Gorenak ebatzi du baimenik gabeko ukitu guztiak abusuak direla

«Sexu grina asetzeko ukituak» hertsatze arin gisa epaitzen zituzten orain arte. Antzeko zigorra izanen dute: sei hilabete eta bi urte artekoa

Erredakzioa
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezarri du: orain arte, hertsatze arin gisa epaitzen zituzten baimenik gabe eginiko ukituak, baina hemendik aurrera abusu izaera izanen dute. Hala izango dira erasotzaileak biktima ukitzen duen kasuetan, eta baita erasotzaileak biktimari bere burua ukiarazten dionean ere. Kasu guztietan, ukituek «atsegin sexuala lortzeko intentzioz» egindakoak izan behar dute.

Aldaketak delituaren izaerari eraginen dio —«sexu askatasunaren aurkako eraso» gisa epaituko dituzte—, baina ez ditu zigorrak nabarmen gogortuko. Hertsatze arinagatik jarritako zigorrak honakoak dira: hiru hilabete eta bi urte arteko kartzelaldia, edo sei eta 24 hilabete arteko isuna. Abusu sexualengatik ezarriko direnak, berriz, apur bat gogorragoak dira: sei hilabetetik bi urtera arteko kartzelaldia, edo 18 eta 24 hilabete arteko isuna.

Jurisprudentzia ezartzeko baliatu duen epaian, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak ez dio arrazoirik eman salaketa jarri duen emakumezkoari. Kordobako Lurralde Auzitegiak (Espainia) gizonezko bat absolbitu zuen, abusuak egitea egotzita egindako epaiketan. Salaketa jarri zuen emakumeak Gorenera jo zuen orduan. Magistratuek epaian esan dute baimenik gabeko ukituak gertatzen diren kasuak sexu abusu direla, baina kasu honetan ez dagoela frogatuta hala gertatu zenik. Izan ere, epaileen arabera, ukituak egin zituenak ez zituen egin «atsegin sexuala lortzeko intentzioz».

Salaketak 2015eko abuztuko gertakari bati egiten dio erreferentzia. Epaiaren arabera, gizonezko batek emakumezkoa ukitu zuen bularrean eta gerrialdean «une batez», komuneko giltzak kentzeko. Hori baino lehenago, atzetik jarraitu zion korrika, eta komunera berarekin sartzen saiatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.