Abiapuntu berriak ospatuz

Beietz talde arbizuarrak bere bigarren diskoa argitaratu du, 'Askatu aingura'. «Jai giroan murgiltzeko» zortzi kantuz osaturiko lana da

Larraza, Areta, Leitza, Quintana, Goikuria, Skalari, Mendinueta eta Jaka, Beietz taldeko kideak. BERRIA.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bei, Arbizutik. Beietz, baikortasunetik. «Energiaz beteriko proiektua da, indartsua; eta gure hizkeraz, noski», azaldu du Hiart Leitzak, Beietz taldeko abeslariak.Hura eta bertze zazpi kide aritzen dira 2018an sortu zen taldean: Mikel Goikuria (biolina), Maider Jaka (txistua), Ainhoa Quintana (akordeoia), Martin Larraza (baxua), Oihan Mendinueta (gitarra), Ritxi Areta (bateria) eta Peio Skalari (konposizioa, produkzioa, grabazioa).

«Jai giroa elikatzeko» zortzi kantuz osaturiko lana argitaratu du, bigarrena, Arbizuko (Nafarroa) Estudio Bat diskoetxearekin: Askatu aingura. «Izena metafora bat da: norberak aska dezala zama edo daukan motxila astuna aurrera jarraitu ahal izateko. Askatasunarekin badu zerikusirik gure sorkuntzak».

2019an kaleratu zuen Erraietatik lehenbiziko diskoa taldeak, baina lehen fruitua murtxatzeko astirik gabe geratu zen. Lehen urratsak egin bitartean, pandemia heldu zen, eta bilakaera mantsotu zuen. «Galga bat izan zen guretzat, ez genuen aukera izan geure burua aurkezteko, nolabait». Ezintasun sentsazioaren aitzinean, formulari buruz hausnartu zuten. «Bigarren diskoaren prozesua luzea izan da, eta, azken finean, labean genuen hori atera dugu». Bestaren ernamuina pandemian txertatu zen, paradoxikoki.

Estiloaz galdetua, «zeltik parranda» jotzen dute. Melodian, musika tresnetan eta kideen identitatean oinarritzen dute deitura. «Horrela bataiatu genuen, abizen hori geure buruari jartzeko. Zer da? Parrandarako egokia den melodia zeltaren eta rockaren arteko fusioa». Kutsu zelta, musika tresnekin lotzen dute: akordeoia, txirula, biolina. Maila berean, rockak badu lekua, eta esperientziak osatu du hautua. Izan ere, taldekide guztiek badute ibilbide bat generoaren bertze musika proiektu batzuetan.

Alabaina, hezurdura ez da horretara murrizten; abeslariak onartu du estilo andana zabaltzea gustuko dutela. Folk estilotik ere edaten dute, baita punk, pop eta skatik ere. Musikaltasunetik haratago, baieztatu dute euskal identitatea ez dutela galdu, proiektuaren ardatzetako bat baita. «Hemengoak gara [Arbizun sortu arren, taldeak Lakuntza, Tafalla eta Aguraingo kideak ere baditu], eta zentzua aurkitu diogu nortasuna irudikatzeko manera horri».

Zuzenekoa, erdigunean. Pretentsio handirik gabe, «ongi pasatzea» xerkatu dute, artistek zein publikoak. Kantuak «zuzenean defendatzeko» asmotan baitabiltza.

«Leun bezain zorrotza»

Leitzak berak osatzen ditu hitzak; hura inspiratzen duten hainbat gairi buruzkoak dira. «Gizartean ikusten dudanaz edota inguratzen nauenaz idazten dut, mugarik gabe». Haatik, prisma pertsonaletik kanpo, musika gauza askotarako erabil daitekeela sinisten dute. Adierazi du abesti batzuek izan ditzaketela «esanahi asko», entzulearen abiapuntuaren arabera. Emakumeon borroka feminista, errefuxiatuak edo euskara maiz mahai gainean jarri dituzte kantuetan, «poesia iradokitzaile bidez, leun bezain zorrotza». Askatu aingura kantuaren bideoklipa zabaldu dute, gainera, Zumaiako hondartzako paisaian (Gipuzkoa) eta Arbizuko tabernetako giroan murgilduta.

Beietzen ekarpena bertze alderdi batzuetatik ere azal daiteke: hiru emakumek eta eskarmentua duten artistek osatuta, alaitasunaren berrasmatzearen aldeko apustua egin dute.

Lana aurkezteko bira hasi berri dute, eta kontzertu anitz dituzte iragarriak: Irurtzunen (Nafarroa) izan dira, bihar Galar Zendean joko dute (Nafarroan), eta Bizkaian lehen kontzertua maiatzaren 27an emanen dute, Bilboko Stage aretoan, Juantxo Skalari & La Rude Band taldearekin batera. «Ilusio berezia egiten digu kontzertu horrek, Skalari anaiekin arituko baikara». Ondoren, Leioan (Bizkaia) eta Puiun (Nafarroa) joko dute. Iruñeko sanferminetan dute Askatu aingura biraren azken geldialdia: «Uste dut kontzertu hori oso berezia izanen dela, festaren epizentroan». Zeltik parranda ziurtatuta, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.