Autoen CO2a murriztea adostu du EBk

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak itundu dute 2030. urterako autoek %37,5 CO2 gutxiago igorri beharko dutela

Auto baten ihes hodia, Audi konpainiaren egoitzaren aurrean, Ingolstadten (Alemania). ARMIN WEIGEL /EFE.
xabier martin
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ezin zuen bestela izan Europako Batasunean: erabaki salomonikoa hartu dute autoen CO2a gutxitzeko bidean. Legea izan dadin Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartu beharko dute, baina erakunde biek adostu dute zenbat CO2 gutxiago igorri beharko duten autoek: 2021. urtetik 2030. urtera, %37,5 gutxiago. Helburu horren bidean, beste xede bat ezarri dute: 2025erako %15 murriztea. Furgoneten kasuan, %31 izango da jaitsiera.

Adostasun horrek ez ditu gogobete ingurumenaren aldeko ahalegin handiagoa eskatzen zutenak; besteak beste, Herbehereak eta Suedia. Baina haserretu egin ditu autogintzaren motor handi direnak, batez ere Alemania. Europako Batzordeak %30 jaitsi nahi zituen autoen CO2 igorpenak 2030erako; kontseiluak %35 proposatu zuen; eta %40 parlamentuak. Salomonen erara, %37,5ean utzi dute helburua kontseiluak eta parlamentuak, erakunde bien arteko laugarren negoziazio saioaldian.

Alemaniak 423.000 milioi euroko negozioa dauka autogintzaren sektorean, eta alor horretako patronalak oso gaizki hartu du albistea. «Kezka larria» adierazi du, helburuak eskatzen duelako «ezinezko ahalegin bat, orain non gauden kontuan hartuz». ACEA Europako patronalak uste du «erabaki politiko petoa» dela %37,5eko helburua, «errealitate teknologikoa eta sozioekonomikoa aintzat hartzen ez dituena». Eta mehatxu zuzena ere utzi du mahai gainean: «Zalantzarik gabe, helburu horiek eragin zabala izango dute enpleguan, balio kate osoan». 13,3 milioi langilek dihardute sektore erraldoian, Europan.

Batasunaren kutsadura igorpen guztien %12ren erantzulea da motorraren industria. «Arautegi berriak eragingo du kontsumitzaileek gasolina aurreztea. Berrikuntza bultzatuko du sektoreko industrian, zero igorpenaren bidean, eta ibilgailu garbien lidergoan sendotuko du», esan zuen Energia komisario Miguel Arias Cañetek, atzo.

Erritmoaren eztabaida

Talde ekologista askok zalantzan jarri dute horrelako helburu bat nahikoa ote den Parisko Ituna betetzeko. Erabakia, edonola ere, COP24 klimaren goi bileraren ondoren iritsi da, egun gutxira.

Azken finean, autogintzan eraldaketa sakon bat egon behar duela islatu besterik ez du egiten EBk lortutako akordioak. Inork ez du zalantzan jartzen eraldaketa hori. Benetako eztabaida erritmoak dira: auto garbirako bidaian motelegi joateak ondorio oso larriak eragin ditzakeelako ingurumenean, Europako hiri handietatik hasita; eta, aldiz, azkarregi joateak Europako industriaren erraldoi handiena, autogintza, gehiegi higatu dezakeelako, enpleguari eta ekonomiari kalte eginez. Asmatzea ez da erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.