Txinak Indiako hogei soldadu hil ditu mugako liskarretan

Bi estatuetako agintariak negoziatzen ari dira tentsioaren gorakada bideratzeko. Mugako akordioak urratu dituztela leporatu diote elkarri

Indiako armada Kaxmir eskualdeko Lawaypora hirian. FAROOQ KHAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Indiak eta Txinak Himalaian duten muga gatazkarako motibo izan da azken hamarkadetan bi herrialdeen artean. Badira zenbait aste Txinaren eta Indiaren arteko tentsioak gora egin duela inguru horretan, eta, atzo, bi estatuetako armadek elkarri eraso zioten. Txinako soldaduek gutxienez Indiako hogei militar hil zituzten, eta New Delhik esan zuen beste aldeak ere «43 galera» izan zituela, hildakoen kopururik eman gabe. 1975. urteaz geroztik ez zen inor hil bi herrialdeen arteko gatazka batean.

Indiak azaldu zuenez, bi aldeetako buruzagi militarrek elkarrizketak abiatu zituzten gertakarien ostean, «egoera baretzeko». New Delhik adierazi du aurrez aurreko erasoak izan zirela astelehenean. «Galwan haranean tentsioa baretzeko prozesua abian zela, zuzeneko aurrez aurreko bat izan zen atzo [astelehen] gauean, eta biktimak izan ziren bi aldeetan». Txinak, ordea, ez du jakinarazi zauritutakorik edo hilik izan duenik.

The New York Times-ek adierazi duenez, lehenengo ikerketek diote hildako soldaduei ez zietela tiro egin, bi aldeetako armadek elkarri harriak jaurti zizkiotela, eta makilekin ere eraso ziotela batak besteari. Urte hasieraz geroztik, halako hainbat liskar izan dituzte: muturrekoak, makilakadak eta harri jaurtiketak. Baita behin-behineko atxilotzeak ere. Mugako kodeak debekatu egiten du eremu horretan armak erabiltzea.

Asteetako tentsio gorakadaren ostean, India eta Txina negoziatzen ari ziren, mugen gaineko desadostasuna diplomaziaren bidez konpontzeko. Indiako hedabideek joan den astean argitaratutakoaren arabera, bi aldeetako soldaduak mugatik urruntzen hasiak zeuden pixkanaka. Txinako Gobernuak Indiakoari eskatu dio bazter dezala aldebakarreko ekintza oro, eta euts diezaiola elkarrizketaren bideari.

Pekinen arabera, Indiak du gertatu denaren gaineko ardura. Lijian Zhao Txinako Atzerri ministroaren bozeramaileak ziurtatu zuen Indiako soldaduek Txinako muga zeharkatu zutela «legez kanpoko jardunetarako», eta Txinako armadari eraso ziotela. «Konfrontazio fisiko larria» eragin izana leporatu zion.

Elkarri erantzuten

Maiatzean izan zen azken tentsio gorakada Txinaren eta Indiaren arteko mugan. Hil haren hasieran, Indiak salatu zuen Txinak ehunka soldadu bidali zituela muga inguruko Galwan haranera. Indiak ere tropak bidali zituen aste batzuk geroago. Maiatzean bertan, New Delhik ohartarazi zuen Txinako hainbat soldadu Indiako lurraldean sartu zirela baimenik gabe, eta bere soldaduak kanporatzen ahalegindu zela. Txinako armadak mugaz bestalde kanpaleku bat altxa izana ere gaitzetsi zuen. Txinak, berriz, Indiari egotzi dio bere armadaren patruila ariketak oztopatzea.

Analista ugariren esanetan, Txinaren haserrea dago mugari buruzko azken tirabiraen atzean. Pekini ez zaio ondo iruditu New Delhik Ladakh eskualdean egin duen 255 kilometroko errepidea, Depsang lautada, Galwan harana eta Karakorum mendilerroa lotzen dituena. Azpiegiturak aukera emango lioke baliabide militarrak arin garraiatzeko, gatazka armatu bat piztuko balitz.

Txina eta India gerran borrokatu ziren 1962an, eta bakea bermatzeko itunak sinatu zituzten 1993an eta 1996an; kontrol lerro bat zehaztu zuten orduan. 1996an, lerro hori ez gainditzeko konpromisoa hartu zuten biek, eta, 2018an, komunikazio militarra hobetzea adostu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.