EEPk gutuna bidali dio Parisi, murgiltze eredua defendatzeko

Gorault ministroa esperimentazioaren kontra mintzatzeak «nahasmendua» sortu du, EEPren ustez. Eredua etetea «pentsaezina» dela dio

Iñaki Etxeleku.
Baiona
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ihardukitze franko eragin dute Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko Harremanetarako ministroaren hitzek. Erran zuen eskola publikoetako ama eskoletan murgiltze ereduaren garatzea ez zela legezkoa, eta orain, hari erantzunez, elkarrekin izenpetu dute gutun ireki bat Beñat Arrabit EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Benedicte Luberriaga EEPko lehen lehendakariorde eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariaren ordezkoak, eta Mathieu Berge EEPko bigarren lehendakariorde eta Akitania Berriko lehendakariaren ordezkoak. Sinatutakoa bidali diete Edouard Philippe Frantziako Lehen ministroari, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroari eta Jacqueline Gouraulti berari.

«Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko Harremanetarako ministroaren erranak ezin ditugu estatuaren erantzun ofizial gisa kontsideratu», diote gutunean. «Nahasmendua sortu dute, eta elkarte eta politika eremuko hainbat arduradunen erreakzioak elikatu dituzte». Heldu den ikasturtean Ainhoa (Lapurdi), Angelu (Lapurdi) eta Irisarriko (Nafarroa Beherea) ama eskoletan irekitzekoak ziren murgiltze esperimentazioak blokeaturik gelditu direnez, beren asaldura agertzen dute EEPko arduradunek egoera berriaren aitzinean.

Azken urte hauetan, Hezkuntza Ministerioarekin adostu hitzarmen arautu batzuen bidez bideratu dira lurraldean halako esperimentazio berberak. «EEPk eta Hezkuntza Nazionalak euskara irakasle behar handiei erantzuteko finantzamendu handiak engaiatu, engaiatzen eta engaiatuko dituzten unean, eta indar horiek beren fruituak ematen ari diren une honetan, gure iduriko pentsaezina da murgiltze garapenaren etetea». Ohar horrekin bukatu dute gutun irekia. «Hezkuntza Ministerioari eta hunkiak diren beste ministerioei dei bat helarazi nahi diegu, irakaskuntza publiko eta katolikoko murgiltze ereduko sailen garapena euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren garapen politikan behin betiko integra dezaten».

Gutunean, bestalde, ministroei esplikatu diete murgiltze esperimentazioak nola antolatuak diren, zenbat oren kopururekin. Oroitarazi diete eskola publikoetako umeen gurasoek dutela hautatzen, eta, beraz, ez direla nehondik ere behartuak. Esperimentazioak arautzen dituzten azken urteetako erakunde publikoen arteko hitzarmenak oro gogorazi dizkiete. Azkenik, azpimarratu dute guziz inguru frantsesean handitzen den haurrari euskararen ezagutza hobea bermatzen diola murgiltze ereduak, «obratua den politika publikoaren eraginkortasunaren arrazoien» izenean.

Apirilaren 4an egin zituen adierazpen horiek Jacqueline Gorault ministroak. Alsaziako lurralde kolektibitateari buruzko eztabaidan, eskola publikoetan murgiltze eredua ezartzearen kontra mintzatu zen: «Murgiltze ereduan atzerriko ala eskualdeko hizkuntza baizik ez da irakasten, guk bultzatu nahi dugun irakaskuntza elebidunean ez bezala. Murgiltze eredua posible da ikastetxe pribatuetan, baina ez publikoetan, gurasoei ezin zaielako inposatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.