Euskara gehiago elebidunean

Iparraldeko hamazazpi ama eskola publikotan erabat euskaraz eginen diete ikasgela elebidunetako haurrei, irailetik aurrera. Esperimentazioan oinarrituta trabak gaindituz, orokortzen ari da sistema hori
Eskola publiko bateko ikasleak, eskola sartzean, Baionan.
Eskola publiko bateko ikasleak, eskola sartzean, Baionan. N. MOLLO

Ekhi Erremundegi Beloki -

2017ko uztailak 26
Garatzen ari da eredua. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eskola publiko elebidunetan murgiltze eredua esperimentatzen ari dira azken urteetan, ikasleekin dena euskaraz eginez lehen bi-hiru urteetan. Lehen emaitzak baikorrak direla azpimarratu dute, baina, irakasle euskaldunen kopurua ez bada azkarki emendatzen, motz geldituko da esperimentua. Oraingoz, hala ere, erabat euskaraz ari diren ikasgela berriak irekitzen segituko dute: orotara, hamazazpi izanen dira hurrengo ikasturtean.

1992an ireki zuten sail elebiduna ikastetxe publikoetan. Oinarrian, euskaraz eta frantsesez ordu kopuru bera eskaini behar zieten ikasleei —Hego Euskal Herriko B ereduaren gisara funtsean—; eskola anitzetan, helburu hori bete gabe dago oraindik. 2005eko Eskolaren Birfundaziorako Legeak ekarri zuen aldaketa: aukera ireki zuen tokiko hizkuntzak irakasten dituzten eremuetan esperimentazioak egiteko. «Lege koadrotik ateratzea baimentzen du, baina irakasleek eramandako proiektu pedagogiko bat izan behar da: irakasleek dute proiektua muntatzen. Dosierra prestatu, eta akademia ikuskariari aurkezten diote. Hark erabakitzen du onartu ala ez», azaldu du Olivier Mioque EEP Euskararen Erakunde Publikoko misio kargudunak.

2008an erabaki zuen EEPk bide hori jorratzea; Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin batera aztertu zituen hainbat aukera, eta esperimentazio bidez ama eskola publikoetan murgiltze eredua ezartzea erabaki zuten. Urte hartan bertan, Donibane Garaziko eta Azkaineko ikastetxe elebidunetan hasi ziren ama eskolan %75 euskaraz egiten; 2012an, Miarritzeko Alsace ama eskolan lehen bi urteak erabat euskaraz ezarri zituzten. «Gutun bat eskuratu genuen aukera bazela erranez. Irakasleen artean aipatu, eta ados jarri ginen», kontatu du Julie Mailharro irakasle eta zuzendariak. Haren hitzetan, ordura arte elebidunean ziren haurrek euskara ulertzen zuten, baina mintzatzeko arazoak zituzten. «Bagenekien gurasoen artean kezka egon zitekeela, baina eskolako hiru irakasleak ados izateak indarra eman zion proiektuari. Gela elebidunetako gurasoak ados ziren, eta beste gurasoekin ere bilkura egin genuen». Adostasun zabala lortu zuten.

«Miarritzeko esperimentazioaren berri jakin bezain laster, haiekin harremanetan eman nintzen», oroitu du Marie-Andre Ouret Biga Bai guraso elkarteko presidenteak. «Hastapenetik, printzipioz, ikusita nola pasatzen den eskola elebidunetan, ikasleek zer maila lortzen duten edo ez, uste genuen zerbait aldatu behar zela, eta biziki interesgarria kausitu genuen murgiltze eredu hori abiatzea». Larresoroko eskolan ditu haurrak Ouretek. Eskola kontseilu batean aipatu zuen gaia. «Aski ongi hartu zuten irakasleek, baita hautetsiek ere. Egoerak ere lagundu zuen: ama eskolan itoak ziren, irakasle guti ziren, eta baliabideak ez ziren orekatuak. Esperimentazioa martxan jarri eta irakasle bat gehiago sartzeak lagundu zezakeen». Gehiengo zabalak egin zuen proiektuaren alde. Geroztik, beste eskola batzuetan informazio bilkurak antolatzen dituztenean, lekukotasuna ematera joaten da maiz Ouret.

Orain artekoan baikor

Argi mintzo da Mailharro: «Biziki pozik gara». Atsedenaldietan euskaraz guti egiten badute ere, ikasgelan osoki euskaraz aritzeak beren hizkuntza maila anitz hobetu duela dio. «Asteazken arratsaldeetan Uda Lekura joaten dira. Guretzat garrantzitsua da kanpoko begirada bat ukaitea. Haiek ere erraten digute askoz ere maila hobea dutela». Iritzi berekoa da Ouret ere: «Dugun egoera honetan, non euskara biziki gutxi entzuten den, behar da; murgiltzeak behar dira. Ene hirugarren haurra da hori bizi ahal izan duen bakarra, eta, bai, nik diferentzia ikusi dut: ezagun da euskara gehiago entzuten dutela, eta ikasgelan ere giro berezi bat sortzen da». Larresoroko irakasleak ere gisa bereko iritzia eman ziola kontatu du: lehenago, irakasle bakarra zen euskaraz, eta ikasgela elebidun guztiez arduratu behar zuen. Esperimentazioa plantan ematearekin, aukera zuen ikasgela bakarraren ardura izateko. «Irakasteko manera ere aldatu zuen: egun osoa zuen ikasle horiekin, beste lasaitasun bat, eta proiektuak ere sortzen ahal zituen urte guzian».

EEPn ere balorazio baikorra egiten dute orain artekoa ikusita. Prozedurak dio esperimentazio bakoitza urtero ebaluatu behar dela, ondorioak eta emaitzak ateratzeko. «Ikuskaritzak eraman zituen ebaluazio batzuk euskara maila neurtzeko: Azkaineko eta Senpereko eskolak neurtu zituen, eremu berean baitira biak. Ama eskola bukaeran, Azkaineko ikasleek Senperekoek baino zinez euskara maila hobea zuten, bereziki ahozko ekoizpenean», azaldu du Mioquek.

Haren arabera, esperimentazioak hasi direnetik, eskola bakar batek ere ez du gibel egin. «Emaitzak onak dira: frantsesez ez dira txarragoak, eta euskaraz maila hobea dute». Sail elebidunean, uzteak aski azkarrak dira, bereziki lehen mailatik kolegiora igarotzean. «Arrazoiak aztertzean, ikasle gehienek zioten euskara zailegia dela, eta gurasoek, haurraren hautua errespetatu nahi zutela. Nahi badugu haurrek segi dezaten kolegioan, beren euskara maila hobetu behar dugu, eta horrela ez dute beldur hori izanen elebidunean segitzeko; beren euskara maila hobetzeko, ama eskolan esperimentazioak behar dira».

Frantziako Gobernuko ikuskariek EEPren ebaluazioa egin zutenean, begi onez ikusi zuten esperimentazioa plantan jartzea, baina sakonki aztertzeko eskaera egin zuten, bereziki, ikasleen frantses mailan eragiten ote zuen neurtzeko. «Guk badakigu ezetz, bai euskarako eta bai frantseseko irakasleek erraten digutelako. Alde baikorrak besterik ez dute ikusten».

Hain zuzen, horrek eragin ohi du gurasoengan duda gehien. Larresoroko eztabaidak gogoratu ditu Ouretek: «Lehen mailara sartzean irakurtzen eta idazten ikasi beharko zutela erraten zuten; hiru urte frantsesik gabe pasatuz gero, zailtasunak izanen zituztela. Horrelako kezkak». Urepele eta Bankako eskolan ere gisa bereko arrangurak agertu zirela dio Anita Falxa eskolako zuzendariak. «Eremu biziki euskalduna da, eta guraso batzuk beldur ziren lehen mailara frantsesik jakin gabe iritsiko zirela». Alta, kontrakoa antzeman dute orain irakasleek: «Guk ikusten dugu ikasleek zer fite ikasten duten frantsesa, eta, ondotik, biziki erraz pasatzen dira frantsesera. Ama eskolakoak Bankan dira, eta hor, ikasleen artean nagusiki euskaraz ari dira oraindik. Lehen mailakoak Urepelen dira, eta aldaketa nabarmena da: ikasgelatik kanpora, euskara biziki fite emana da minoritatean».

Eremu horretan, euskara etxetik ateratzea da erronka nagusia, Falxaren iritziz. «Euskara oraindik tokiko hizkuntza bat bezala ikusten dute, etxean eta lagunekin balio duena; ez dute oraindik ikusten lan egiteko gero eta gehiago galdegina dela, eta eguneroko bizitzan baliatzen ahal dela». Gurasoak lasaitzeko kalkulua egin zuen Mioquek: «Haurrek ikasgelan pasatzen duten denbora kontuan hartuta, beren bizitzako %16 besterik ez dute egiten euskaraz; murgiltzetik urrun gara».

Gertatu izan da gurasoak proiektuaren kontra agertzea: aurten Hiriburun, adibidez. «Arras guraso gutxi joan ziren bilkurara, eta irakasle talde osoa ez zen ados. Irakasle guzien oniritzia ezinbestekoa da aitzina egiteko». Donibane Garazin ere izan ziren arazoak orain dela bi urte: gurasoen gehiengoak esperimentazioaren alde egitea adostu arren, kontra agertu ziren lauk ikuskaritzari idatzi zioten talde guziaren izenean, alde bozkatu zuten anitzek modu behartuan egin zutela erranez. Horietako bat kolegioko zuzendaria zen, ikuskariaren hurbilekoa. «Hori baliatu zuen ikuskariak atzera botatzeko. Sekulako kalapita sortu zuen, eta kontrako erreakzioak ere bai: lehen bozketan edozein arrazoirengatik esperimentazioa baztertu zuten guraso andana batek erran zuen ondoko bozketan alde bozkatuko zuela». Irailean pasatuko dira esperimentaziora.

Ezusteko onak ere badira batzuetan: Getarian, ingurune erdaldunean, zuzendariak proposatu, eta gurasoak alde agertu ziren. Ahetzen, aldiz, informazio bilkura egin zuten ama eskolako lehen bi urteetan esperimentazioa ezartzea proposatzeko; bilkuran, gurasoek berek proposatu zuten lehen bi urteetan ezarri ordez lehen hiru urteetan ezartzea.

Helburua, hedapena

Mioquen hitzetan, esperimentaziorako aukera ireki denetik EEPk anitz komunikatu du gaiaren inguruan: «Gero eta jende gehiagok ezagutzen du dispositibo hori, gero eta irakasle gehiagok deitzen dute nola egin behar den jakiteko. EEPk informazioa zabaldu eta aholkuak ematen ditu». Misio kargudunaren arabera, irakasle elebidun guziek nahiko lukete sistema hori ukan. «Dena aldatzen du haientzat. Zinezko ingurune euskaldun bat sortzen du, eta ikasleen maila aldatzen du. Ikusi behar da zer den irakaslearen lana eskola elebidun batean: badituzunean zure parean hogei haur hitzik ez dakitenak euskaraz... Gogorra da».

Julie Mailharro Miarritzeko Alsace ama eskolako zuzendaria esperimentazioa lehen mailara pasatzearen aldekoa litzateke. Gauza bera dio Andre Ouretek ere: «Printzipioz, nik ongi ikusiko nuke nire haurrek lehen mailan ere euskaraz segitzea, baina, baliabideak banatzekotan, ez dakit non eman lehentasunak». Haren iritziz, murgiltze eredua ama eskola guzietan orokortu beharko litzateke lehenik, eredu bezala zabaldu. Helburu hori jarri du EEPk ere. «Ikuskaria ez da batere kontra sistema hori zabaltzeko, baina trabak badira».

Postuen galdera da lehen traba: euskara gehiago sartzearekin, frantseseko irakasleek postua galtzen dute, eta horrek tentsioak sor ditzake. Bigarren traba: euskarazko irakasleen eskasia. «Sistema hori orokortu nahiko bagenu, askoz irakasle euskaldun gehiago beharko genituzke». Horretarako, irakasleak euskalduntzeko programak martxan jartzen ari da EEP: Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena izenpetu dute Hego Euskal Herriko irakaslegai euskaldunei frantsesa ikasteko formakuntza trinkoa proposatzeko, eta Ipar Euskal Herriko irakaslegai erdaldunei ere euskara ikasteko aukera eskainiko diete. «Problema teknikoak» dira horiek, Mioquen hitzetan: «Murgiltzea ama eskola guzietara zabaltzea da gure helburua; ez dugu erraten denetan lortuko dugula, baina ahal bezainbatean eginen dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria