Hamar minututan egin dio ihes

Bidasoak sei gol jaso ditu jarraian bigarren zatiaren hasieran, eta 27-25 galdu du Presoven

Kauldi Odriozola, jaurti nahian, Anaitasunaren aurkako derbian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Atzo arte hiri kutuna zuen Bidasoak Presov (Eslovakia). Behin jokatu zuen bertan, eta irabazi egin zuen. Duela bi urte izan zen, Txapeldunen Ligako multzoen faseko lehen partidan. 23 urtez Europako kluben arteko lehiaketa nagusia jokatu gabe egon ondoren, itzulera bikaina izan zuen Irungo taldeak (Gipuzkoa). Atzotik, ordea, oroitzapen onetik adina du txarretik. 27-25 galdu zuen Bidasoak Tatran Presoven kontra, Europako Ligako multzoen faseko aurreneko jardunaldian. Hala, estreinako ustela izan du denboraldi honetako Europako ibilian. Zorionez, lehia hasi besterik ez da egin. Garaiz dago suspertzeko.

Jacobo Cuetarak emana zuen abisua Presoven jokatu aurretik. Tatranek ez zuen batere antzik duela bi urteko taldearekin. Orduan oso jokalari garaiak, zabalak, pisutsuak eta indartsuak zituen, eta erritmo nahiko motelean aritzen zen. Orain, ordea, jokalari bizi-biziak ditu, eta erritmo azkarrean aritzen da, eta gai da jokamolde bat baino gehiago egiteko. Bidasoa kapaz izan da halako taldeei aurre egiteko, baita nagusitzeko ere, baina atzo ezinean aritu zen.

Lehen zatian ondo eutsi zion Tatran Presovi. Eutsi bakarrik ez, hura baino gehiago izan zen minutu gehienetan. Bi golen aldea izan zuen behin baino gehiagotan, eta Colodeti Eslovakiako taldeko atezainarengatik izan ez balitz, abantaila handiagoa lortuko zuen. Halere, berdinduta amaitu zuten aurreneko zatia: 12-12.

Bigarren zatia hasi, eta ordu arteko parekotasuna haustea; biak bat izan ziren. Etxekoek sei gol sartu zituzten bata bestearen aurretik: 18-12. Horietatik asko kontraerasoan izan ziren. Bidasoa ia hamar minutuz egon zen gol bakar bat ere egin gabe. Penaltiz sartu zuen bigarren zatiko lehenbiziko gola. Jabetu orduko, irundarrek oso maldan gora zuten lehia.

Baina hogei minutu falta ziren. Denbora zegoen. Defentsan hortzak estutu eta erasoan aspaldiko partez eraginkor arituz, Bidasoa aldea murrizten joan zen pixkanaka-pixkanaka. Gol bakarrera jarri zen hainbatetan, eta Zabalak eskura izan zuen berdinketa, baina berriz azaldu zen Colodeti. Geldiketa horrek, hain zuzen, etxekoak hauspotu zituen, eta bi gol jarraian sartuta, erabakita utzi zuten partida hiru minuturen faltan: 24-21. Irundarrek azkeneko ahalegina egin zuten, eta hirutan jarri ziren gol bakarrera (24-23, 25-24 eta 26-25), baina Sergio Lopezek eman zien azkena, azken unean 27. gola sartuta, eta etxekoen garaipena ziurtatuta.

Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Zubileta Evolution Zuazok gaur jokatuko du, Lasesarren, Mecalia Atletico Guardesen aurka (20:20). Barakaldarrek erronka zaila dute, Galiziako taldea koska bat gorago baitago. Baina Joseba Rodriguez Haito-k entrenatutakoek azken jardunaldian etxean lortutako garaipena dute akuilu: Morvedreri irabazi zioten. Sasoiko lehen garaipena izan zen. Gaur berriz ere ariko dira euren zaleen aurrean, eta hori aprobetxatu nahi dute ustekabea emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.