ACB Ligako finala

Kutsidazu bidea, Pedro

Kirolbet Baskoniak gaur ekingo dio ACB ligako finalari, Real Madril Europako txapeldunaren etxean. Lehia estua espero da, hala pistan nola aulkian. Iragan sasoian entrenatzaile berberak lehiatu ziren finalean, eta Pedro Martinezek gaina hartu zion Pablo Lasori. Orduan, baina, Valentzia zuzentzen zuen.
Pedro Martinez Baskoniako entrenatzailea eta Pablo Laso Madrileko entrenatzailea
Pedro Martinez Baskoniako entrenatzailea eta Pablo Laso Madrileko entrenatzailea / BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko ekainak 13
Kirolbet Baskoniak bere burua handi sentituko du berriz gaurtik aurrera. Talde handiak tituluen dantzan ibiltzen dira, eta, zortzi urte geroago, ACB ligako finalari ekingo dio gaur. Real Madril izango du aurkari, eta lehen bi partidak Madrilen jokatuko dira. Espainiako taldea da faborito handia, Euroligako egungo txapeldun izateaz gain sasoi honetan Baskoniaren aurka jokaturiko bost partidetatik hiru irabazi baititu.

Baskoniak ACB ligako finala jokatuko duen zortzigarren aldia da, eta aurreko zazpietatik hiru irabazi zituen. Hirurak gainera, oraingoan bezala, pista faktorea aurka izanda. Baskonia eta Real Madril talde handiak dira, baina hau da final batean elkarren aurka ariko diren bigarren aldia. Aurrekoa 2004-05eko sasoiko ACB ligako finala izan zen, Alberto Herrerosek bosgarren partidako azken jaurtiketa sartuz irabazi zuen hura. Real Madrilek zortzi punturen aldea irauli zuen 50 segundoan. Oroitzapen horri exorzismoa egiteko aukera du final honetan Baskoniak.

Real Madrilentzat ligako hogeigarren finala da, eta zazpigarrena jarraian. Taldea bere historiako boladarik gozoenean dago, baina iragan sasoian ezin izan zuen liga irabazi. Valentziaren aurka galdu zuen finala (3-1), eta Valentziaren aulkian Pedro Martinez zegoen, Baskoniaren egungo entrenatzailea. Pablo Laso Real Madrilen dagoenetik jasotako bizkarrekorik handienetakoa izan zen. Martinezek, beraz, badaki zer egin behar den Real Madrili serie luze bat irabazteko. Iragan sasoian, Valentzia aurkaria baino freskoago iritsi zen finalera, eta partida oso fisikoak planteatuta hartu zion gaina. Oso estu hartu zuen defentsan, eta Real Madrilen joko bizia eten zuen. Hiruko asko bota zituen, halaber. Talde hura, baina, Valentzia zen, ez egungo Baskonia, eta bi multzoek ezaugarri ezberdinak dituzte. Dena den, iragan sasoiko Valentzia ez zen Baskonia hau baino talde askoz hobea.

Martinez eta Laso eskarmentu handiko entrenatzaileak dira. Lasok zazpigarren urtea du Real Madrilen, eta tarte horretan bi aldiz irabazi du Euroliga, hirutan ACB liga eta bostetan Espainiako Kopa. Hori gutxi ez, eta inork ez ditu jokatu hark baino partida gehiago Baskoniaren elastikoarekin. Pedro Martinez, berriz, urrian iritsi zen Gasteizera, Pablo Prigioniren esperimentuak pizturiko sua itzaltzera. Denborak arrazoia eman dio zuzendaritzari. 11 talde ezberdin zuzendu ditu ACB ligan, eta birritan egon da Baskonian.

Hain ibilbide luzea izanda, normala da Martinezek eta Lasok zuzenduriko taldeek 32 aldiz jokatu izana elkarren aurka. Horietatik 21 Lasok irabazi ditu. Azken urteetan, baina, Martinezek talde hobeak zuzendu ditu, eta estatistika orekatu egin da. Lasoren aurkako azken hamar partidetatik lau irabazi ditu Martinezek. Bilduma hori asko luzatuko dela dirudi, Baskoniak eta Real Madrilek elkarren aurkako bost partidako seriea jokatu duten bost aldietan bosgarren partidan erabaki delako irabazlea.

Lasok Real Madrilen agintea hartu zuenetik bere zigilua ezarri zion. Erasoa lehenesten duen talde bat da, Euroligan eta ACBn puntu gehien sartu duen taldea. Euroligan 92 puntu sartu ditu partidako batez beste, Baskoniak baino lau gehiago. Hura garaitzeko bidea jario hori etetetik dator. Partidari gustuko erritmoa ezartzeko borroka taktikoa izango da. Baskonia ere gustura ibiltzen da erritmo bizietan, baina, finala kalitatearen esku bakarrik uzten bada, zaila izango da Real Madrili irabaztea.

Izenei dagokienez, Luka Doncic gaztea da Real Madrileko jokalari erabakigarriena. Liga erregularreko eta Euroligako Lauko Finaleko jokalari onenaren saria jaso du, eta udan NBAra joango da. Kanpoko lerroko jokalari garai eta indartsuak 12,8 puntu sartzen ditu partidako. Halere, ez da bakarra, Real Madrileko sei jokalarik ia hamar puntu baino gehiago sartzen baitituzte partidako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna