Txistua, orkestraren fantasian

Bost kontzertu emango ditu EOSek, Stephen Hough pianistak sortutako 'Agata' aurkezteko

EOSek Euskaraldiarekin bat egin zuen atzo, Santa Zezilia egunean. EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA.
Andoni Imaz.
2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Musikarien eguna izan zen atzokoa, Santa Zezilia, eta EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak denboraldiko lehen estreinaldiaren berri emateko baliatu zuen. «Euskal fantasia» bat aurkeztuko dute: Stephen Hough pianista eta konpositoreak orkestraren enkarguz idatzitako Agata: a Basque Fantasy. Azaroaren 26an egingo dute lehen emanaldia, Gasteizen, eta hurrengo egunetan ariko dira Iruñean, Bilbon eta Donostian —bi egunean jarraian—.

Robert Treviño EOSeko zuzendariari eskaini dio Houghek lana. Bereizgarri nabarmena du: txistua orkestrarekin ariko da. Musika tresna bat gehiago izango da orkestraren partituran, eta flauten alboan eseriko da Garikoitz Mendizabal txistularia.

Santa Ageda euskal kanta tradizionala da Houghek sortutako zazpi minutuko konposizioaren oinarria, Italiako melodia batekin nahastuta. Lanaren hainbat zatitan hautematen da jatorrizko kantaren melodia, Hough sortzailearen arabera.

Abesti berezi hori jo ondoren, Houghek Antonin Dvoraken Piano eta orkestrarako kontzertua, Op.33, B.63 piezari helduko dio. Dvorak bohemiarrak Brahmsen omenez sortu zuen hura, eta, orkestrak berak adierazi duenez, gutxitan izaten da zuzenean entzuteko aukera.

Kontzertua bukatzeko, errepertorio britainiarreko lan entzutetsu bat eskainiko du orkestrak: Enigma bariazioak, Op.36. Lan horretan, Edward Elgar musikariak hamalau lagunen nortasuna irudikatu zuen, askotariko baliabideak erabilita. Gainera, oraindik konpondu ez den enigma bat sartu zuen lanean. Agata erupzioan du izena EOSen kontzertuak, eta sarrerak salgai daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.