Diego Llorente. Realeko jokalaria

«Esan didate oso garrantzitsua dela Athletici irabaztea»

Sasoia 'gorabeheratsu' hitzarekin definitu du Diego Llorentek. Pena dauka Europarako lehian ezin ibiltzea. Denboraldia ondo amaitzeko amu gisa du biharko derbia. «Arretaz» prestatu dute.

jon eskudero
Donostia
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Realaren proiektuak «maiteminduta» etorri zen Donostiara joan den udan Diego Llorente (Madril, Espainia, 1993), baina aurreikuspenak «nahi baino urrunago» geratu zaizkio, denboraldi eskasaren ondorio. Ligan zazpi onenen artean sailkatzea zuen helburu, eta Europa ligan ere urrunago iritsi nahi zuen. Ordea, taldeak ondo erantzun ez izanaren errua «klubeko guztiena» dela aitortu du, eta hurrengo sasoiari begira dago jada. Denboraldi «askoz hobea» egiteko Realak badu gaitasuna, baina erregularragoa izan behar du. Arlo pertsonalean, pozik dago eginiko lanarekin, baina garbi du hobetzeko tarte zabala duela oraindik. «Huts nabarmen asko egin ditut». Jokalari gisa hobetze aldera, Realaren partida guztiak errepikatuta ikusten ditu telebistan. «Kameren bidez hobeto ikusten dira kokatzeko arazoak».

Lau jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta Realak jada ez du ezer jokoan. Ez gora ez behera begira dago. Zein da sasoiaren balorazioa?

Hitz klabea irregulartasuna da. Partida bikainak jokatu ditugu ustez gu baino talde hobeak zirenen aurka. Eta, alderantziz, benetan irudi kaskarra eman dugu sailkapeneko behekoen kontra. Joan den asteburuan Malagan jokatu genuen partida da horren adibiderik nabarmenena. Malagaren aurka jokoan izandako sei puntuek ihes egin digute, eta hori izan da gure bekatu nagusia: talde apalagoen aurka gehiago ez egitea, hain zuzen ere. Jarraitutasun handiagoa izan bagenu, Europako postuetarako lehian arituko ginatekeen, baina ez da horrela izan, eta hori ordaintzen ari gara orain. Ez atzera ez aurrera geratu gara ligan, eta balorazioak ezin du ona izan.

Realera iritsi zinenean klubaren proiektuak erakarri zintuela esan zenuen behin eta berriz. Dezepzioa jaso al duzu?

Ez, inola ere ez. Emaitzaz harago, proiektuak beste oinarri batzuk ditu. Kluba osasuntsu dago, etorkizunera begira garaipen gosea dauka, eta iritsiko dira emaitza hobeak. Nik zerbait polita egin nahi nuen sasoi honetan, baina gauza asko pilatu dira: entrenatzailea eta kirol zuzendaria aldatu zituen klubak, jokalari garrantzitsuak joan dira... Nahi edo nahi ez, horrek guztiak eragina du taldean, eta ez dugu asmatu zulotik ateratzen. Tarteka partida onak egin ditugu, baina bolada onek ez dute segidarik izan. Halere, klubaren balioek eta oinarriek bere horretan jarraitzen dute, eta lehen bezala pentsatzen jarraitzen dut. Gustatzen zait talde honen estiloa. Ez oso epe luzera, Reala talde handiagoa izango da.

Entrenatzailea aldatu dela aipatu duzu. Beranduegi hartu zuen zuzendaritzak Eusebio Sacristan kargutik kentzeko erabakia?

Bi urte eta erdi baziren Eusebio Realean zegoela, eta badakigu futbolean iraungitze datak gero eta murritzagoak direla. Entrenatzaile hura fitxatu zutenean, inor gutxik pentsatuko zuen Realak hain distiratsu joka zezakeenik, eta uste dut Eusebiok asko eman diola taldeari. Eskerrak eman besterik ezin dugu egin, guri erakutsi digun guztiak luzerako balioko baitigu. Dena den, egia da haren estilo eta jokatzeko erak gero eta eraginkortasun gutxiago zuela. Uste dut joko estilo bati leial izan behar zaiola talde bat, baina gauzek funtzionatzen ez dutenean aldatu egin behar dela. Eta ez genuen hori egin.

Eta ez al zenioten zuen iritzia ematen?

Bai, baina entrenatzaileak agintzen du. Nahi zuen gure nortasunari eutsita lehengo jokora itzultzea, baina ezinezkoa izan zen. Gaur egungo futbolean gero eta zailagoa da beti joko bera egitea eta puntuak hirunaka batzea. Bestela, ikusi besterik ez dago zer gertatu zitzaion Bartzelonari Erroman. Aurkariek goitik behera aztertzen zaituzte, oso ondo prestatzen da partida bakoitza, eta, beti gidoi bera erabiliz gero, filmak amaiera txarra izaten du. Nik Realaren partidak errepikatuta ikusten ditut beti hurrengo egunean, eta ikusten nuen beste taldeek ezin hobeto zekitela nola kokatuko ginen zelaian. Oso erraz sartzen zizkiguten golak, eta hori defentsa batentzat mingarria da. Dinamika txar batean murgildu ginen, eta Eusebioren kaleratzea iritsi zen.

Eta, orain, zer moduz Imanol Alguacilekin? Zer aldatu da?

Ez da iraultzarik egon. Xehetasun txiki batzuk aldatu ditu jokoa hobetze aldera, baina garrantzitsuena lan psikologikoa izan da. Jokalari gehienok hondoa jota geunden, eta berak argia ekarri digu, haize freskoa. Intentsitate handia jarri du entrenamenduetan lehen egunetik, eta konfiantza berreskuratuz joan gara. Emaitzek ere lagundu dute. Ipuruan hutsean berdindutako partida hura abiapuntua izan zen. Oso bolada gaiztotik gentozen, beldurtuta geunden, baina, ikusi genuenean gai ginela ondo jokatzeko, gerora konfiantza hartu genuen. Eta Malagako partidara arte dena biribil atera zen.

Taldea kudeatzen asmatu al du Imanolek?

Gakoetako bat hori izan da gora egiteko. Taldetik oin eta erdi kanpoan zuten jokalari asko berreskuratu ditu, denok berdinak sentitu gara bere aurrean, eta minutuak banatu izanak mesede egin digu. Talde indartsuago bilakatu gaitu. Batetik, lehen hasieratik aritzen ziren askok esnatu behar izan dute, jada tokia ziurtatuta ez zeukatelako hamaikakoan. Eta, bestetik, gutxi jokatzen zuten horiei motibazioa itzuli zaie. Ikusi da denak prest daudela ondo erantzuteko.

Orduan, nola azal daiteke Malagan gertatutakoa? Jendea haserre dago.

Itxaropen handia genuen partida horretarako, eta ez dakit arrazoitzen gertatu zena. Oso giro arraroa topatu genuen, eta ez genuen jakin izan gurera jokatzen. Lezio ederra jaso genuen. Halere, onena da derbi baten atarian gaudela orain, eta Malagakoa apur bat konpon dezakegula. Aste berezia izaten ari da, eta taldekideek esan didate oso garrantzitsua dela etxean Athletici irabaztea. Zorionez, San Mamesen jokatu ahal izan nuen; sasoiko partidarik onenetakoa jokatu nuen, gainera, eta han ere tentsio izugarria zegoen. Markatuta geratu zitzaidan egun hura. Eta biharko partida ere arreta handiz prestatzen ari gara.

Lehen aldiz izango duzue aurrean Iñigo Martinez. Zer hitz egiten duzue jokalariok gai horren inguruan?

Nahiko ahaztua dago gai hori. Nik Iñigo ez dut asko ezagutu Realean. Haren ordez zelairatuta egin nuen debuta Realarekin Deportivoren zelaian, baina bestelakoan ez gara askotan topatu. Uste dut harrera zaila jasoko duela Anoetan, baina Iñigok erabaki bazuen Bilbora joatea, onartu besterik ez dago. Taldea aldatu nahi zuen, eta kito. Gu hitz egiten ari garen bakarra da zaleek merezi dutela garaipen bat derbian eta horretan saiatuko garela. Iñigori buruz ez dugu ezer komentatu ia.

Pozik al zaude egiten ari zaren sasoiarekin?

Bai. Nire lehen denboraldia da Realean, eta, lehenengoak izaten direnez zailenak, nahiko konforme nago egindakoarekin. Oker ez banago, minutu gehien jokatu dutenen zerrendan zazpigarrena naiz, eta bada zerbait. Halere, beti gehiago nahi duen horietakoa naiz, eta ez naiz konformatzen. Asko daukat hobetzeko oraindik. Gaitasuna badut hobea izateko, erremintak ere bai, eta, toki aproposean nagoenez, hori da nire helburu nagusia. Hazten jarraitu nahi dut, klubarekin batera.

Golak sartzen badakizu, behintzat. Zazpi sartu dituzu, erdiko atzelaria izanda ere.

Bai, beti izan dut bertute hori, baina ez da nire zeregin nagusia. Defentsan jokatzen dut, eta saiatu behar naiz arlo horretan hobetzen. Izaeraz, nahiko lotsatia naiz, eta askotan kosta egiten zait taldekideekin behar den bezala komunikatzea. Horretan huts egiten dut gehien. Gainerakoan, baloia jokatuta ateratzen ere hobetu behar dut, baina badut denbora. 23 urte dauzkat oraindik.

Eta Realari, zer falta zaio talde handiagoa izateko?

Erregulartasuna. Realera etorri aurretik, historiako datuak errepasatzen aritu nintzen, eta jabetu nintzen denboraldi distiratsuak oso txarrekin nahastuta daudela klub honetan. Gai dira sasoi batean ligan goi-goian ibiltzeko, eta hurrengoan, beheko postuetan lehian. Hori da hobetu behar dena. Erregulartasuna irabazi behar du, urtero Europako postuengatik borrokatu, eta buru-belarri saiatuko gara. Jokalari apartak daude, maila badago, eta ez dago aitzakiarik.

Kirol arloa alde batean utzita, zer moduz izan da Donostian egin duzun lehen urtea?

Eguraldia ez beste guztia asko gustatu zait. Madrilen eta Malagan eguzkiarekin bizitzen ohitu naiz, eta hemen kosta egiten da euri eta hotz artean ibiltzea. Gainerakoan, oso pozik nago. Parte Zaharrean bizi naiz, erdigunean, nahi bainuen bertako bizimodua gertutik ezagutu. Jendea oso atsegina da, asko gustatzen zait pintxo artean ibiltzea eta Kontxan paseatzea, eta lasaitasuna arnasten da. Futbolean jokatzeko leku aproposa da.

Eta euskaraz hitzen bat ikasi al duzu?

Hasieran arreta handia jartzen nion euskarari. Kuriosoa egiten zitzaidan, baina azkar jabetu nintzen oso zaila dela. Ez dauka inolako zerikusirik gaztelaniarekin edo beste hizkuntza batekin, eta txikitatik ikasi ezean, zaila izan behar du ikastea. Halere, euskarazko katea askotan jartzen dut telebistan, eta begira egoten naiz, zerbait ulertu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.