Bide orriaren berri izan dute

Espainiako Lehen Mailako egutegiaren zozketa egin dute. Lehen partidan, Realak Bartzelonari egingo dio bisita; Athleticek, Elxi; Alavesek Real Madril hartuko du; eta Osasunak, Espanyol

Ruben Garcia Osasunakoa eta Ximo Navarro Alavesekoa. A. RUIZ DE HIERRO / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Datorren denboraldiko futbol sasoiaren aurreneko egitekoa bete dute: Espainiako Lehen Mailako egutegia zozkatu dute. Horrela, maila horietan jokatuko duten lau euskal taldeek badute euren bide orriaren berri. Hori jakinda hasiko dira lanean datorren astean Reala, Athletic, Osasuna eta Eibar.

Abuztuaren 14ko asteburuan jokatuko dute ligako lehen jardunaldia. Aldaketa handia izango da aurreko denboraldiarekin konparatuta. Izan ere, ondo bidean, ikusleak izango dira aspaldiko partez harmailetan. Lehen Mailan, 2020ko martxoaren 8an jokatu zuten azkeneko norgehiagoka ikusleen aurrean. Beraz, ia urte eta erdi geroago itzuliko dira zaleak maila nagusiko estadioetara.

Eta lehen jardunaldi horretan Realak eta Alavesek partida zailak izango dituzte: gipuzkoarrek Bartzelonari egingo diote bisita, eta arabarrek Real Madril hartuko dute Mendizorrotzan. Aldiz, aurkari samurragoak izango dituzte Athleticek eta Osasunak: zuri-gorriek Elxen (Herrialde Katalanak) jokatuko dute, eta gorritxoek Espanyol hartuko dute Sadarren. Athletic eta Reala bigarren jardunaldian ariko dira estreinakoz beren zaleen aurrean: zuri-gorriek Bartzelonaren aurka jokatuko dute San Mamesen, eta txuri-urdinek Rayo Vallecanoren kontra, Anoetan.

Halakoetan, aintzat hartzekoa izan ohi da azken jardunaldia ere, gauza asko egoten baitira jokoan. Hauek izango dira neurketak, maiatzaren 22an: Alaves-Cadiz, Osasuna-Mallorca, Reala-Atletico Madril eta Sevilla-Athletic.

Lau euskal talde izanik, hamasei derbi jokatuko dituzte guztira. Lehena bosgarren jardunaldian izango da, irailaren 19an: Alaves eta Osasuna izango dira aurrez aurre, Gasteizen.

Bigarren Mailan ere abuztuaren 15ean ekingo diote ligari. Amorebietak Gironan hasiko du Bigarren Mailan egingo duen historiako lehen sasoia; Eibarrek Huescan, eta Reala B-k Leganes hartuko du etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.