Umeei hezkuntza etxean ematea debekatu nahi du Parisek

Eskolatzea nahitaezkoa izanen da Ipar Euskal Herrian 3 urtetik 16 urtera arte, 2021eko irailetik aitzina. Orain arte, gurasoek hautua zuten

Zenbait haur, Baionako eskola batera sartzen, iazko irailean. GUILLAUME FAUVEAU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidentea kezkatua dago «islamismo erradikalaren» adierazpideek hartu duten bidearekin, eta lege proposamen bat egin du «islamismo separatistaren» aurka egiteko. Azaldu duenez, Errepublikaren balioak zalantzan jarri dituzte zenbait ekinbidek: bertzeak bertze, emakumeen eta gizonen arteko «berdintasuna» jarri dute kolokan hainbat herritan hartutako erabakiek. «Haustura» dakarren «proiektu politiko» horren aurka aurkeztuko du legea: zehaztu duenez, «arazoa ez da laikotasuna». Lege horren barnean dagoen neurrietako bat eskolatzea derrigorrezkoa bilakatzea da. Orain arte, umeen hezkuntza derrigorrezkoa zen 3 urtetik 16 urtera Ipar Euskal Herrian, baina gurasoek hauta zezaketen hezkuntza hori eskolan ala etxean ematea: legeak onarpena badu, hemendik aitzina derrigorrezkoa izanen da umeak eskolara eramatea, 3 urtetik 16 urtera arte, 2021eko irailetik landa. «Kontratuz kanpoko» eskolei ere kontrol zorrotzagoa eginen die Parisek, Macronek aitzinatu duenaren arabera.

Atzo goizean eman zuen Macronek «islamismo erradikalaren» aurkako lege proposamenaren nondik norakoen berri, komunikabideen aitzinean egindako agerraldi batean. Lantzen ari dira oraino proposamena, eta abenduaren 9an aurkeztuko dute ministroen kontseiluan.

Elkarteen «balioak»

Bertzelako neurriak ere biltzen ditu lege proposamenak. Bertzeak bertze, prefetek udal erabakiak bertan behera utzi ahal izatea jaso nahi du legean Macronek. Izan ere, hainbat udalek «islamismo erradikalari» jarraitzen dioten neurriak hartu dituzte Frantziako Estatuan, Macronek jakinarazi duenez. Erraterako, eskoletan otordu «konfesionalak» jarri dituzte, eta eskatu dute igerilekuetan gizon eta emakumeek ordutegi ezberdinak izatea. Hori saihestu nahi du presidenteak. Zentzu berean, erakunde publikoek kontrataturiko langileei «erlijio neutraltasuna» ezarri nahi diete. Elkarteei dagozkien hainbat neurri ere sartu nahi ditu legean Macronek. Hain zuzen, diru laguntzak jasotzen dituzten elkarteek «Errepublikaren balioen kontratu» bat izenpetu beharko dute lege proposamenaren arabera, eta, betetzen ez badute, diru laguntzarik gabe geldituko dira. Pertsonen «duintasunaren» aurka egiten duten elkarteak ere desegiten ahalko lituzke Parisek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.