Indian emakume bati su eman diote bost gizonek, auzitegira zihoala

23 urte zituen, eta duela urtebete bortxatu zutenen aurkako testigantza ematera abiatua zen

Su eman dioten 23 urteko emakumearen kontrako erasoa salatzeko manifestazioa, atzo, Kolkatan. PIYAL ADHIKARY / EFE.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Emakume bati su eman zioten atzo bost gizonek India iparraldean. 23 urteko andre bat da, eta bere bortxaketaren inguruko testigantza ematera zihoan. Raebareli hiriko (Uttar Pradesh estatua) auzitegira bidean zihoala egin zioten eraso, Unnao hirian. Atxilotu egin dituzte emakumeak identifikatutako bost gizonak. Duela urtebete bortxatu zuten, eta martxoan jarri zuen salaketa. Polizia iturriek esan dutenez, su eman diotenetatik bi zeuden salatuta; andrazkoaren bikotekidea eta gizonaren lagun bat, hain zuzen. Horietako bat bermea ordainduta aske zegoen azaroaren 30etik, eta bestea, Poliziatik ihesi.

Andrea Lucknow hiriburuko ospitalera eraman dute, gorputzaren %70 errea zuela. Supriya Sule Kongresu Nazionalista Alderdiko parlamentariak erasoa gaitzetsi du Twitter bidez, eta esan du eragotz zitekeela: «Ez zen hau pasatuko errudunak babestu ordez garaiz auzipetu izan balituzte. Uttar Pradesh estatuan ez dago inolako legerik».

Manifestazioak neurri eske

Indian bortitzak izan dira azken asteetan emakumeen aurkako erasoak. Horrek herritarrak asaldatu ditu, eta kalera atera dira bortxatzaileen aurkako lege neurriak eta zigor gogorragoak eskatzeko. Azaroaren 27an hasi ziren manifestazioak Indiako hainbat hiritan, emakume baten hilketa latzagatik. Gizon talde batek bortxatu eta ito egin zuen 26 urteko andre bat, eta gero gorputza erre zuen. Egun batzuk geroago, beste neska gazte bat bortxatu eta hil zuten.

Azken erasoek mahai gainean jarri dute Indian emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa. Datuak kezkagarriak dira: gobernuko iturrien arabera, gutxienez 32.000 bortxaketa erregistratu ziren 2017an. Datu erreala, ordea, askoz handiagoa dela uste dute. Indiako autoritateek hitzeman dute erasotzaileei zigor gogorragoak jarriko dizkietela, manifestarien eskaerei erantzunez. Yogi Adityanathek, Uttar Pradesheko gobernuburuak esan du bortxaketak ezin direla gizartean egon: «Gobernuaren lana da estatu honen alabak defendatzea. Bortxaketak eragozpen bat dira gizartearentzat. Horrelako ekintzek ezin dute gizartean lekurik eduki. Zigor gogorrak jarri behar zaizkie bortxatzaileei».

Halere, aktibistek «frustrazioa» azaldu dute gobernuaren promesen aurrean. Ohartarazi dute arazoa ez dela horrela konponduko, eta galdegin dute emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrizko arrazoietan eragitea. Salatu dute hilketen atzean «jarrera misoginoak» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.