Lau eserlekuak hartu dituzte

San Juan Euskotren ligan ariko da, eta lekua eskura daukate Oriok, Hondarribiak eta Arraunek

Lau eserlekuak hartu dituzte.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoarrek hartu zituzten atzo Euskotren ligako lau eserlekuak, eta bapo eserita geratu ziren gaurkoari begira, gaur erabakiko baita zein hiru talde izango dituen aurkari San Juanek ligan, sailkatze estropadako bigarren egunean, Zierbenan. San Juan sailkatuta dago, atzo onena izan zelako eta nahikoa zuelako atzo edo gaur aurreneko bosten artean eginda helburua lortzeko. Orio geratu zitzaion atzetik, eta ondoren Hondarribia eta Arraun Lagunak sailkatu ziren.

Datu zehatzekin jarraituz, atzoko bandera San Juanek eraman zuen, bandera ere bazelako jokoan, eta beste hau ere oso kontuan hartzekoa da: aurreneko lau taldeak hamaika segundoren barruan sartu ziren. Berdintasuna aurreikusten zen, eta halakoak atera ziren kontuak, bai behintzat lehen lauren artean. Bete ez zena beste hau izan zen: lehen bi lekuak nahiko segurutzat jotzen baziren ere San Juan eta Oriorekin, beste bietarako aurreikusten zen lehia estua, baina Hondarribiak eta Arraunek bakarrik eman zuten aurrez espero zen maila. Euskotren ligara sailkatzeko hautagaien artean zegoen Deustuk, adibidez, oso atzean bukatu zuen, eta seigarren amaitu zuen lana. Hogei segundo atera zizkion laugarrenak, Arraunek, eta bosgarren lekua ere ez zuen eskuratu, Donostiarrak bukatu zuelako atzo leku horretan. Kolpea hartu zuten bizkaitarrek, eta galtzak bete lan izango dituzte gaur atzokoari buelta ematen.

Kolpea eman zuen, baina beste norabide batean, Hondarribiak. Atzoko ezuste handiena eman zuen, inork edo ia inork ez baitzuen espero hirugarren izatea. Ligan sartzeko lehiakide zela aurreikus zitekeen, baina hain goian bukatzea ez, eta are gutxiago San Juanengandik eta Oriorengandik hamar segundora sailkatzea. Gainera, beste taldeen erreferentziarik gabe egin zuen lana, aurrena ateratzea egokitu zitzaiolako.

Beste muturrean oraintsu arte goi-goian ibili den Hibaika geratu zen, egitasmo berriaren lehen pala kolpe hauetan. Ziaboga, gainera, istriborretik eman zuen, eta azken-aurreko izan zen.

Gaur eguerdiko estropada ere erlojuaren aurka izango da (11:45, ETB 1), eta puntuetan berdinketa badago taldeen artean, atzoko denborak ere kontuan hartuko dira berdinketa hausteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.