«Ausardiaz» beteriko diskoa

'Percebe, dana edo ezebez' diskoa kaleratu berri du Aneguria abeslari eta MCak
Aneguria abeslaria, bere disko berria eskuetan duela.
Aneguria abeslaria, bere disko berria eskuetan duela. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Peru Azpillaga -

2018ko urriak 18
«Bestelako» musika proposamen bat egiten du Ane San Miguel Crespo Aneguria abeslari eta MCak, Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko kidearen ustez. «Ausarta eta indartsua da». Abeslariaren Percebe, dana edo ezebez disko berria du eskuetan. Biluzik eta lanpernaz josita ageri da Aneguria bertan; musika entzun baino lehenago ere argi geratzen da beste mota bateko artista dela. «Euskal Herrian, disko azal gutxi ikusi ditugu halakoak; harrotasuna izan behar da horrela agertzeko». Iaz, Banden Lehia irabazi zuen abeslariak, eta, sari gisa, diskoa grabatu du Baga Bigarekin.

Behin azala pasatu eta diskoan murgiltzean entzuleak lan «oso indartsua» topatuko duela uste du Aizpuruk. Askotariko estiloak eta melodiak biltzen ditu diskoak: «Ez dago rap askorik, agian oinarrietan bai, baita reggae pixka bat ere, baina, batez ere, Aneguria dago, rap modura abesten dituen abesti horiek pop mundura ekarriz». Bat-batean aritzetik oso bestelakoa den disko bat da.

Zortzi abestirekin osatu du diskoa Aneguriak sei kantu eta bi birnahasketa—, eta hiru ekoizlerekin egin du lan: doinuen eta estiloen araberako ekoizleak izan ditu aldamenean. Hala, hiru musika oinarritatik abiatuta, askotariko estiloak landu ditu. «Nire musika aldatu egin da, nire erreferentziak ere aldatu egin direlako», azaldu du Aneguriak. «Nik ekoizleak bilatzen ditut. Ekoizle bakoitzak berezko soinua du, erraz igartzen dena. Beraz, haien soinua plazaratzen dut nirearekin nahasita; hau da, nire melodiekin eta hitzekin batera».

Berak sortutako hitzekin eta doinuekin nahastu ditu ekoizleek sortutako musika oinarriak, eta hala osatu ditu hiru estilotan bereiz daitezkeen zortzi abestiak. «Lehenengo ekoizlearen kutsua oso elegantea da, baina, baimen kontuengatik, ezin dut esan bera nor den. Hurrengo hiru abestiak Ikki-k egin ditu; egun artista onenei abestien oinarriak egiten dizkien ekoizlea da, eta, beraz, haren kutsu komertziala ere badu diskoak». Aneguriak aitortu du ilusio berezia egiten diola Ikkiren oinarriak erabiltzeak: «Azken finean, haren oinarriekin egindako abestiek sekulako arrakasta izaten dute, eta bere Youtubeko kanalak milaka bisita ditu; orain euskarazko abesti bat egongo da horien artean». Azken bi birnahasketetan, berriz, Axular Arizmendik txertatutako oinarri elektronikoa dago.

Abeslariak aitortu duenez, diskoa grabatzeko Banden Lehiako epeetara egokitu behar izan du, eta emaitza «gordina» bezain «ona» izan dela dio. «Ni ez nago ohituta hain epe motzean abestiak egitera; denbora gehiago izan banu, agian gauza batzuk aldatuko nituzkeen, edo beste detaileren bat txertatuko nukeen, baina, hala ere, emaitzaz harro nago».

Lanaren helburuak ere argi zituen abeslariak, eta lau zerrendatu ditu: elektronikoa eta indartsua izatea; musika komertziala biltzea; dantzatzeko baliagarria izatea; eta berbenen giroarekin apurtzea. Emaitzarekin pozik, orain zuzenekoetan diskoari bere bat-batekotasuna txertatzea da Aneguriaren asmoa. Alde horretatik, musika elektronikoan ohikoak diren ikus-entzunezko proiekzioen eta argi ikuskizunen alde azaldu da, eta adierazi du halakoek presentzia txikia dutela Euskal Herriko artisten artean. «Sustatzaile gutxik egiten dute horren aldeko apustua, garestia izaten delako eta ez zaiolako duen garrantzia aitortzen».

Aizpururentzat, abeslariak sortu dituen melodiak dira «politenak», baina adierazi du haren hitzak ere aztertu beharrekoak direla: «Sexuaz hitz egiteko duen naturaltasuna itzela da. Batek baino gehiagok eskuak burura eramango ditu, baina funtsezkoa da abestiak entzutea». Aizpuruk nabarmendu du Aneguriaren bizitzatik sortutako kantuak direla: «Nolabait, bere bizitzaren pasarteak daude kantuetan, eta, gero, berak berezkoa duen indarra ematen die, zuzenekoetan hainbeste eskertzen dena».

Banden Lehiak, hamar urte

Zabalik da jada Azkue fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika lehiaketaren hamargarren aldian izena emateko epea. Euskal musika sustatzen du lehiaketak, eta musika talde amateurrik onena aukeratzen du urtero. Ospea irabazi du urtez urte, eta, Aneguriaz gain, egun arrakasta duten beste hainbat artistak irabazi dute; besteak beste, Eskean Kristo, Enkore eta Zazkel taldeek.

Taldeek urriaren 26ra bitarte eman ahalko dute izena, Internet bidez, Banden Lehiako webgunean beren kantak argitaratuta. Publikoak Twitter bidez eman ahalko du botoa, eta, gero, epaimahaiak hori kontuan izango du lau finalistak aukeratzeko. Azaroaren 17an zuzeneko kontzertua egingo dute lau finalistek, Bilborocken, eta prozedura berari jarraituz erabakiko dute irabazlea.

Aurten hamargarren aldia izanik, sari kopurua handitu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna