Patxi Vila. Bora-Hansgrohe taldeko zuzendaria eta entrenatzailea

«Saganekin gehiago nago ikasteko, irakasteko baino»

Txirrindulari gisa egin bezala, kirol zuzendari eta entrenatzaile moduan ere bidea ari da egiten Patxi Vila. Tinkoff taldean bi urte eman ondotik, iazko sasoiaz geroztik Bora-Hansgrohen dihardu. Alemaniako taldearen hazkundean bere alea ari da jartzen, alor metodologikoan batik bat.
RALPH SCHERZER

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko apirilak 17
Zorionekoa da Patxi Vila, azken urteetan soinez soin ari baita lan egiten nazioarteko tropeleko izar distiratsuenetako batekin; munduko txapeldun hiru bider izan den Peter Saganekin, hain zuzen. Lehenik, Tinkoff taldean egin zuen topo eslovakiarrarekin, eta orain ere haren alboan dabil, Bora-Hansgrohen. Duen pribilegioaz jakitun da Vila. «Libururik ez dago Sagan moduko txirrindulari bat entrenatzeko, halakoak oso gutxi izan baitira historian zehar. Horrelako aukera baten aurrean, asko ireki behar dira begiak, eta belarriak ere bai».

Ez du sasoi hasiera erraza izan Borak, baina Saganekin Paris-Roubaix irabazita, dena beste begi batzuekin ikusiko duzue orain, ala?

Tira, uste dut Paris-Roubaix arte ere lan nahiko ona egin dugula. Sasoiari ondo ekin genion Australian. Han, lau garaipen lortu genituen hamabost egunean. Gero, egia da Tirreno-Adriatikoan Rafal Majkarekin sailkapen nagusiaren lehian egotea espero genuela. Ez zen posible izan, baina, behintzat, lau bigarren postu lortu genituen. Ondo genbiltzan, nahiz eta beste talde batzuen aldean garaipen gutxi lortu. Klasikoei dagokienez, lehenik, Gante-Wevelgem irabazi genuen Saganekin, eta, gero, Roubaixeko garaipena iritsi zen, berriro Saganekin. Hura zen urteko gure helburua. Irabazteko, gauza asko aldatu ditugu prestakuntzan eta lasterketetan.

Zeintzuk izan dira aldaketa horiek?

Planteamendu eta entrenamendu mailako aldaketak egin ditugu. Gauza teknikoak dira. Erabaki batzuk hartu ditugu Peterrekin [Sagan] lau urtez lan egin eta gero, eta lasterketa behin ondo ezagututa. Ni Paris-Roubaixen sekula ez nintzen lehiatu txirrindulari gisa, eta hori nabaritzen da prestatzaile lanean. Nik askoz errazago uler dezaket ziklista batek zer behar duen hiru asteko itzuli batean. Ikaskuntza prozesu bat egin behar izan dut Paris-Roubaixen kasuan. Zer esfortzu mota den, teknikoki nola prestatu behar den...

Paris-Roubaix heldu arte, Quick Stepek garaiezina zirudien harbideetako klasikoetan. Horregatik jo zenuten urrutitik?

Ordura arte, talde gisa kristoren jipoia ari zitzaigun ematen. Eta ez bakarrik guri, talde guztiei baizik. Hala esan genien txirrindulariei lasterketa aurreko bileran. Hori horrela, gure estrategia erabat aldatzea erabaki genuen. Ikusi genuen aukera ona izan zitekeela Peterrekin urrutitik erasoa jotzea. Lehenik, babes lana inoiz baino hobeto egin behar genuen. Txirrindulari gehienek bazekiten euren lasterketa 215. kilometroan bukatuko zela.

Aurten, oraingoz, sei garaipen daramatzazue. Urruti dituzue oraindik iaz lortutako 33 garaipenak.

Kopurua garrantzitsua da, baina kalitatea ere bai. Esaterako, Saganek Down Under Itzulian beste bi garaipen eta Tirrenon hiru lortu izan balitu, baina gero Gante-Wevelgem eta Paris-Roubaixen kale egin izan balu, denon begitan denboraldia ez zen inolaz ere ona izango. Urtean bi edo hiru helburu nagusi izaten dira, eta garrantzitsuena horiek lortzea da. Guk hiru proba genituen jomugan: Milan-Sanremo, Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix. Helburua hiru horietako bat irabaztea zen, eta lortu dugu.

Bukatu da harbideen garaia, baina egutegiak ez du etenik. Zer helburu izango dituzue hemendik aurrera?

Peterren kasuan, orain atseden hartuko du, eta hilabete amaieran buru-belarri murgilduko gara Frantziako Tourrerako prestakuntzan. Bertan, garbi dago erregulartasunaren maillot berdearen bila joango dela. Eta, gero, Munduko Txapelketa izango da urteko azken helburua, ohi bezala.

Bora aipatzean, mundu guztiari Sagan datorkio burura, baina haren alboan, maila handiko txirrindulariak daude. Nola ikusten duzu zuk?

Hala da. Ziklista oso onak daude Peterren itzalean. Hori ederki asko ikusi zen Itzulian. Jay McCarthy, Peter Konrad, Emanuel Buchmannek edota Gregor Muehlbergerrekin. Erakusten ari gara badakigula txirrindulari gazteak ondo prestatzen. Taldearen balio handienetako bat da hori. Indar eta esfortzu asko bideratzen dugu zeregin horretara.

Agian ez duzue itzuli handi bat irabazteko inor, baina igotzaile politak dituzue taldean: Majka, Buchman, David Formolo, Peter Kennaugh, Leopold Konig, Konrad... Joko handia eman dezakete.

Maila oneko igotzaileak ditugu, bai. Majkak badaki zer den itzuli handi batean podiumera igotzea, eta irabaztetik oso aparte ez dago hiru onenen artean sartu den norbait. Beharbada ezin daiteke faborito nagusitzat jo, baina Froome kenduta, uste dut gaur egun ez dagoela hautagai garbirik itzuli handietan. Majka aurre-aurrean ibil daiteke, eta espero dut Formoloz ere laster gauza bera esan ahal izatea.

Hau bigarren denboraldia duzu Boran, eta epe horretan, asko hazi da taldea. Zein izan da zure ekarpena?

Tinkoffeko abentura bukatu ostean, hainbat aukera sortu zitzaizkidan. Azkenean, Borara joatea erabaki nuen, erronka handia iruditzen zitzaidalako. World Tourreranzko pausoa egiten laguntzeko deitu ninduten. Horrez gain, nik aurreko bi urteetatik oso ondo ezagutzen nituen txirrindulariak fitxatu zituen Borak: Maciej Bodnar, Majka, Sagan, McCarthy... Hori horrela, esperientzia eta txirrindularitza ikusteko modu bat ekarri dut nik. Ikuspegi erdi moderno erdi klasikoa daukat. Lan metodo bat sortu dut nire esperientziatik abiatuta, eta metodo hori taldean aplikatzeko aukera eman didate.

Txirrindulari ibilbidea amaitu ondotik, azken urteetan kirol zuzendari eta entrenatzaile lanetan diharduzu. Zer da politagoa zuretzat, bizikletan gainean edo auto barruan ibiltzea?

Bi gauza oso ezberdin dira. Bizitzaren bi etapa desberdin dira, eta bakoitzak baditu bere gauza onak, eta ez horren onak. Bizikletan zabiltzanean, hanketako mina izaten duzu, eta zuzendari eta entrenatzaile lanetan zabiltzanean, berriz, buruko mina. Hori bai, bi zereginak gozabide dira niretzat. Bizitza aurrera doa, eta etapa bakoitza ahalik eta gehiena aprobetxatzen eta bizitzen jakin behar da.

Atseden hartzeko astirik baduzu? Lan nekeza ematen du kirol zuzendariarenak. Gauza asko dago lotu beharra.

Hala da. Nire zeregina da 40 pertsonaren bizitza antolatzea. 40 pertsona, 40 arazo. Txirrindularia zarenean, zeure buruaz arduratu behar duzu bakarrik. Lan sinpleagoa da, baina hori ere oso gogorra izan daiteke psikologikoki, presioagatik eta abar. Bakoitzak berea dauka. Orain, ziklista nintzenean baina denbora askoz gehiago pasatzen dut etxetik kanpo. Lasterketak asteburuetan izaten dira, eta egutegia bete-betea dago. Urtean 180-190 egun inguru pasatzen ditut etxetik kanpo. Inplikazio pertsonal aldetik, orain esfortzu handiagoa egin behar dut.

Azken urteetan Saganen itzal bihurtu zara. Nolakoa da haren gisako izar batekin lan egitea?

Batzuetan zaila da. Halako ziklistek nortasun handia dute, euren ideiak dituzte, eta zenbaitetan ez da erraza ideia horiek aldaraztea. Baina, tira, Peter pertsona arrunta da, eta berarekin hitz egitea erraza da. Ez dut uste horrelako txirrindulari asko izango ditudanik esku artean nire ibilbidean. Ederra da harekin lan egitea; gehiago nago ikasteko, irakasteko baino. Berezko handia dauka. Libururik ez dago Sagan moduko txirrindulari bat entrenatzeko, halakoak oso gutxi izan baitira historian zehar. Halako aukera baten aurrean, asko ireki behar dira begiak, eta belarriak ere bai. Ahalik eta gehiena laguntzen saiatzen naiz ni. Batzuetan, uste dut lagungarri izan natzaiola. Beste batzuetan, aldiz, berak irakatsi dizkit gauzak. Harreman zuzena eta horizontala daukagu.

Ziklismoaren ikono bihurtu da lehiatzeko moduagatik, garaipenengatik eta bere izaera bereziagatik. Horren mediatikoa izatea, agian, kaltegarria izan daiteke batzuetan. Nola ikusten duzu zuk?

Lasterketa gehienetan, aurkarien jomuga nagusia da. Horrek esan nahi du gainontzeko ziklistek kate motzean lotzen dutela. Hori badakigu, eta guretzat ez da zerbait txarra. Izan ere, mundu guztia zuri begira badago, gauzak ondo egiten ari zaren seinale da. Luxuzko arazo bat da hori.

Presioa ondo kudeatzen duela uste duzu?

Batzuetan bai, baina beste batzuetan ez. Presioa jasateko moduan badu hobetzeko tartea. Dena den, esatea erraza da, baina, gero, barrutik bizi behar da.

Nolakoa da alor pertsonalean? Nahiko xelebrea ematen du.

Pertsona normala da. Egiten dituen gauzak ez ditu aurrez prestatzen, natural ateratzen zaizkio. Halakoa da, besterik gabe.

Hiru bider irabazi du Munduko Txapelketa, behin Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix, bost aldiz Tourreko erregulartasunaren maillota... Eta 28 urte ditu oraindik. Non du muga?

Guk mugez ez dugu hitz egiten, biharko egunaz edo etzikoaz baizik. Egunak banaka pasatzen ditugu. Nahi duen guztia egiteko ahalmena dauka, baina ez da burua galdu behar. Sasoi honetan, Tourra eta Munduko Txapelketa dira gelditzen zaizkion helburuak. Hortik harago ez da pentsatu behar.

Zail izango du laugarrenez jarraian munduko txapeldun izatea. Aurtengo ibilbideak gutxi laguntzen dio.

Ibilbide gogorra da, eta zaila izango da berarentzat, baina ezin daiteke ezer baztertu. 260 kilometroko lasterketa izango da; beraz, gauza asko gerta daitezke. Peter sasoiko iritsiko da, aurreko Munduko Txapelketetara bezala, eta berriz ere zeresana ematen ahaleginduko da.

2001ean iritsi zinen txirrindularitza profesionalera. Asko aldatu al da ziklismoa ordutik?

Orain lehen baino askoz ere gauza gehiago dakizkigu. Txirrindularitza hobeto ulertzen dugu. Baina, funtsean, berdina da. Hori da politena. Orain dela 100 urte edo gaur egun, funts bera du txirrindularitzak.

Haatik, dopinaren itzal luzeak hor dirau. Azkenaldiko kasurik nabarmenena Chris Froomek iazko Vueltan emaniko positiboa da. Zer iritzi duzu zuk?

Nahiago dut gai horretaz ez hitz egin. Kasua hor dago, eta bukatuko da uneren batean. Erabakiko dute erabaki beharrekoa.

Baina kasua ez al da gehiegi luzatzen ari?

Erabaki oso garrantzitsua da. Jokoan dago pertsona baten lanbidea, beraz, azkar ez, ondo hartu behar da erabakia.

Euskal Herrira begira jarriz, zer itxura hartzen diezu Euskadi-Muriasen eta Euskadi Fundazioaren proiektuei?

Egoera pozgarria da. Urte gogorrak bizi izan ditu euskal txirrindularitzak, eta, zorionez, argi printzak ari dira agertzen. Ea proiektu berriek aitzinerat egiterik duten. Eta, ezin bada, ea elkarlanean ondo molda daitezkeen. Cajar Rural eta Movistar ere hor daude, beraz, estatu mailako txirrindularitza guztia hemen daukagu, Burgos BHren salbuespenarekin. Orain, beheko mailetan dabiltzan ziklistek motibazio handiagoa izango dute, irtenbide gehiago dagoelako.

Harrobian dabiltzanek ez dute eredu faltarik. Goi mailan euskal ordezkaritza ona dago.

Garai hobeak izan dira, baina, edonola, maila handiko jendea dago orain: Izagirre anaiak, Mikel Landa... Sailkapen nagusiak lehiatzeko txirrindulariak dira.

Gai ikusten duzu Landa Frantziako Tourra irabazteko?

Iaz lehian ibili zen, nahiz eta lider ez izan. Lehen esan dizut: podiumaren bueltan dabilenak irabazteko gaitasuna badauka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna