Zinemaldiaren artxiboa herritarren esku jarriko dute

1976tik 1980ra bitarteko artxiboko materialen gaineko ikerketa aurkeztuko dute, abenduaren 7an, Donostiako Tabakalera zentroan

Proiektuaren sustatzaileak, atzo, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Duela hemezortzi hilabete hasi ziren Donostiako Zinemaldia, Tabakalera eta Elias Kerejeta Zine Eskola Zinemaldiaren artxibo dokumental zabal eta oparoan arakatzen. Orduan sortu zuten, hiru erakundeen artean eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak egitasmoa, ia zazpi hamarkadan pilatutako material guztia bildu, haren gaineko ikerketak garatu, eta merezi duen balioa emateko helburuarekin. Hain zuzen ere, proiektuaren lehenengo jarduera urtean, Franco diktadorea hil ondorengo urteetan (1976-1980) Zinemaldiak izandako bilakaera aztertu dute Pablo La Parrak koordinatutako Elias Kerejeta Zine Eskolako zortzi ikaslek, eta ikerketa horren emaitzak aurkeztuko dituzte jendaurrean, abenduaren 7an, Donostiako Tabakaleran.

Aurreneko aurkezpen ekitaldi horretan, urte haietan antolatu ziren programak eta Zinemaldiak berak izan zituen eraldaketak ekarriko dituzte gogora. Hala, batetik, Zinemaldiak 1976. eta 1980. urteen artean izan zituen aldaketak aurkeztuko ditu La Parrak, eta nazioarteko beste jaialdi batzuek asaldura politiko eta sozialeko giroetan izandakoekin alderatuko ditu; eta ondoren, Antonio M. Arenas, Sara Hernandez, Clara Rus eta Neus Sabate Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle eta Zinemaldia 70 proiektuaren lantaldeko kideek 1970eko bigarren erdialdean Zinemaldia demokratizatzen saiatu ziren egitasmo zehatzei buruzko azterketak aurkeztuko dituzte.

Bestetik, emakumeek sortutako zinemari buruz 1978an eginiko zikloa oroituko dute —besteak beste, Agnes Varda, Vera Chytilova, Pilar Miro eta Mirentxu Loiarte izan ziren Zinemaldian—, eta horretarako, Vivian Ostrovsky Cine-Femmes International banaketa enpresaren sortzaileetako bat gonbidatu dute. Ostrovskyrekin batera, Cecilia Bartolome zinemagilea eta Ana Ureta Donostiako Emakumeen Batzarreko kidea izango dira mahai inguru batean. Hain zuzen ere, emakume batzarraren ekimenez egin zen emakume zuzendarien ziklo hura.

17:00etan egingo da mahai inguru hori eta Expediente film laburra emango dute jarraian. Carlos Rodriguezek eta Manuel Coronadok zuzendutako lan esperimental horrek film labur onenaren Urrezko Maskorra jaso zuen 1977an, eta Equipo Cronica artista antifrankisten kolektiboaren pintura zatien muntaketan oinarrituta zegoen. Filma eman ondoren, Luis Lopez Carrascok eta Raul Liartek García/García performance proiekzioa emango dute.

Zinemaldiaren artxiboko materialak Filmategiaren egoitzara eramaten hasi ziren hilaren 11n: 926 kutxa dira, artxibo orokorra eta jaialdia sortu zenetik 1990eko hamarkadara arte gordetako prentsako material guztia hartzen duena. Pixkanaka katalogatuz joango dira, eta helburua da 2022tik aurrera —70. Zinemaldiarekin batera—, funtsen kontsulta egin nahi dutenek, datu base zehatza ez ezik, proiektuan garatutako ikerketa ildoetan oinarritutako gai-ibilbideak ere izatea.

Halaber, abenduaren 7tik aurrera, Zinemaldiaren webgunean zenbait eduki jarriko dira ikusgai, baita ikerketa proiektuaren bilakaera ezagutzeko lanak ere. Lehenik eta behin, Auzo eta Herrien Batzordea izan zenari buruzko materialak erakutsiko dituzte. 1977tik 1980ra arte, Zinemaldiaren proiekzioak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako auzo eta udalerrietara eraman zituen egitasmoa izan zen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.