Katalunia

CDRek ez dute amore emango «estatu zapaltzailearen» aurrean

Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren harira kalean gertatzen ari diren protestak ere judizializatu nahi ditu Espainiako Estatuak. Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak herenegun ohar baten bidez jakinarazi zuenez, CDR Errepublikaren Aldeko Batzordeek egindako ekintzetan matxinada deliturik ba ote dagoen ikertuko du. Mehatxu horri erantzunez, «prentsak zein fiskaltzak» haien jarduna «kriminalizatzeko» egindako ahaleginak salatu dituzte CDRek, Twitterreko haien kontuan argitaratutako komunikatu batean. Ohartarazi dute, gainera, ez dutela estatu«zapaltzaile eta faxistaren» aurrean amore emango. «Ez gaituzte geldituko!».

Katalunian azken hilabeteotan bizitzen ari diren egoera salatzeko asmoarekin, CDRek hainbat ekintza egin dituzte, eta horien kopurua nabarmen areagotu dute azkeneko bi asteotan, Carles Puigdemont presidente ohiaren atxiloketaren eta hainbat politikariren espetxeratzearen ondoren. Esaterako, moztu dituzte errepideak, eta okupatu autobideetako ordaintokiak.

Fiskaltzaren oharraren arabera, «onartezinak» dira batzordeen ekintza «bandalikoak», eta helburu dute «ordena konstituzionala» iraultzea. «Irmotasunez» jokatuko duela iragarri du.Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, jarrera «biolentoa eta larderiazkoa» dute CDRek, eta atzo nabarmendu zuen gobernuak haiei aurre egingo diela, eskura dituen «baliabide polizialak eta judizialak» erabiliz.

PPk, PSOEk eta Ciudadanosek CDRen jarduna kritikatu ondoren kaleratu zuen oharra fiskaltzak. PPko Javier Marotok adierazi zuen, besteak beste, «kale borroka» ekartzen diotela gogora batzordeen ekintzek. PDeCATek eta ERCk Marotoren hitzak arbuiatu dituzte, eta CUPek, berriz, batzordeak jasaten ari diren «kriminalizazioa» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.