Jokabidea, ahotsa eta hizkuntza zalantzan Tabakaleran

'Une musique intérieure' erakusketa ireki dute Donostian, apirilaren 24ra arte. Hitzaldiak, musika eta performanceak ere izango dira

Une musique intérieure erakusketa ireki dute Tabakaleran. TABAKALERA.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Une musique intérieure (Jokabidea, hizkuntza, ahotsa eta barne entzumena) erakusketa zabaldu zuten atzo Donostiako Tabakalera zentroan, Lau Pareta aretoan. Askotariko diziplinak biltzen dituen proiektu gisa definitu dute, eta adierazi egitasmoak publikoa gonbidatzen duela zalantzan jartzera barne bizitzaren eta kanpo munduaren arteko harremanak orekatzeko erabiltzen dituen «portaera eta lengoaiak». Alegia, erakusketak zalantzan jartzen ditu norbere jokabidea, hizkuntza eta ahotsa, «barne entzumenaren oreka edonork zalantzan jarriko lukeen bezala». Atzo inauguratu zuten, eta apirilaren 24ra bitartean egongo da ikusgai.

Erakusketak ez ezik, jarduera programa «zabal» batek ere osatzen du proiektua: performanceak, kontzertuak eta hitzaldiak tartean. Tokiko eta nazioarteko artistek parte hartuko dute. «Une musique intérieure-k partiturak, ariketak, oharrak eta jarraibideak aztertu, eta kontzertu, performance, irakurketa eta hitzaldi gisa aktibatuko ditu».

Georgia Sagri eta Delia Gonzalez artisten performance baten interpretazioarekin abiatu zuten egitasmoa: Solo - Nature Study Notes - 1969-2019 [Athens Version] 2021. Atenasen egin zuten obra horren lehen bertsioa, joan den udan, eta, Donostian, «beste modu bat» bilatu nahi izan zuten beste esparru kultural, estetiko eta instituzional batean sortzen dituen harrera moduak aztertzeko: «Pieza honek, beste obra eta esku hartzeekin batera, publikoa bultzatzen du bere barne musikarekin duen harremana aurkitzera». Jarraian ireki zuten erakusketa. Gaurko, berriz, egitarau zabala osatu dute: The Greeting performancearekin ekingo diote egunari, eta hitzaldi bat, musika saioa eta irakurketak egin zituzten segidan.

Erakusketak 60ko eta 70eko hamarkadetako arte kontzeptualaren ondarea aztertzen du, «ekoizpen artistiko berrien eta hainbat berrikuspen historikoren bidez». Artelanaren testuinguruan arreta jartzen «aitzindariak» izan ziren konpositoreen partiturak gogora ekarriko dituzte.

Guztira, hamasei artistaren lanak erakutsiko dituzte; besteak beste, Donostian bizi zen Amable Ariasena. Nazioartean proiekzio handia izan duten artisten belaunaldi berri bat ere izango da: Eva Barto, Delia Gonzalez, Daniel Gru, Mattin, Georgia Sagri eta Matthieu Saladin.

Une musique intérieure erakusketak jarraitu egingo dio duela hilabete batzuk Tabakalerak soinuari eta musika esperimentalari buruz abiatu zuen lan ildoari. Musika dena eta eszena programarekin ere badu lotura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.