Bertze bidegurutze bat independentziarantz

Azaroan egitekoak zituzten hauteskundeak Groenlandian, baina gobernuak gaurko egunera aitzinatzea erabaki zuen joan den martxoan. Iaztik, aditu talde bat konstituzio baterako proposamen bat idazten ari da parlamentuaren aginduz, eta udazkenerako prest izatea espero dute.

Bertze bidegurutze bat independentziarantz.
mikel rodriguez
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Independentzia da Groenlandiako alderdi gehienen helburua. Beraz, bai, herriaren agindu bat da». Hauteskundeak dituzte gaur Groenlandian, eta, azkeneko bozketetan bezala, espero da alderdi independentistek gehiengo zabal bat lortuko dutela. Horregatik, Mikkel Moeller Schoelerrek uste du bultzada bat izanen dela independentziarantz. Siumut Groenlandiako alderdi independentista historikoaren aholkulari politikoa da Schoeler. 1979az geroztik, parlamenturako hauteskunde guztiak irabazi ditu, 1982koak eta 2009koak izan ezik, eta gobernuko koalizioko alderdi nagusia da gaur egun —Siumutekoa da Kim Kielsen, lehen ministroa—. Azaroan egitekoak zituzten hauteskundeak, baina Kielsenek gaurko egunera aitzinatzea erabaki zuen joan den martxoan. Izan ere, herrialdea bidegurutze kutsuko garai politiko batera ailegatu da: udazkenerako konstituzio proposamen bat prest izatea espero dute, eta gobernua Danimarkatik burujabe eginen dituen oinarri ekonomiko bat bilatzeko lan nekeza bururatu nahian ari da.

Munduko herrialderik berezienetako bat da Groenlandia. Kokapen geografiko berezia du, eta klima artikoak baldintzatzen du herrialdeko bizimodua. Munduko uharterik handiena ere bada, baina biztanle gutxien dituzten herrialdeen artean dago: 56.000 inguru baino ez ditu, Gipuzkoako Irun hiriak baino gutxiago —horietako 17.000 inguru Nuuk hiriburuan bizi dira—. Schoelerrek BERRIAri azaldu dio biztanle gutxi izatea abantaila bat izan litekeela: «Azkartu egiten du gure demokrazia. Arazoren bat dagoenean, jendeak ez du hedabideek zerbait errateko zain egon behar gai hori sistema politikora ailegatu dadin, politikari bat edo bi ezagutuko dituztelako zuzenean solas egiteko».

Ulrik Pram Gadek ere nabarmendu du «alde batetik» bertze herrialdeetan baino txikiagoa dela herritarren eta politikarien arteko tartea, familia loturengatik, hezkuntzaren eta lanaren ondoriozko populazio mugimenduarengatik eta Facebookengatik. «Facebook erraldoia da Groenlandian, eta eztabaida politikorako tresna nagusia da», adierazi dio BERRIAri. Hala ere, zehaztu du badagoela «bertze alde bat». «Tarte handia dago elite txiki baten —Nuukekoa gehienbat, politikariak barne— eta periferiako herri txikien artean. Gini koefizientearen maila [desberdintasun sozialak neurtzen ditu] ezin handiagoa da, Latinoamerikan bezala». Groenlandiako politikan aditua da Gad, eta 1998-2004 artean hango gobernuarentzat lan egin zuen. Danimarkako Aalborg Unibertsitateko irakaslea da gaur egun.

Arazo sozialek eta ekonomikoek izan dute protagonismoa kanpainan, bizi maila hobetzearekin zuzenean lotuta dauden auziek. Independentziari buruzko eztabaida ere zuzenean dago lotuta gai horiekin. «Independentistek hamarkadatan izan dute gehiengoa. Zera dago eztabaidagai: noiz eta nola prestatu, gehienbat baliabide ekonomikoei eta giza baliabideei dagokienez. Egin diren inkesta eskasek erraten dute gehiengo handi batek eginen duela independentziaren alde; baina, era berean, gehiengo handi batek independentzia nahi duela soilik ongizate mailari eragiten ez badio», azaldu du Gadek.

2009an lortu zuen Groenlandiak gaur egun duen autogobernu zabaleko estatusa. Orduz geroztik, alderdi independentisten eztabaidagai nagusia izan da independentziaranzko bidearen erritmoa. Iaz, alderdi berri bat sortu zen Siumutetik bananduta, Nunatta Qitornai (Gure herrialdearen ondorengoak), eta gobernuko alderdiak baino bizkorrago egin nahi du bidea. Aleqa Hammond lehen ministro ohia eta Vittus Qujaukitsoq Merkataritza ministro ohia dira liderrak. Hammondek dimisioa eman zuen 2014an, funts publikoak bidegabe erabili zituela jakin ondoren, eta Siumutetik kanporatu zuten 2016an. «Danimarkarekin gogorrago negoziatu nahi dute», azaldu du Gadek. «Diputatu bat edo bi lortuko dituzte, eta ez du funtsezko deus aldatuko».

Schoelerrek dioenez, zatiketa horrek ez du aztoratu Siumut. «Ez gara bertze alderdiez arduratzen. Gure helburuak dauzkagu, eta gogor lan egiten dugu horien alde, eta gure alderdiarentzat eta nazioarentzat onena dela uste dugun bide inklusibo eta errespetuzko baten alde». Ezuste handirik ezean, berriz ere Siumuten eta Inuit Ataqatigiit ezkerreko bertze alderdi independentistaren artean izanen da lehenbiziko alderdia izateko lehia.

Bi konstituzio posible

Hauteskundeetatik aterako diren parlamentuak eta gobernuak konstituzio proposamena eta burujabetza ekonomikoa izanen dituzte berehalako erronka. «Groenlandiako Parlamentuak batzorde bati eskatu zion konstituzio bat idazteko, bi bide kontuan hartuta», azaldu du Gadek. «Testu batek bateragarria izan behar du Danimarkako Konstituzioarekin, Faroe uharteetakoak bezala. Eta bertze testu batek, berriz, Groenlandiako estatu independente batentzako izan behar du». Aalborg Unibertsitateko irakasleak kontatu duenez, Lars Loekke Rasmussen Danimarkako lehen ministroak Groenlandiako agintariei erran die bigarren testua erreferendumera eramaten badute, «sezesio erabaki baten baliokidea» izanen dela, eta, hortaz, Danimarkak diru laguntzak kenduko dizkiola Groenlandiari.

Izan ere, diru laguntza horiek dira independentisten buruhausterik handiena. Arrantza da oraindik Groenlandiako jarduera ekonomiko nagusia, eta esportazioen ia %90 hartzen du. Independentistek espero zuten meatzaritza garatuz eta turismoaren bidez gaindituko zutela dependentzia, baina Gadek dio ez dutela inolaz ere lortu. Schoelerrek, ordea, gobernuaren lana defendatu du. «Gogor egin dugu lan ekonomia eraikitzeko. Barne produktu gordinaren hazkunde tasa handiak ditugu, eta lanpostu anitz sortu ditugu». Gobernuak bultzatu dituen hainbat neurri aipatu ditu: ur edangarria upelean esportatzeko lege bat onartu du —«ia hornidura mugagabea dugu»—, nazioarteko aireportuak eraikitzen ari da turismoa erakartzeko —«inbertsoreak ilara egiten ari dira aukeraz baliatzeko»—, neurriak hartu ditu meatzaritzarako esplorazioa bultzatzeko, baliabide gehiago paratu nahi ditu arraina esportatu aitzinetik prozesatzeko... «Ekonomia eraikitzea ez da legegintzaldi bateko kontua. Beti erran dugu independentzia dugula helburu, eta, pausoak pixkanaka ematen baditugu, garaiz ailegatuko gara».

Eskubidea guztiz bermatuta

Beraz, Groenlandiak bere ahalmenetan du buruhauste nagusia,eta ez du beldurrik metropoliak indarrez trabarik paratuko ote dion. «Danimarkako legeak %100ean bermatzen du independentziarako eskubidea 2009az geroztik, nahiz eta politikari daniar gutxi batzuek erraten duten 2009ko legea aldebakarreko erabakiz baliogabetu litekeela», azaldu du Gadek. Artikoa eremu estrategikoa baita, eta Danimarkak Groenlandiaren bidez bermatzen du bere presentzia. Horrek ez du kezkatzen Schoeler, Artikoa «aspalditik» izan baita estrategikoa. Are gehiago: aukeratzat ikusten du, eta uste du nazioartearen interesa erakartzen ari direla. Hain zuzen, Gaden ustez independentistak hori beren alde erabiltzen ari dira. «Bazkide posibleak erakartzeko baliatzen ari dira, Danimarkarekin duten dependentzia dibertsifikatzeko ahaleginean harremana handituzTxinarekin, Islandiarekin, Kanadarekin, Europako Batasunarekin eta AEBekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.