Bidasoak multzoen fasea du jokoan gaur

Nexeren pistan jokatuko du Europako Ligako multzoen faseko atarikoaren itzulikoa (18:00). Hiru golen aldea dauka alde.

Kauldi Odriozola jaurtiketa egiten, joaneko partidan, duela astebete, Artaleku kiroldegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bidasoak denboraldia hasi orduko dauka helburu bat betetzeko aukera: Europako Ligako multzoen fasera sailkatzea. Ondo bideratua dauka, lehen kanporaketa gainditu eta gero, bigarrenaren joaneko partidan 30-27 irabazi ziolako Kroaziako Nexe taldeari, Irunen. Hasierako asmoa gauzatu ahal izateko, gaur, itzuliko partidan (18:00, ETB4), alde horri eutsi beharko dio. Modurik eraginkorrena eta bizkorrena gaur ere garaile izatea da; bestela, joaneko emaitzarekin dantzan ibili beharko du.

Jacobo Cuetara entrenatzaileak oso garbi dauka bidegurutze horretan zein aldetara jo behar duten: «Irabaztera joan behar da», esan du partidaren atariko ohiko agerraldian. Horretarako, Artalekuko partidan pasatu behar izan zituzten zailtasunak leundu beharko ditu, eta aurkariari baino gehiago bere taldearen jardunari begiratu beharko dio Bidasoak. Ez zuen partida biribila jokatu, gorabehera handiekin ibili zen duela astebete, eta Nexek izan zuen kontrola. Azkeneko hamar minutuetan, etxeko taldeak agindu zuen, baina. Hor ireki zion tartea, hiru golen aldea lortu arte.

«Jotzera etorri ziren», esan du Cuetarak, kroaziarrek defentsan erabili zuten jarrera aipatuz. «Gauza bera egitera aterako dira haien etxean, eta epaileen esku egongo da hori egin ahal izango duten edo ez». Gaur ere Cuetararen taldeak zailtasunak baditu kroaziarren armiarma sarea hausteko, partidaren eta kanporaketaren gakoa euskal herritarren atzeko lanean egon daiteke. Irunen baino hobeto egin beharko dute lan hori. Kroaziarren lehen lerrokoen eta pibotaren arteko lotura oso eraginkor landu zuten haiek Artalekun, eta baliabide hori eten beharko dute Bidasokoek. Eta defentsako lan onak emango dio lasterka bizi kontraerasoan ateratzeko aukera. Horixe du, hain zuzen, bereizgarri onenetako bat Cuetararen taldeak.

Lan horiek ondo egiten baditu, multzoen fasean sartzeko aukerak bikoiztu egingo zaizkio. Beste modu bat da kroaziarren atzeko sarea Irunen baino hobeto zulatzen asmatzea. Hori ere gerta daiteke. Azkenean, aldagai askoren mende egongo da kanporaketako emaitza, eta Cuetarak esan duen bezala, «kontu txikiek erabakiko dute zein taldek egingo duen aurrera. Partida parekatua aurreikusten dut».

Kroaziarren balizko presak

Cuetarak beste aldagai honi ere egin dio aipamena gaurkoaren atarikoan: «Baliteke Nexek jokatzeko modua aldatu behar izatea. Hiru golen aldeari buelta eman behar diote». Irunen, erritmo geldoa ezartzera aritu ziren, Bidasoak nahi duenaren kontrakoa, hain zuzen. Gaur, ordea, arinago jokatu beharko dute, hiru golen aldeaz galtzen ekingo baitiote partidari. Bizi jokatze horretan bada, gainera, beste aldagai bat: Nexek baino lehiaketa erritmo egokiagoa du Bidasoak, partida gehiago jokatu dituelako sasoi hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.