Noiz sortua: 2014-12-09 00:30:00

Durangoko 49. Azoka. Eider Rodriguez. Idazlea

«Idazle guztiz antidogmatikoa da Joseba Sarrionandia»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko abenduak 9
Doktorego tesia egiteko gaitzat Joseba Sarrionandiaren obra hautatu zuen Eider Rodriguez idazle eta irakasleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), bereziki itsasoak hartan duen presentziari eta bilakabideari erreparatuta. Iñaki Aldekoa irakasleak zuzenduta egin zuen tesia, eta arrakastaz aurkeztu, iragan udan. Tesiaren bertsio dibulgatiboa aurkeztu zuen atzo Ahotsenean: Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz (Utriusque Vasconiae).

Zergatik hautatu zenuen Joseba Sarrionandia tesirako gaitzat? Eta zergatik itsasoaren gaia?

Sarrionandia hautatu nuen bere obra ezagutzen nuelako eta oso gustukoa dudalako. Eta itsasoa hautatu nuen Sarrionandiaren obran ur azpiko mezu asko daudelako. Mezu horiek ur azalera ekartzen saiatu naiz, neure ikuspegitik. Hori izan zen tesiaren iturburua, eta hori da liburuaren iturburua ere.

Zure ikerketaren arabera, Sarrionandiaren obran ez dago inondik ere itsaso bakar bat, itsaso mota asko baizik. Eta bilakabide bat nabari da haren obran itsasoaren agerpenari dagokionez.

Argitaratu zuen lehen liburuan, Izuen gordelekuetan barrena-n, itsas iruditeria oso epikoa da. Mundura zabaltzen den ate bat da itsasoa, abentura, transgresioa... Ifar aldeko orduak liburuko lehenengo narrazioan, Ifar aldeko nasa-n, Bergeneko (Norvegia) nasa agertzen da, eta narrazioaren atrezzo moduan itsaso gris bat. Ez dago izoztua, baina oso hotza da. Itsaso desolatu bat da, oso giro diferentekoa Izuen gordelekuetan barrena-koarekin konparatuz gero. Hori beste mugarri bat izango litzateke. Tartean, baina kronologikoki geroago, Lagun izoztua-n, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikako itsasoa zopa epel baten antzekoa da; koko-opilak saltzen dira, moila zurkaiztua dago, reggaea entzuten da... Egunerokotasunari loturiko itsaso bat da.

Ez da hori, ordea, Lagun izoztua-n agertzen den itsaso bakarra...

Ez. Lagun izoztua-n agertzen dira Sarrionandiaren obra osoan landu diren itsas irudi guztiak. Haren ibilbide guztia dago gordea nobela horretan, neurri batean. Izuen gordelekuetan barrena-ko itsasoa agertzen da, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikako zopa beroa, eta baita Antartikako itsaso izoztua ere, Ifar aldeko nasa narrazioko itsaso hotz, gris eta desolatuaren gailur moduko bat dena. Itsaso bertikal bat, edozein motatako giza bizitzarentzat oso zaila.

Itsasoa, Sarrionandiaren obran, militantziaren metafora gisa interpreta daitekeela diozu.

Nire ustez, bai. Militantziarena eta borroka armatuarena. Bada gatazka armatuaren inguruan perspektiba militante batetik hitz egiteko modu bat. Sarrionandiak aurretik gogoeta bat eginda dauka: mintzaira normala ez da aski honetaz hitz egiteko. Beraz, mintzaira paralelo sinboliko bat darabil, metaforikoa edo irudien bidezkoa, askeago hitz egiteko gatazkaren inguruan, eta nik orain esaten badizut «hau hau da eta beste hau beste hau» hurbilpen bat egiten naiz neure ikuspegitik.

Idazleak esaten duena bere kabuz interpretatu behar du irakurleak, testuan ez dagoelako baieztapen zuzenik.

Itsaso debekatuak poema laburrean, adibidez, itsasoari eta ontziari buruz galderak baino ez ditu egiten Sarrionandiak, nora doan ontzia eta horrelakoak. Poema hori haren hiru liburutan agertu da, koma bat ere aldatu gabe. Poema guztia galderaz osatuta dago. Irakurleak eman behar die erantzuna galdera horiei. Idazleak ez dizu esaten nora doan ontzia. Idazle guztiz antidogmatikoa da Sarrionandia. Ez ditu inoiz errezetak ematen. Proposamenak egiten ditu

Beste itsaso batzuk asmatzeko aukera ere proposatu zuen Lagun izoztua-n, 2001ean.

Bai, amaieran beste itsaso batzuk asmatu behar direla proposatzen duela uste dut, borroka armatuetatik apartekoak.

Duela 13 urte Durangoko Azokan aurkeztu zenean, oihartzun handia izan zuen Lagun izoztua-k, baina geroztik ez da oso aipatua izan. Ahaztuegia dago, zure ustez?

Nire ustez oso lan aberatsa da, hari asko dituena, eta irakurketa posible ugari. Nire gusturako Sarrionandiaren lanik onena da, edo behintzat niri inpaktu handiena egin didana. Eta argitaratu eta gero ez du izan izan behar zuen eta merezi zuen neurriko oihartzunik.

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek Sanchez babestu du, baina uste du hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna