Donostiako 54. Jazzaldia

Begirada japoniar bat jazzari

Donostiako Jazzaldia hamabi emanaldiko zikloa egiten ari da Japoniako hainbat musikarirekin

Ezkerretik eskuinera: Yuki Arimasa, Rei, Chihiro Yamanaka, Ai Kuwabara eta Ryo Ogihara. JON URBE / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Erritmo afro-amerikarrak oinarri, hainbat genero nahasten dituen musika da jazza. XIX. mendearen erdialdean jaio zen New Orleans hirian (AEB), baina azkar hedatu zen mundu osoan, baita Japonian ere. Horren erakusgarri da Donostiako Jazzaldia; izan ere, jaialdiak ziklo bat eskaini dio Japoniako jazzari, bere 54. aldian. Joan den asteazkenean hasi zen jaialdia, eta zikloko hainbat artista aritu dira jada oholtza gainean, baina beste hainbat falta dira oraindik. Rei, Eri Yamamoto, Chihiro Yamanaka, Ai Kuwabara eta Yuki Arimasa eta Ryo Ogihara musikariek hamabi kontzertu emango dituzte guztira, bakarka, bikoteka zein taldeka. Parte hartzaile guztiak bat datoz zerbaitetan: gitarra eta pianoa dira instrumentu bakarlariak.

Jazza AEBetako artearen «adierazpide jasoa» dela dio Yamanakak, eta «munduko musika guztien jatorria» dela. «Etengabean aldatzen» ari den musika genero horretan, musikari bakoitzak bere sorterriko kultura txertatzeko aukera duela deritzo artistak. Horren adibide da Yamamoto, AEBetan hamar urte baino gehiago daramatzan piano jotzaile japoniarra. Bere musika ibilbidea han egin duen arren, sorterriarekin lotura estua dute bere lanek. Azkena, Goshu Ondo, Donostiako Jazzaldian aurkeztu zuen Easo abesbatzarekin batera, joan den ostegunean. Japoniakoharmonien eta jazzaren fusioan oinarrituta dago lana. Arimasa ere bat dator horrekin guztiarekin; haren ustez, jazza «jatorri zehatz batekin lotu ezin den» musika generoa da.

Rei, berriz, AEBetako bluesa eta rocka uztartzen dituen artista da, eta jazza hizkuntzaren mugetatik kanpo dagoela deritzo. «Musikaren hizkuntzaren» bidez, hainbat jatorritako pertsonak elkar komunika daitezkeela uste du.

Japoniako jazzari eskainitako zikloan joko duten bost proiektuetatik hirutan emakumezko instrumentistak izango dira zuzendariak. Yamanakak Japoniako jazzean emakumeen artean «talentu handia» dagoela nabarmendu du. Hala eta guztiz ere, gehitu du oraindik «lan handia» dagoela egiteko. Musikariaren hitzetan, Japonian piano ikasketak egiten dituzten ikasleen %50 emakumeak dira; gitarraren kasuan, berriz, portzentaje hori txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.