Xarma galdua eta polarizazioa

Tunisiak 2011ko iraultzan demokraziarantz hasitako bidea biharko hauteskunde legegileek amaitu behar lukete. Nida Tunis ezkerreko alderdi laikoa da faborito inkestetan; Ben Aliren garaiko politikari eta enpresariak ere batu zaizkio. Baina ez du urruti Ennahda alderdi islamista moderatua.
Beji Caid Essebsi, Nida Tunis alderdi laikoko burua.
Beji Caid Essebsi, Nida Tunis alderdi laikoko burua. EFE

Ricard Gonzalez -

2014ko urriak 25
Hauteskunde kanpainako azken eguna. Hiru alderdi politiko tako militanteak bozetarako propaganda banatzen ari dira Marsa auzoko plaza nagusian, Tunis hiriburuko ekialdean. Herritar askok ez diete jaramonik egiten, eta ez dituzte eskuorriak hartzen. Tunisiako hauteskunde legegileek amaitu behar dute 2011ko iraultzan demokraziarantz hasitako bidea. Hala ere, interes handiagoa sortzen dute bertako edo atzerriko komunikabideetan, herritarren artean baino.

«Ez dut bozkatuko. Politikari guztiak berdinak dira, eta beren interesak bakarrik babesten dituzte. Ez dut ezer espero haiengandik». Hondartza aurrean aparkatutako autoak zaintzen ditu Helmik, eskupekoen truke. Eta haren hauteskundeekiko jarrera beste gazte askorenaren erakusgarri da. Gazteak dira langabe gehienak. Gazteak dira lan kaskar gehienak egiten dituztenak. Eta iraultzak ez ditu konpondu arazo horiek. «Politikariek bahitu egin dute gure iraultza», azaldu du Lina Ben Mhemi ekintzaile eta blogariak. Bakearen Nobel saria jasotzeko hautagaia izan zen 2012an. Iraultza osteko lehen hilabeteekin alderatuta, «eremu guztietan» atzera egin dela dio, «bai adierazpen askatasunean, bai giza eskubideetan».

Ez da harritzekoa gazteen eta politika instituzionalaren artean amildegi bat egotea. Gazteak funtsezkoak izan ziren Ben Ali presidentea kargutik kendu zuen altxamenduan. Bultzatu eta azkartu egin zituzten Udaberri Arabiarrak. Hala ere, Tunisia gerontokrazia bat da gaur egun: Nida Tunis alderdi laiko nagusiko buruak, Beji Caid Essebsik-ek, 87 urte dauzka; eta haren aurkari islamistak, Ennhada alderdiko Raxid Ganutxik, 73. «Gazteen etsipena ulertzekoa da, iraultzak ez du bete haien itxaropena », Omar Mestiri kazetariaren iritziz. «Baina pazientzia izan behar dugu», dio, «iraultzen ostean beti izan baitira garai politiko eta ekonomiko nahasiak». Gogoan du Berlingo Harresia erori eta gero errepublika sobietarreko ekonomiak hondoa jo zuela.

Tunisiaren ibilbidea itxaropentsua da, are gehiago Udaberri Arabiarrak astindu zituen gainerako herrialdeekin alderatuz gero. Sirian gerra zibilean daude, eta ez dirudi laster bukatuko denik; Egipton, Libian eta Yemenen, berriz, bortizkeria azaleratzen da etengabe, eta urrun geratu dira 2011ko itxaropenak. Tunisian bi politikari aurrerakoi hil zituzten iaz: Xukri Belaid otsailean eta Mohamed Brahmi uztailean. Horrek tentsio handiko garaia eragin zuen. Gerra zibilaren arriskua ere egon zen. Hala ere, alderdi politikoek gobernu teknokratiko bat hitzartu zuten eta konstituzio demokratiko bat onartu. Biharko hauteskunde legegileek eta presidentetzarako azaroko hauteskundeek, trantsizio prozesua amaitu behar dute.

Ekonomia arazo

Dena den, lorpen horiek guztiak estali dituzte ekonomia moteltzeak, langabezia igotzeak eta inflazioa handitzeak. Herritar batzuek Ben Aliren diktaduraren segurtasuna eta egonkortasunaren falta sumatzen dute. Horregatik, ez da harritzekoa erregimen zaharreko politikariek hauteskundeetan emaitza onak lortzeko itxaropena izatea. Berrogei zerrenda ingurutan banatuta daude. Horietako bat da Ekimenaren Alderdia. Kamel Morjane da burua, Ben Aliren agintaldian Atzerri ministro izandakoa. «Herritarrengandik oso erantzun ona jasotzen ari gara, badakite eskarmentua eta programa errealista bat dauzkagula», dio Samira al-Shaushik, alderdiko zerrendaburu Tunisko ekialdeko distrituan. Iraganari buruzko ikuspegi anbiguoa du, erregimen zaharreko hautagai guztien moduan: «Gauza batzuetan asmatu genuen, eta beste batzuetan huts egin. Orduan kritikatu genuen gaizki egiten zena».

Ben Mhemi blogaria «atsekabetu» egiten du «iraganeko erregimeneko sinboloek aurkeztu ahal izate hutsak». Zenbait analistak, ordea, babestu egiten dute konstituzio berriak guztiei aukera eskaintzea joko politikoan. «Lehen hauteskundeetan, 2011n, Ben Aliren RCG alderdiko goi kargudun izandakoei debekatu egin zieten hautagai gisa aurkeztea», gogorarazi du Daniel Tavana ikerlariak. «Horrek arriskuan jarri zuen trantsizioa. Okerra da pentsatzea haien itzulera atzerapausoa dela». Tavanarentzat, Tunisia ez da bueltatuko diktadurara, herrialdeak sortu dituen erakunde berriei esker.

Nida Tunis eta Ennahda

Inkestek diote Nida Tunis alderdia dela faboritoa. Bertan bildu dira ezkerreko jende ezaguna eta Ben Aliren garaiko politikariak eta enpresariak. 2011ko hauteskundeen ondoren sortu zuten, Ennahdako islamisten nagusitasunaren beldur (Ennahdak irabazi zituen 2011ko hauteskundeak). Tunisian ere, Udaberri Arabiarra izan zuten herrialdeetan gertatzen ari den moduan, gatazka politiko nagusia islamisten eta laikoen arteko borroka da. Dena den, Tunisian hauteskundeetan lehiatzen dira, ez armen bidez.

Nida Tunisek ez bezala, islamistek kanpainan ez dute polarizazioaren sua hauspotu. «Elkarrizketaren aldeko apustua egiten dugu, uste baitugu ez dela inor baztertu behar hauteskundeen osteko elkarrizketetan», azaldu du Abdel Fatah Morok, Ennahdako presidenteordeak, Marsako kaleetan zehar doan bitartean. Ziurrenik inork ez du lortuko gehiengo osorik, eta koalizio gobernu bat beharko da. Islamistek ez dute baztertzen Nida Tunisekin koalizio handi bat egitea.

Ennahdak badaki herritar batzuek gorrotatu egiten dutela edota beldurra diotela. Horregatik, uko egin dio hautagaia aurkezteari azaroko presidentetzarako hauteskundeetan. «Ez dugu boterea monopolizatu nahi, aintzat hartu dugu Egiptoko Anaia Musulmanei gertatutakoaren ikasgaia», nabarmendu du Morok. Komunikabideak eta enpresariak dira Nida Tunisen babesle nagusiak. Ennahdak espero du bere militante ugariek konbentzituko dituztela herritarrak, Ennahda baita antolatzeko gaitasun onena daukan alderdia.

Konstituzioa onartu zuten. Erlijioak gizartean izan beharreko funtzioa ere bai. Orain eztabaida politikoa ekonomian oinarritzea espero da. Omar Mestiri kazetaria «baikorra» da Tunisiaren etorkizunaz: «Ekonomia hobetu egingo da egonkortasuna eta konfiantza berreskuratzen ditugunean. Hori bai, gobernu berriaren lehentasuna izan behar du aberatsen eta pobreen arteko aldea gutxitzea. Iraultza eta gero egitura politikoak berritu dituzte, baina egitura ekonomikoek bere horretan jarraitzen dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna