Dimisioa eman du Errusiako Gobernuak

Putinek konstituzioari buruzko erreferendum bat iragarri eta gutxira jakinarazi du Medvedev lehen ministroak kargua uzteko erabakia

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Dmitri Medvedev lehen ministroa, iragan maiatzean, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Bastida Alzuru
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Konstituzioan aldaketa batzuk ezartzeko nahia adierazi zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak, eta horretarako erreferendum bat egitea proposatu zuen. Parlamentuaren eskumenak zabaldu nahi ditu estatuburuak, eta Ordezkarien Ganberaren esku utzi lehen ministrorako hautagaia berresteko betebeharra —orain arte oniritzia baino ezin zuen eman—. Era horretan, presidenteak ez du izango ganberak onartutako hautagaitzei ezezkoa emateko eskumenik. Hala ere, gobernuburua kargugabetzeko eskubidea izaten jarraituko du, hark dagozkion erantzukizunak «betetzen ez baditu» edota presidentearen «konfiantza» galtzen badu.

Putinek hitzaldia egin eta minutu gutxira jakinarazi zuen Dmitri Medvedev lehen ministroak gobernuaren dimisioa, eta, ondorioz, aldaketei ekiteko bidea eman dio estatuburuari. Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, Putinekin izandako bilera batean eman zion erabakiaren berri, eta haren esku utzi du dimisioa onartu edo atzera botatzea. Medvedeven beraren arabera, «zilegia da», konstituzioa aldatu behar bada, egun dagoen gobernuak kargua uztea. Bestalde, nabarmendu zuen egin nahi diren «funtsezko» aldaketek botereen arteko «oreka» ekarriko dutela.

Errusiako presidenteak ez zuen egin adierazpenik erabakiari buruz, baina estatuburuak gobernu berria osatu artean jarraitu beharreko urratsak zehaztu zizkion gobernuburuari, eta eskerrak eman zizkion «taldean egindako lanagatik». Halaber, estatuburuak Mikhail Mixustin zerga agentziako burua proposatu zuen Medvedevek utzitako lehen ministroaren kargua hartzeko. Behe ganberak bihar eztabaidatuko du hautagaitza.

Berrikuntza zerrenda

Putinek hainbat aldaketa egin asmo ditu. Horien artean dago konstituzioa nazioarteko legedien gainetik egotea, baita presidentetzarako hautagaiek bete beharreko baldintzak zorroztea ere. Hain zuzen, asko mugatu nahi du presidentegai izateko aukera: atzerriko herritartasunik gabekoak eta azken 25 urteetan Errusian bizi izan direnak —hamar urte dira egun— soilik aurkeztu ahal izango dira. Horrez gain, bi agintalditara zedarritu nahi du. Orain indarrean dagoen konstituzioak kargua uztera behartzen du presidentea bi agintaldi jarraian osatutakoan, baina geroitzultzeko aukera zabalik lagata. Horrek ahalbidetu zion Putini 2012an berriro estatuburu izatea, 2000. urtetik 2008ra kargu hori bete ondoren. Orain, osatu ahal dituen agintaldiak beteta, 2024an amaituko litzateke haren legealdia.

Medvedev bera ere estatuburu izana da Putin lehen ministro zela —2008 eta 2012 bitartean—. Gero, Putin estatuburu izatera itzuli zenean, Medvedev aukeratu zuen gobernua zuzentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.