Amnistiari aho batez ezetz

Ipar Irlandako Parlamentuak baztertu egin du gatazka garaiko auziak preskribatzeko proposamena

UVF talde paramilitar unionistaren mural bat, Belfasten. PAUL MCERLANE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ipar Irlandako gatazka garaiko krimenak preskribatzearen kontrako jarrera argia agertu dute Stormonteko parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek. Ipar Irlandako Parlamentuak aho batez bozkatu zuen, atzo, preskripzio horri bide emateko Erresuma Batuko Gobernuak iragarria zuen egitasmoaren kontra. Kritika bertsuak egin zituzten guztiek, baita gatazka horretan etsai izan ziren sektore politikoek ere. Salatu zuten giza eskubideen urraketen erantzuleek amnistia jasoko luketela «de facto», eta biktimei «justizia» eskuratzeko bide oro itxiko litzaiekeela. Bake prozesuak aurrera egin dezan, biktimak «erdigunean» jartzea ezinbestekoa dela adierazi zuten.

Londresek joan den astean aurreratu zuen berria: Brandon Lewis Estatu idazkariak esan zuen 1970eko hamarkadatik Ostiral Santuko Akordiora artean izandako hilketen eta bestelako eskubide urraketen preskripzioa proposatuko zutela, eta Boris Johnson lehen ministroak adierazi zuen neurriak iragana atzean uzteko balioko zuela. Onartuko balitz, armadako soldaduei eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kide izandakoei eragingo lieke.

Haserrea eta kezka piztu zuen iragarpenak. Egitasmoaren kontra agertu ziren Erresuma Batuko oposizioko alderdiak eta Ipar Irlandako guztiak. Kritiko mintzatu zen Irlandako Errepublikako Gobernua ere. Indarkeria politikoaren biktima talde bat Downing Streetera joatekoa da hurrengo egunetan, Johnsonen gobernuari neurriaren kontrako eskutitz bat helaraztera.

«Ez litzateke onargarria izango munduko beste edozein demokrazia modernotan». Nichola Mallon Ipar Irlandako Azpiegitura ministro eta SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako parlamentariak Londresen proposamena «desatsegina» dela salatu zuen atzo, parlamentuko eztabaidan. «Biktimak eta haien senideak bizi osorako sufrimendura zigortuko lituzke, itxaropena, egia eta justizia ukatuta». Haren ustez, biktimak «errealistak» dira. Badakite inork ezin diela ziurtatu justizia lortuko dutela, «baina zuzen daude: inork horretarako aukera ukatzea ez da onargarria».

Bestalde, Londresi egotzi dio proposamena inolako akordiorik bilatu gabe iragarri izana. «Aldebakarreko mugimendua izan da». Alderdi Kontserbadoreak sortu duen «arazo» bati emandako «erantzuna» da, Mallonen iritziz. «[Armadako] Beteranoen errenkada amaigabe bat epaitzen ari direla dioen mito faltsua sortu dute».

2005ean gauza bera gertatu zela nabarmendu zuen SDLPko parlamentariak. «Biktimek amnistia baztertu zuten orduan». Mallonen ustez, Londresen urratsa gainerakoentzako «dei bat» izan behar da, erreakzionatu eta biktimak «erdigunean» jartzeko.

«Milaka herritar traizionatuta eta baztertuta» sentitu dira Erresuma Batuko Gobernuaren egitasmoarekin, Mervyn Storey DUP Alderdi Demokratiko Unionistako parlamentariaren esanetan. Haren iritziz, eztabaidaezina da denborak aurrera egin ahala auzipetzeek geroz eta zailtasun handiagoak dituztela; «baina erantzuna ez da biktimei legezko bideak ixtea». Hainbat kasuren gaineko ikerketekin jarraitzea «oraindik posiblea» dela ziurtatu du, eta «moralki gaitzesgarria» iruditu zaio Londresen jokabidea.

Michelle O'Neill Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko parlamentariaren iritziz, «Londresek prestutasun handiagoa du legezko sisteman kaosa eragiteko, bere gerra zikinaren ondorioei aurre egiteko baino».Erresuma Batuko Gobernuaren proposamena «aukera» gisa interpretatu du, Johnsoni «erantzun bateratu bat emateko»: estatu indarren amnistia eta legezko prozesuen esku hartzea ez dira onargarriak.

Dublinen jarri du arreta Doug Beattie Ulsterreko Alderdi Unionistako buruak. Irlandako Errepublikan jatorria izan zuten erasoetako biktimei inolako laguntzarik ez ematea leporatu dio hango gobernuari. «Ez dira ezer ere ikertzen ari».

Gainerako indarrek egin bezala, biktimen «samina» eta «bazterketa» nabarmendu ditu Aliantzako buru Naomi Longek ere. Horrez gain, ohartarazi du Londresen planak eskubide urraketen egileak bultzatuko lituzkeela egindakoez «libre hitz egitera», jakingo zutelako ez zituztela epaituko inoiz ere. Diskurtso horiek «eragindako minaren inguruan eraikirako mitologia» areagotuko luke, haren ustez.

Alderdi Berdeak, Jendea Irabazien Aurretik alderdiak eta Claire Sugden unionista independenteak ere kritikatu egin dute eskubide urraketen zigorgabetasunari bide ematea.

Ostiral Santuko Akordioaren aurretik Ipar Irlandako gatazkarekin «zerikusia duten istiluak» preskribatzeko neurriaz gain, beste bi proposamen iragarri zituen Londresek: «egia jakiteko» batzorde bat eta «ahozko historiari» buruzko «ekinbide bat».

Egitasmoak kontuan hartuko lukeen denbora tartean, 3.500 lagun inguru hil zituzten Ipar Irlandan. Hango Polizia 1.200 kasu aztertzen ari da, Londresen esanetan. Johnsonen gobernuaren plana ez da lege bihurtuko 2022ko uda baino lehen, eta, beraz, ikerketek aurrera jarraituko dute urtebetez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.