, eta horixe sentiarazi nahi digute denbora luzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.