Sanferminak Iruñean 

Plazan ez ezik, mastan ere bai

DYAko bi boluntariok jaurti duten txupinazoak hasiera eman die sanferminei. Horien gainetik, ordea, udaletxeko balkoian jarritako ikurrina izan da lehen eguneko protagonista nagusia. Bideoa albistearen amaieran.

Ikurrinak presentzia nabarmena izan zuen, Udaletxeko plazan nahiz mastan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sanferminetako ohiturek apenas uzten duten aldaketarako abagunerik. Urtetik urtera, nekez antzeman daiteke aparteko berritasunik egitarau ofizialaren barruan. Eta hala ere, iraultza txikiak gertatzen dira noizean behin. Atzo, ikurrina udaletxeko balkoian berrezarri zuen Iruñeko Udalak. Ohorezko tokia erreserbatu zioten balkoiaren erdian, Iruñeko, Nafarroako, Espainiako eta Europako banderen alboan. Iazko txupinazoan hutsik gelditu zen mastan, hain zuzen.

Atzokoa, baina, ez zen lehen aldia izan. 2015ean itzuli zen ikurrina udaletxeko balkoira, baina artean Ikurren Legea indarrean zenez, itzurbide juridikoak bilatu behar izan zituen lauko udal gobernuak, arauari izkin egin eta ikurrina mastatik zintzilikatzeko. Aurten, legea indargabetuta, ez dute aitzakiarik bilatu behar izan. «Faktore batek baldintzatu du erabakia: lege esparrua aldatu egin da», azaldu zuen Joseba Asiron alkateak. «Hiriaren pluraltasuna aitortzeko» erabakia izan zela gaineratu zuen: «Ikurren Legea bertan behera gelditu zen, eta, horri esker, bandera guztiak zintzilikatu ahal izan ditugu. Orain, Nafarroako herritar guztiak ordezkatzen dituzte udaletxean dauden ikurrek».

Erabakiak oinarri juridiko sendoa duela azpimarratzeko, oharra zabaldu zuen atzo udalak, argudiatuz txosten tekniko batek bermatzen duela ikurrina mastan paratzeko agindua. Txosten horren arabera, Espainiako eta Nafarroako araudiek ez dute «behartzen ezta debekatzen ere» ikurrina gainerako banderekin batera jartzea. Hala eta guztiz ere, 12:00etarako bi minutu falta zirela, Nafarroako Auzitegi Nagusian erabakiaren aurkako helegitea jarria zuela iragarri zuen Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albak. Bandera jarri izana «indarrean dagoen legeriaren aurkako ekintza» dela adierazi zuen.

Espainiako ordezkariaren haserreak, alta, ez zuen festaren hasiera ilundu. Urtero bezala, ikurrinaren aldeko mugimenduak toki nabarmena izan zuen plazan, bandera erraldoi bat zabalduta, eta harekin batera, beste hainbat aldarrikapenek ere kolorez zipriztindu zuten jende uholde zuri-gorria. Besteak beste, estelada handi bat, Maite zaituztegu! Dispertsiorik ez! leloa zeraman pankarta, Altsasu eta Errenteriako auzipetuei sostengua adierazteko mezuak eta Nafarroako bandera sorta izan ziren Udaletxe plazaren erdian zabaldu zituztenetako batzuk.

Bor-bor zegoen Iruñeko Alde Zaharra, suziria pizteko arduradunak balkoira atera zirenerako. Paula Remirez eta Maria Calado DYA elkarteko boluntarioek eman zieten hasiera aurtengo sanferminei. Gaztelaniaz eta euskaraz oihukatu zituzten txupinazoa jaurti aurreko hitzak: «Pamploneses, pamplonesas, iruindarrak... Viva San Fermin! Gora San Fermin!». Horren ostean, eztanda egin zuen hiriak.

Beharginei gorazarre

DYAko boluntarioez gainera, Iruñeko Udalak omenaldi txikia egin nahi izan zien sanferminetan lan egiten duten eragile eta behargin publikoei. «Egun hauetan lan egiten duten guztiei aitortza orokorra egite aldera, hainbat langile gonbidatu ditugu, txupinazoaren jaurtiketa ikusteko aukera izan zezaten», azaldu zuen udalak ohar batean. Besteak beste, garbiketako, mantentze lanetako, segurtasuneko, udal zerbitzuetako eta ikuskaritzako udal beharginak izan ziren balkoian; eta haiekin batera, osasun eta larrialdi zerbitzuetako kideak ere gonbidatu zituzten; hala nola Osasunbidekoak, DYAkoak eta Gurutze Gorrikoak. Horiek guztiak izan ziren San Fermin bezperako aurpegiak.

Ifrentzua, berriz, segurtasun indarren eskutik heldu zen. Aurreko egunetan, balizko atentatu baten arriskuaz ohartarazi zuten zenbait hedabidek eta oposizioko kideek, eta, horri aurre egiteko, poliziaren presentzia itogarria izan zen Alde Zaharrean nahiz zabalgunean. Espainiako Poliziak dozenaka furgoneta paratu zituen parte zaharreko sarbide guztietan, eta festazaleek metrailadorez armatutako poliziak zelatan izan zituzten une oro. Iruñeko udaltzainek ere kontrol zorrotzak ezarri zituzten. Gora Iruñea elkartea, Iruñeko peñak eta beste hainbat kolektibo biltzen dituen Herri Sanferminak plataformak txarretsi egin zuen Espainiako Poliziaren presentzia. Zehazki, «polizia indar armatuek Iruñeko kaleak okupatu izana» salatu zuten plataformako arduradunek, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez. Bideoa: Txupinazoaren unea (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/tMUGYIS2V6k[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.