Sexu berekoen arteko ezkontzei buruzko galdeketa dute gaur Taiwanen

Auzitegi Gorenak joan den urtean zabaldu zuen onarpenerako bidea. Asian inongo herrialdetan ez daude legeztatuta

137.000 lagun inguru batu ziren urriaren 27an Taipein egin zen harrotasunaren desfilean. DAVE MARK MEGUISO / EFE.
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Gorabehera askoren ostean, Taiwango herritarrek aukera izango dute sexu bereko ezkontzak legezkoak izango diren ala ez erabakitzeko; erreferenduma egingo dute gaur. Bozkatzera joandakoek ezkontza homosexualaren eta LGTB kolektiboaren inguruko bost galdera erantzun beharko dituzte. Galdeketan baiezkoa atera eta gero legea aldatzen badute, Asiako lehenengo herrialdea izango da mota horretako ezkontzak onartzen.

Taiwango Kode Zibileko ezkontza legeko puntuetako batek dioenez, «sexu bereko bi pertsona ezin dira ezkondu». 2017ko maiatzean, irlako Auzitegi Gorenak adierazi zuen lege hori konstituzioaren aurkakoa zela; 7. eta 22. artikuluak urratzen zituela. Hori dela eta, Auzitegi Gorenak sexu berekoen arteko ezkontzak onartu zituen, eta bi urteko epea eman zion parlamentuari legeztatzeko. 2019ko maiatzean beteko lirateke bi urte horiek, eta, kontrako ahotsik egon ezean, legea onartuko zutela zirudien. Izan ere, Tsai Ing-wen Taiwango presidentea legea aldatzeko prest azaldu zen, eta haren alderdi den eta parlamentuaren gehiengoa duen Alderdi Demokrata Progresista ere alde zegoen.

Baina ez da zehazki hala izango; legearen aldaketak beste galbahe bat gainditu beharko du. Abuztuan, Belaunaldi Berriaren Zoriontasunerako Batasunak (ANGH) galdeketa bat egiteko eskaera egin zion Taiwango Hauteskunde Batzorde Zentralari. Plataforma hori ez dago sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen alde. Sinadurak bildu zituen, eta, 3.100 batu ostean, Hauteskunde Batzordeak onartu egin zuen ANGHrenerreferendum eskakizuna. Horren aurrean, sexu berekoen arteko ezkontzaren aldeko taldeek neurriak hartzeko beharra ikusi zuten, eta horiek ere erreferenduma proposatu zioten Hauteskunde Batzordeari. Galderak, ordea, desberdinak ziren. Galdeketa hori ere onartu zuen Hauteskunde Batzordeak.

Gaurko erreferendumean hamar galdera izango dira. Horietatik bost egongo dira lotuta sexu bereko bikoteen ezkontzekin, LGTB eskubideekin eta sexu heziketarekin. Hauteskunde Batzordeak ikuskatutakoak eta onartutakoak dira guztiak. Gainontzeko bost galderak Taiwango beste eztabaida batzuekin dute zerikusia. Hala ere, nahiz eta galdeketa egin, ez dago argi zer ondorio izango duten erreferendumeko emaitzek. Izan ere, sexu berekoen arteko ezkontzaren inguruko galderetan, Taiwango Kode Zibileko aldaketak bakarrik proposatzen dira; ez dio aipamenik egiten konstituzioari.

Batasun zibilak

Egun, Taiwanen ezkontza homosexualak onartuta egon ez arren, bederatzi hiri eta beste horrenbeste konderritan dago batasun zibilak egiteko aukera. Eremu horrek herrialdeko biztanleen %94 hartzen ditu bere gain. Dena den, batasun zibil horrekin lortzen diren eskubideak oso mugatuak dira. Esaterako, ezkondutako bikoteen kasuan ez bezala, batasun zibila duten bikoteek ez dute jabetza eskubiderik edo gizarte segurantzarik.

Taiwanen geroz eta indartsuagoa da LGTB kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko mugimendua. Urriaren 27an harrotasunaren hamaseigarren desfilea egin zuten Taipein, hiriburuan. Antolatzaileen arabera, 137.000 pertsona batu ziren aldarrikapenetara. Miao Poyak mugimendu horren bultzatzaileetako bat da, eta ezkontza homosexualen aldeko erreferendum proposamenean ere hartu zuen parte. «Gure botoa erabiliko dugu gobernuari erakusteko ezkontzetan berdintasuna nahi dugula», azaldu du Poyak.

2017ko maiatzerako, Auzitegi Gorenak legea aldatzeko eskaera egin zuenerako, 2.150 bikote homosexual inguru zeuden erregistratuta Taiwanen; horietatik 1.703 emakumezkoenak ziren, eta 439 gizonezkoenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.