Baretu ordez, areagotu egin da tentsioa

Protestariek Hong Kongeko aireportua berriro blokeatu dute, eta hegaldiak bertan behera utzi dituzte bigarren egunez jarraian

Atzo ere borrokak egon ziren manifestarien eta polizien artean, Hong Kongen. LAUREL CHOR / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Tentsioak ez du behera egiten Hong Kongen. Krisi politikoa ekain hasieran hasi zen, eta egunak pasatu ahala areagotzen ari da. Atzo, Txinako eskualde autonomoko administrazioaren kontra protesta egiten ari diren manifestariek berriro okupatu zuten hiriko aireportua, eta, horrenbestez, agintariek hegaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten bigarren egunez jarraian. Manifestariek erreforma demokratikoak eskatzen dizkiote administrazioari, eta kexu dira, gainera, Poliziaren bortizkeria dela eta. Atzo, baina, Carrie Lam gobernadoreak istiluen kontrako agenteen lana defendatu zuen berriro, eta protestariei ohartarazi zien eskualdea «itzulerarik gabeko bide batera» eramaten ari direla. «Horrek egoera kezkagarri eta arriskutsu batean hondoratuko du Hong Kongeko gizartea», nabarmendu zuen. Atzo ere borrokak izan ziren manifestarien eta polizien artean.

Jasotzen duen bidaiari kopurua aintzat hartuta, munduko aireporturik garrantzitsuenetan zortzigarrena da Hong Kongekoa. Agintarien esanetan, herenegun hirurehun hegaldi utzi zituzten bertan behera, eta atzo han 16:00ak zirenean jakinarazu zuten hegaldiak bertan behera geratzen zirela. Manifestariak joan den ostiralean hasi ziren aireportua okupatzen, eserialdi bat eginez. Haien esanetan, aireportua blokeatuz krisi politikoaren berri eman nahi diete nazioarteko bidaiariei. «Sentitzen ditugu sortutako arazoak, baina beste aukerarik ez dugu», irakur zitekeen aireportuan zabaldu zuten pankartetako batean

Polizia izaten ari den jarrera salatzen dute, gainera. Lehengo igandeko liskarren ondoren, 45 manifestari ospitaleratu behar izan zituzten zaurituta, eta horietako batek begi bat galdu du. Protestarien esanetan, polizia batek gomazko bala bat jaurti zion.

Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoak orain dela bi egun adierazi zuenez —1997ra arte Erresuma Batuaren kolonia izandakoaren auziez arduratzeko Txinako Gobernuak duen instituzioa da— ordea, igandeko liskarretan «terrorismo zantzuak» egon ziren. Pekinek salatu zuen manifestariek bi molotov koktel jaurti zizkietela agenteei. Horrenbestez, gobernuak protestariei mehatxu egin zien mobilizazioak «burdinazko ukabilarekin» sakabanatuko dituela. Hainbat aldiz egin ditu gisa horretako mehatxuak.

NBEren kezka

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak Poliziaren jarrera salatu zuen ohar batean. Bulegoaren esanetan, poliziek erabili dituzten neurriak nazioarteko arauen kontrakoak dira. Adibide bat jarri zuen: «Ikusi da, esate baterako, agenteak toki itxietan negar gasa jaurtitzen manifestariei, nahiz eta horrek zaurituak edo hildakoak eragin ditzakeen». NBEren agentziak, hortaz, gertatu dena «berehala» ikertzeko eskatu dio Hong Kongeko administrazioari. Baina Lamek Poliziaren jarrera babesten du: «Poliziek erabakiak hartzen dituzte une jakin batzuetan. Ezin da esan ezer txarra egin dutenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.