Gonzalo Carrion. Hondarribiko arraunlari ohia

«Nahiago izan dut arrauna nik utzi, arraunak ni utzi aurretik»

Ia nahi gabe hasi zen arraunean, duela hogeita lau urte, eta badoa Gonzalo Carrion, arraunlari historikoetako bat. Isilik sartu, isilik jardun, eta isilik doa, irabaztea baino garaipen handiagoak barruan gordeta dituela.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2019ko irailak 19

Ehun bandera baino gehiago ditu irabaziak Hondarribiarekin.  Hogei urte osatu ditu Ama Guadalupekoa ontzian. Garaipen handiak dauzka: Kontxako Bandera lau aldiz irabazi du; Eusko Label liga, hirutan; Euskadiko txapelketa, sei aldiz... Gonzalo Carrion da (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977). Arraunlari historikoetako bat, gazte askoren eredu, ia beti traineruaren puntan, bakarrik, beste guztien maisu isila balitz bezala.

Zer dela eta utzi duzu arrauna?

42 urte dauzkat, 24 urte egin ditut arraunean, eta horietatik hogei, lehen taldean. Noizbait izan behar zuen, eta iritsi da ordua.

Erraza izan da erabakia hartzea?

Iaztik garbi neukan hau azkeneko denboraldia izango zela, nahiz eta klubean oso gustura nagoen: ez dut haserrerik izan inorekin, eta Mikelek [Orbañanos, entrenatzailea] jartzen duen lan dinamika asko gustatzen zait, horrela arraun egitea gozamena delako, baina gorputzak ez dit bermerik ematen goiko taldean irabazteko egin behar den lan guztia egiten segitzeko, eta nahiago dut nik utzi arrauna, eta ez arraunak ni.

Erabat uztera zoaz, ala jarraituko duzu zerbaitetan?

Asmoa dut arraunean segitzeko, baina beste esparru batean. Argi daukat klubean jarraitu nahi dudala; zertan, ez dakit. Lekua aurkitu beharko dugu, nik hemen segitzea nahi badute, behintzat.

Nahiko dute, ezta?

Bai, bai, hala espero dut.

Entrenatzaile ikusten duzu zeure burua?

Ez dakit. Federazioak ikastaroa atera du hamar urteren ondoren, eta izena eman dut.

Hortaz, barruan baduzu har bat entrenatzaile izateko.

Nik ikasitakoa besteei erakusteko gogoa daukat. Klubaren etorkizuna ona da, harrobia badago, eta erakutsi egin behar zaie.

Hondarribian hasi, eta Hondarribian amaitu duzu ibilbidea. Entrenatzaile hasiko bazina, gauza bera egin nahiko zenuke?

Gustatuko litzaidake hemen izatea, eta gehien gustatuko litzaidakeena da Mikelek segitzea urte askoz, ez baitut izan nahi harri bat haren bidean. Mikel dena da klubean, haren filosofiak asko balio du, eta gure Alex Fergusson da, hura Manchester Uniteden zen bezala. Uste dut Mikelek utzi arte hemen jarraitu beharko lukeela.

Klubak 50 urte bete dituen honetan erabaki duzu joatea.

Urte berezia da, eta, aldez aurretik ikusita, bazuen beste berezitasun bat ere: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia herriko festetako egun handian jokatu genuen. Izar guztiak ari ziren elkartzen urte egokia izateko nik lagatzeko, eta, gainera, irabazi egin dugunez Donostian, oraindik eta gehiago.

Taldekideek bazekiten aurten lagatzera zindoazela?

Ez zekiten ezer astelehen honetara arte. Mikelek eta Joxemik [Elduaien, presidentea] bakarrik zekiten.

Nola esan zenien?

Bildu ginen, urtero bezala, denboraldia amaitzean, gauzak garbitu eta jasotzeko, eta zuzendaritzarekin batera barbakoa bat egiteko klubaren kanpoaldean. Aurretik esan nien: «Lagatzera noa, baina ez nauzue klubetik botako».

Urteetan taldekide eta lagun izan direnei horrelako zerbait esatea ez da erraza izango, ezta?

Igandeko estropada bukatu eta ondorengo tartea oso berezia izan zen. Hondoa jo nuen Mikel eta Iñigorekin [Vertiz, taldekidea] besarkatu nintzenean. Korapilo handia izan dut barruan, eta astelehenean askatu nuen. Igandean, ez nuen sinesten azkeneko estropada nuenik. Herenegun goizean zabaldu nuen gutuna sare sozialen bidez, eta bidali aurretik mila bider pasa zitzaidan burutik jarraitzea.

Taldekide ez diren askok eta askok maitasun mezuak bidali dizkizute sare sozialetan.

Aurkariek ere idatzi didate. Oso oroitzapen onak dauzkat lehiako garaienak, Kontxan eta ligan bizi izandakoenak. Borroka latzak izan ditugu, oso gogorrak elkarte batzuekin, baina pertsonalki ez dut liskarrik izan uretatik kanpo. Beti zoriondu izan ditut aurkariak irabazi izan digutenean.

Kirol legea, beste guztiaren gainetik beti?

Bai. Irabazten dizutenean, zuk begiratu behar duzu lehendabizi zuk zer egin duzun. Denok saiatzen gara kirol legez irabazten, baina batzuetan gertatzen da bestearen kalean sartzea, arraun palak jotzea eta abar. Akatsak dira, eta, beste edozein kiroletan bezala, arauak daude halakoak ordainarazteko; batzuetan alde etortzen dira, eta beste batzuetan, kontra. Gure palmaresean, garaipen handi batzuetan horrelako istiluak egon izanaz oroitzen da jendea, baina beste kiroletan ere gertatzen dira horrelakoak; adibidez, futbolean, azkenera egindako penaltiarekin galtzea. Jokoaren arauak dira, eta horregatik ez zara zintzoa edo gaiztoa. Ez dut ezer inoren kontra.

18 urterekin hasi zinen arraunean. Aurretik zer egiten zenuen?

Lagunekin denbora pasa. Parrandak egin, gauza kaskarrak tartean ere bai...

Libre izan eta libre ibiltzea gustatzen zitzaizun, eta nola lortu zenuen arraunaren moduko diziplina estura ohitzea?

Arratsaldero, hiru bat orduz ezer egin gabe esertzen ginen lagunak jarleku batzuetan, hitz eta pitz. Hori amaitu behar genuela erabaki, eta arraunera joan ginen. Handiak entzun nituen lagunen partetik: ez nuela balio, ez nuela asko iraungo... baina gaur arte.

Iseka ere egin omen zizuten nora zindoazen zu gorputz argal horrekin arraunera.

Bai. Eskasa beti izan naiz, baina orain baino sei bat kilo gutxiago neuzkan, gainera. Orduan, arraunlariak sendoa eta indartsua izan behar zuen. 65 kilo pisatzen nuen, eta 1,80 metro nintzen luze. «Patroi izateko al dator hau?», esan zuten batzuek. Nik nirean segitu nuen, eta, zortez, hamabost mutil berri elkartu, eta trainerua osatu genuen. C taldea zen hura; gero, B-ra igo ginen, Euskal Liga irabazi genuen 99an, estropadarik irabazi gabe, eta, geroztik, A taldean ibili naiz. 2000. urtean izan zen hori, eta Kontxako Bandera ere urte hartan jokatu nuen lehen aldiz.

Urte hauetan guztietan, bi taldekideren heriotzak ere izan dituzue taldean: Eñaut Labaien eta Beñat Elzo.

Eñaut laneko istripu batean joan zen, eta Beñat bihotzak utzi egin zuen lasterketa batean. Kolpe latzak izan ziren. Gainera, biak nirekin aritu ziren lanean, gure enpresan, eta oso harreman estua neukan biekin. Beti daude gurekin, zortziko ontziak Eñauten izena duelako, eta trainerillak Beñatena. Traineruari ez diogu izena aldatzen; hori Ama Guadalupekoa da.

Nolakoa izan zen uretako aurreneko entrenamendua?

Zurezko traineru zahar batean atera ginen, ia ezer jakin gabe, Txori patroi genuela [Jose Manuel Isasa], eta urez bete zen dena; ez genekien estropua non eta nola jarri, arrauna nola jarri eta abar. Sekula arraunean egin gabeko hamahiru arraunlari batu ginen. Ia igerian atera behar [barrezka].

Lehendabiziko estropada ere ez duzu ahazteko izango.

Bidasoko neguko jaitsiera izan zen, eta hor joan ginen. Istribor aldean bosgarren tostan nintzen ni, eta uste dut azkenak edo azken-aurrenak izan ginela.

Estropada hura bukatu eta ez jarraitzea pentsatu zenuen?

Bai. Lehertuta bukatu nuen: ipurdiko minez, gerrietako minez, eskuak zizko eginda, hankak ere auskalo nola... eta neure buruari esaten nion nor arraiok sartu ninduen arraunean.

Nola gainditu zenuen ezkortasuna?

Alboko jendearekin. Haiek ere berdin sufritu zuten, baina irribarrez itzuli ziren klubera, eta ni ere haiekin.

Laugarren belaunaldia ezagutu duzu aurten zurekin arraunean, eta arraunlari horietako gehienak etxekoak izan dira.

Urte asko dira, eta lehen esaten nuen lau urteko olinpiar zikloak betetzen nindoala. Gero, 2016an, urtez urte joatea erabaki nuen. Aurrekoan, Manexek [Aldai, taldekidea] esan zidan urtebete geratzen zitzaidala olinpiar ziklo hau osatzeko. Belaunaldi horiek denak ia osotasunean harrobiko arraunlariek osatuak izatea sekulakoa da. Duela urte batzuk, Manex, Julen [Castrillon, taldekidea] eta horiek umeak zirenean, Osertz eta biok esaten genuen horiekin ere irabazi beharko genituela banderak. Baita irabazi ere!

Harrobiaren katea ez etetearen sekretuetako bat aldagelako giroan omen dago. Hala da?

Bai. Arraunlari guztiak aldagela berean aldatzen gara, umeak eta seniorrak, eta tarteko guztiak. Txiki-txikitatik ikusten ditugu denak, eta hor giro berezia sortzen da. Taldeak bereiztea txarra da, elkarrekin egoteak hurbiltasuna ematen baitu, denek denen berri izatea.

Zuk esana da hau: «Nire ametsa da herriko gazte bat etorri, eta niri lekua kentzea». Hori bete gabe ez al zoaz?

Hori da politena, eta beteko den edo ez datorren denboraldian esango dizut. Izan ditugu aurrekalari onak, baina taldearen beharrengatik beste tosta batzuetan egin dute arraun. Belaunaldi aldaketak berezkoa izan behar du, eta gustura lagunduko nioke nire balizko ordezkoari. Poz handia emango zidan datorren udan nire lekuan doanak lan bikaina egitea, eta jendea nitaz ahaztea.

Baduzu taldean edo harrobian zure lekuan gustura ikusiko zenukeenik?

Nahi dudana da Hondarribia azkar ibiltzea.

Taldea norbanakoen aurretik beti.

Taldea gara, eta talde izaten segitu nahi dugu.

Emaitza aldetik urterik txarrena 2010a izan du Hondarribiak azkenaldian, baina zuretzat onena omen da. Zergatik?

Prestakuntza berri batekin hasi ginen denboraldi hartan, baina ez genuen asmatzen, eta, ekaina iritsi zenean, esan genuen :«Honaino». Arraun egitearekin soilik hasi ginen pentsatzen orduan, alor fisikoa alde batera lagata, eta Galiziatik itzuli ginen azken-aurreko ginela. Hortik aurrera gorantz egin genuen, pixkanaka, eta Kontxarako sailkatzea ere lortu genuen. Denon artean, denok bat eginda, taldea aurrera ateratzea lortu genuen, eta aurpegi txarrik jarri gabe. Berezko zerbait bezala hartu genuen. Mikelek akatsak onartzen ditu, eta horietatik ikasteko gaitasuna dauka, eta horixe gertatu zen urte hartan.

2010az geroztik ikusi dugun Hondarribia erregular eta onaren oinarria denboraldi hartan bizi izandakoa izan zen?

Asko ikasi genuen, eta horregatik heldu dira gero hain emaitza onak. Orduan, klubak pazientzia izan zuen Mikelekin, eta haren mezuan sinesten ez zuten arraunlariek utzi egin zuten taldea. Beste batzuk etorri ziren, sinetsi zuten, eta aurrera egin genuen. Gero, harrobiko arraunlariak taldean sartzen asmatu zuen klubak, eta kanpotik ekarriz etxean ez geneukana, talde bikaina osatu dugu urteetan.

Zer eman dizu Orbañanosek?

28 urte zeuzkan etorri zenean, 2002an, eta ikasi nahi zuen entrenatzaile hasiberria zen. Nire aita izan da kirolean, erakutsi baitit pertsona eta kirolari izaten, eta egiten dudanaz gozatzen. Haren kirol ibilbide osoan jarraituko nuke berekin.

Arraunlari ia guztientzat Kontxa irabaztea da ametsik handiena, baina iruditzen zait zuretzat egon direla beste garaipen handi batzuk ere.

Hasten garenean, denon nahia izaten da Kontxa irabaztea, baina, nire kasuan, bazen baita ere arraunean hastea; gero B taldean sartzea; gero B-n ondo ibili, eta A-n sartzea; gero Kontxarako sailkatzea, ohorezko txandan ibiltzea, eta hortik, zergatik ez irabazi? Azkenean, pausoz pauso joan behar da, ezin da arraunean hasi eta traineruan titular izan segituan. Asko ikasi behar da aurretik, eta garbi neukan poliki joan behar nuela.

Harrobikoek ere poliki igotze hori barneratua dute?

Ez dakit. Dakidana da harrobi oso ona dugula, eta uste dut Hondarribia hemendik sei bat urtera harrobiko arraunlariz beteta ikusiko dugula eta goiko mailan, gazte mailan aulki mugikorreko zortziko oso ona baitator. Baina iritsi egin behar dute gora, bidean galtzea ere gertatzen baita askotan, ikasketak direla eta abar. Gazteak badatoz, baina unean uneko egoerak zehaztuko du noraino helduko diren, heltzen badira betiere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna