Behin-behineko espetxealdia Hondurasko presidente ohiari

Narkotrafikoagatik zigortu dute Hernandez, AEBek salatuta. Defentsak hemendik hilabetera aurkeztu beharko ditu aldeko frogak

Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidentea. PRESIDENCIA HONDURAS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hondurasko presidente ohi Juan Orlando Hernandezi are gehiago okertu zaio egoera, haren ustezko trapu zaharrak atera direnean. Izan ere, behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion atzo Justizia Auzitegi Goreneko epaile Edwin Ortezek, AEB Amerikako Estatu Batuek leporatu dizkioten delituengatik: narkotrafikoa eta ustelkeria. Presidente ohia estraditatzeko eskaera egina dio auzitegiari.

Hernandezen defentsak martxoaren 16an aurkeztu beharko ditu bere aldeko frogak auzitegian. Beraz, defentsa taldeak hilabete izango du agintari ohiaAEBetara ez estraditatzeko beharrezko informazioa biltzeko. Haren abokatuek, gainera, eskatu dute Hernandezek etxean bete dezala atxiloaldia, baina epaileak atzera bota du haien eskaera, Justizia Auzitegi Gorenak emandako autoan oinarrituta. Hala, presidente ohia auzitegitik indar berezien eskuadroiaren basera eraman dute; han betetzen ari da behin-behineko espetxealdia.

Auzitegiaren inguruan segurtasun neurri gogorrak ezarri dituzte, eta presidente ohiaren Alderdi Nazional kontserbadoreko ehunka jarraitzaile hara joan dira Hernandezi babesa adierazteko. Une batez, liskarrak egon dira jarraitzaile horien eta egungo gobernuburu Xiomara Castroren Libre alderdiko jarraitzaileen artean.

AEBek Hondurasko hiriburuan duten enbaxadak presidente ohia behin-behinean atxilotzeko eta estraditatzeko eskatu zioten astelehenean Atzerriko Ministerioari, egotzitako delituengatik. Hernandezek adierazi zuen «prest» zegoela justiziarekin kolaboratzeko, baina, bere burua entregatzera zihoala, Poliziak etxean atxiki zuen, Justizia Auzitegi Goreneko Ortez epaileak aginduta.

Washingtonek hiru delitu egotzi dizkio estatuburu ohiari: droga AEBetara inportatzea, arma trafikoa eta ustelkeria. Narkotrafiko sare batean parte hartu izana leporatu dio agintari ohiari, Kolonbiatik eta Venezuelatik Hondurasera bidalitako hainbat tonako kokaina kargamentuak jasotzeko, besteak beste. Droga airez eta itsasoz garraiatzen zuten AEBetara eramateko. Orotara, 500.000 kilo kokaina garraiatu zituzten 2004tik. Presidente ohiari «milioika dolar eman zizkioten hainbat narkotrafikatzailek, eroskeria tarteko, haiek babestearen truke».

Hori gutxi ez, eta New Yorkeko fiskaltzak jakinarazi zuen estatuburu ohia 2021eko uztaileko iruzurgileen zerrendan zegoela, artean Hondurasko presidente zela. Horrez gain, Hernandezek 1,7 milioi euro inguruko irabaziak izan zituen, 2010etik 2014ra bitartean presidente izandako Porfirio Lobo Sosarekin batera, Ardon Soriano narkotrafikatzailearen bitartez. Halaber, fiskaltzak ziurtatu zuen Hernandezek harremana izan zuela Joaquin Guzman El Chapo Mexikoko narkotrafikatzailearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.