Jagoba Arrasate. Numantziako entrenatzailea

«Ez naiz bizi Realari so; goza daiteke handik at»

Espainiako Lehen Mailara igo nahian dabil Numantzia, Jagoba Arrasateren agindupean. Berriatuarrak hirugarren sasoia du han, eta aurten ari da emaitza onenak lortzen. Igandean Osasuna izango du aurkari. «Finala» dela dio.

enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Realean egin zen ezagun Jagoba Arrasate (Berriatua, Bizkaia, 1978). Harrobian lan egin ondotik, laguntzaile jardunean aritu zen Philippe Montanier entrenatzaile frantziarrarekin, 2012-13ko sasoian, hain zuzen, talde txuri-urdina Txapeldunen Ligarako azkenekoz sailkatu zen denboraldian. Hurrengo sasoian, lekukoa hartu zion Montanierri, ondo hartu ere, estreinako denboraldian txukun aritu baitzen Reala: multzoen fasean aritu zen Txapeldunen Ligan; zazpigarren izan zen Espainiako Ligan, eta Europa ligarako sailkatu; eta finalerdietara iritsi zen Kopan. Bigarren denboraldia hasi eta gutxira, ordea, kolpea jaso zuen, Krasnodarren (Errusia), Europa ligatik kanpo geratuta. Kanporaketa horren eta ligako hasiera eskasaren ondorioz, kargutik kendu zuten azaroan. Edonola ere, garai hark gomuta gozoak dakarzkio Arrasateri. «Esperientzia oso ederra izan zen. Reala aipatzean, irribarrea marrazten zait aurpegian». Hori bai, hiru urte iragan dira geroztik, eta ez dago bigarren aukera baten zain. «Bakoitzak bere ildoa hartu du. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, baina gaur egun ez dut Realean pentsatzen».

Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko partida erabakigarria duzue igandean, Osasunaren kontra, etxean. Kanporaketa postuetan zaudete, baina puntu bakarra ateratzen diozue Osasunari. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Final bat izango da. Hiru partida gelditzen dira liga amaitzeko, beraz, hutserako oso tarte txikia dago. Lehia zaila izango da, behetik gora baitoa Osasuna. Azken bi partidak irabazita, bete-betean sartu da borrokan. Gainera, etxetik kanpo emaitza oso onak ari da lortzen. Nire ustez, hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan: gol aldea ere egongo da jokoan, eta aldarte aldetik ere erabakigarria izan daiteke. Irabazten duenak, inork irabaztekotan, bultzada handia jasoko du azken txanpari begira.

Osasuna fin dabil etxetik kanpo, eta zuek, berriz, etxean ari zarete emaitzarik onenak lortzen. Beraz, bakoitza erosoen dagoen tokian ariko da.

Hala da. Numantzia beti izan da talde sendoa Los Pajaritos zelaian. Talde honentzat oinarrizkoa da etxean ondo aritzea. Sasoi honetan ondo gabiltza, nahiz eta azken partidan kale egin [0-1 galdu zuten Valladoliden aurka]. Eta, Osasunari dagokionez, Sadarren baino dezentez hobeto dabil etxetik kanpo. Ez da ohikoa, baina hala ari da gertatzen. Partida zaila eta itxia aurreikusten dut. Hori bai, gure jokoa egiteko aukera izanez gero, uste dut irabazteko moduan izango garela.

Galdu egin dituzue azken bi partidak. Une txarra da estropezu egiteko, ezta?

Aurretik bolada ona harrapatu genuen, bost partidatatik lau irabazita. Ordea, azken biak galdu ditugu, Lorca eta Valladoliden kontra, eta kale egiteko tarterik gabe gelditu gara. Gauzak oso estu daude igotzeko kanporaketa jokatzeko lehian, eta bertan egon nahi duenak maila eman beharko du azken hiru partidetan. Hutsegiteak garesti ordainduko dira.

Zer azpimarratuko zenuke Osasunaz?

Uste dut talde oso sendoa dela. Atzean gauzak oso ongi egiten ditu. Lan nekeza da hari gola sartzea. Defentsako lanean oso ondo landutako taldea da. Erasoko jokoa ez du beste talde batzuek bezain landua, baina kalitate handiko jokalariak ditu, eta edozein unetan egin diezazuke min. Talde arriskutsua da trantsizioetan, eta oso adi ibili beharko dugu.

Duen taldea izanik, ez al litzateke lehen postuen borrokan ibili beharko?

Maila handiko taldea du, bai, baina ez nau harritzen esperotakotik behera aritzeak. Gauzak oso parekatuta daude Bigarren Mailan, eta, sarri, ez da aski izaten jokalari onak edukitzea. Granada ere jaitsi berria da, eta talde oso ona dauka, baina ez da nahi eta espero bezainbeste gozatzen ari. Beste talde batzuek, agian, ez dute hainbeste kalitate, baina multzo trinkoagoa dute, hainbat urtetako lanaren emaitza gisa.

Numantzia sailkapenaren erdialdean ibili izan da azken urteetan. Mailari arazo gehiegirik gabe eutsi dio batzuetan, eta larriago beste batzuetan. Aurten, ordea, igo nahian dabil. Helburu horrekin ekin zenioten sasoiari?

Mailari eustea zen lehen helburua. Klubak garbi du futbol profesionalean iraun nahi duela, bideragarri izateko. Ordea, emaitza onak kateatu, eta amets egiteko aukera sortu zaigu. Denboraldi ia guztia daramagu goialdean. Agian, ez genuen espero horrenbeste denbora egotea goiko postuetan. Lan bikaina egin dugu, eta orain ereindakoa jaso nahiko genuke, igoera faserako sailkatuta, edo, bederen, azken uneraino borrokatuta.

Espainiako Kopan egindakoaz ere harro izango zarete. Anekdotikoa izango da agian, baina final-zortzirenetan hortzak erakutsi zenizkioten Real Madrili [bina berdindu zuten Santiago Bernabeun]. Bada zerbait.

Garrantzi handia ematen diogu Kopan lortutakoari. Oso lehiakor aritu ginen, eta gai izan ginen Santiago Bernabeun berdintzeko. Txapelketa hori zama gisa hartzen dute talde batzuek, baina hazteko abagune gisa ikusten dugu guk. Sasoi honetan eginiko lanak hauspotu egin gaitu. Kopan gauzak ondo egiten dituzunean, konfiantza lortzen duzu ligari begira. Urte hasieran emaitzak ez ziren onenak izan, baina geroztik erregular gabiltza, beti kanporaketa postuen inguruan.

Hiru urte daramatzazu Numantzian. Gustura zabiltza?

Oso gustura. Kirolaz kanpo, familia eta ni oso eroso gaude Sorian. Toki ona eta lasaia da bizitzeko. Eta kirol arloan, uste dut lan ona ari naizela egiten. Lehen bi urteetan mailari eutsi diogu, eta sasoi honetan beste urrats bat ari gara egiten. Orain hobeto ezagutzen ditut kluba eta jokalariak, eta igartzen da. Taldea nire neurrira dago eginda, eta oso pozik nago.

Iaz nahiko larri ibili zineten mailari eusteko, baina, halere, beste urtebeterako luzatu zizun kontratua klubak. Halako erabakiak ez dira ohikoak gaur egungo futbolean.

Hori da, eta horrek erakusten du nolako kluba den Numantzia. Unean uneko emaitzei baino gehiago, pertsonei eta proiektuei begiratzen die. Ederra da halako filosofia duen talde batean lan egitea. Iaz justu antzean eutsi genion mailari, baina nigan sinesten jarraitu dute, eta sasoi honetan fruituak ari dira biltzen. Oso eskertua natzaie. Ikaragarria litzateke haiek emaniko konfiantzari Lehen Mailara igota erantzutea.

Gorengo futbolean, berriz, bosgarren urtea duzu. Ari zara bidea egiten.

Bai, oso pozik nago orain arte egindakoarekin. Oraindik 40 urte besterik ez dut, eta ederra da dagoeneko bost urtez elitean aritu izana. Teknikari hobea, osoagoa naiz orain. Gorengo mailan partidaz partida ikasten dira gauzak. Hartutako erabakiak zuzenak edo okerrak izan diren ikusiz zoaz, eta horrek hazteko eta zailtzeko aukera ematen dizu.

Realean hasi zen zure ibilia eliteko futbolean. Zer oroitzapen duzu esperientzia hartaz?

Oroitzapen oso gozoak. Esperientzia oso ederra izan zen. Reala aipatzean, irribarrea marrazten zait aurpegian. Garai benetan polita izan zen. Entrenatzaile izan aurretik, laguntzaile lanetan aritu nintzen Philippe Montanierrekin, eta liga laugarren bukatzea lortu genuen. Gero, teknikari moduan, taldea Txapeldunen Ligan zuzentzeko zortea izan nuen, eta, horrekin batera, Europa liga jokatzeko sailkatu ginen. Egia da Europan ez genuela jendeak esperotako emaitzarik lortu, eta arantza hori gelditu zaigula.

Zure bigarren sasoian, lehen hamar jardunaldien ostean kendu zintuen kargutik Realak. Pazientzia falta izan al zitzaion taldeari?

Azkenean, hori da futbolaren legea. Emaitzak txarrak direnean, entrenatzailea aldatzea erabakitzen da kasurik gehienetan. Nire kasuan, ez dut uste Realari pazientziarik falta izan zitzaionik. Ulertu nuen erabakia, eta gelditu zaizkidan oroitzapenak ederrak dira.

Aurten, Eusebio Sacristan kargugabetu du Realak. Iraungita al zegoen haren aroa?

Askok esan dute jada amortizatuta zegoela Eusebio. Ez dakit. Egia da taldea ez dela nahi bezain ongi ibili, baina uste dut handia izan dela Eusebioren ekarpena. Zorroztu egin du taldearen estiloa. Ondo izan denetan, Realak futbol aparta egin du. Agintariek erabaki dute aldaketa baten beharra zegoela, eta ez zaio buelta gehiagorik eman behar.

Xabi Prieto eta Carlos Martinezen aroa ere amaitu da. Zer esan dezakezu haietaz. Biak aritu dira zure aginduetara.

Nik uste dut jada esan direla esan beharreko guztiak. Ikaragarria da Realari eman dioten guztia, eta arrasto handia utzita joango dira. Xabi ikur bilakatu da, eta tokia irabazi du klubaren historian. Garai zailak eta gozoak bizitzea tokatu zaio, eta beti eman du aurpegia. Gauza bera esan daiteke Carlos Martinezez. Agian ez du Xabiren soslai bera, ez da horren mediatikoa-edo, baina zaleek estimu handia diote. Oso langilea da, eta hori ederki asko erakutsi du Realean emaniko urte guztietan.

Imanol Alguacil ari da ligako azken partidak zuzentzen. Taldea hark hartu zuenetik, emaitzek nabarmen egin dute hobera. Harritu al zaitu?

Ez, inondik inora. Ondo ezagutzen dut Imanol, eta badakit zertarako gai den. Zegoen egoeran, halako entrenatzaile bat behar zuen Realak. Energia asko transmititzen duen teknikaria da Imanol, eta hori oso ongi etorri zaio taldeari. Lan oso ona egin du, eta ez soilik lehen taldean; bigarrengoan ere bai. Bigarren Mailara igotzeko kanporaketetan sartu da Realaren bigarren taldea, eta hori, hein handi batean, Imanolek egindako lanagatik da.

Hark ez du lehen taldean jarraitzeko asmorik. Hori horrela, nolako teknikaria aukeratu beharko luke Realak?

Kluba ezagutzen duen norbait. Reala ez da edozein talde, eta hori ondo jakin beharko luke entrenatzaile berriak. Taldearen filosofiara eta estilora egokitzen den norbait fitxatuko dutela uste dut.

Espero al duzu inoiz bigarren aukera bat izatea Realean?

Ez naiz bizi Realari so; goza daiteke handik at. Gure bideak orain dela hiru urte banatu ziren, eta bakoitzak bere ildoa hartu du. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, baina gaur egun ez dut Realean pentsatzen, Numantzian baizik.

Zure izena hainbat klubekin lotu da; adibidez, Leganesekin. Une egokia izan daiteke taldea aldatzeko?

Orain ez da hori erabakitzeko garaia. Denboraldia oraindik ez da amaitu, eta Numantziari begiratzen diot soilik. Partida erabakigarriak ditugu, eta ezin dezakegu arreta galdu. Behin sasoia amaituta, klubarekin eseriko gara, eta ea zer proposamen egiten digun. Baina, lehenik, sasoia amaitu behar dugu, eta erronka handia dugu esku artean.

Leganesen Asier Garitano aritu da orain arte. Sekulako lana egin du bertan. Entrenatzaile aproposa litzateke Realarentzat?

Zaila da hori esatea. Dena den, esan dezaket oso langile fina dela. Lanerako grina du, eta horri esker lortu du Leganes gorengo mailan kokatzea. Ez dakit entrenatzaile egokia den Realarentzat, halakoak iragartzea ez baita erraza. Nolanahi, garbi daukat oso teknikari ona dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.