Euskarazko zientzia gaztea

Gaur bukatuko da 'Ikergazte 2017: Nazioarteko ikerketa euskaraz' jardunaldia. Asteazkenetik, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko Sarion egin dute. Ia 200 ikertzaile gazte euskaldunek parte hartu dute, eta gaur egingo da jakintza alor bakoitzeko sari banaketa.
Ikergazteren bigarren aldia NUPenIruñeko Sario eraikinean antolatu du UEUk.
Ikergazteren bigarren aldia NUPenIruñeko Sario eraikinean antolatu du UEUk. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Berastegi -

2017ko maiatzak 12
Bost jakintza alorretan banatutako ia 200 ikertzaile gazte euskaldunek parte hartu dute UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako 2017ko Ikergazte jardunaldian: Giza Zientziak eta Artea, Osasun Zientziak, Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zuzenbidea.

Bigarren aldia izan da aurtengoa, eta antolatzaileek esan dute arrakasta ziurtatuta dagoela. Izan ere, 136 komunikazio, 123 aurkezpen, 8 tailer eta 2 mahai inguru antolatu dituzte NUPen Sario eraikinean. Euskara, ikerketa eta gaztetasuna kontzeptuak oinarri hartuta, Euskal Herriko ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerketa ikusgarri egin nahi dute.

Jardunaldian parte hartu duten bost ikertzaile gazterekin hitz egiteko aukera izan du BERRIAk.

«Ikergazteri esker, nire ikerketa euskarara itzultzeko aukera izan dut»

Joseba Fernandez de Landa

Soziologoa

Gasteizko Udalak ematen dituen ikasleentzako lan aukerei esker izan zuen aukera Joseba Fernandez de Landa soziologoak (Gasteiz, 1989) Sare Sozialen erabilera moduak eta maiztasunak Gasteizko nerabeen kolektiboaren baitan ikerketa egiteko. «Gazteek sare sozialak zertarako eta zein maiztasunekin erabiltzen dituzten aztertzeko eskatu zigun udalak, gero haiek zer egin zezaketen jakin ahal izateko», esan du Fernandez de Landak. Ikerketa egiteko, zazpi ikastetxetako 12 eta 18 urte arteko 700 gazteri egin diete inkesta.

Bi ondorio nagusi atera dituzte: «Batetik, Whatsapp, Youtube eta Instagram dira gazteok gehien erabiltzen dituzten sare sozialak. Eta, bestetik, ondorioztatu dugu Whatsapp harreman zuzenak izateko erabiltzen dutela; Youtube, musika entzuteko, bideoak ikusteko edo youtuberrak jarraitzeko; eta, azkenik, Instagram harreman zuzenak edukitzeko, informatzeko eta pertsona famatuak jarraitzeko erabiltzen dute».

Ikerketa gaztelaniaz egin badute ere, Fernandez de Landak uste du euskaraz egitea errazagoa izango litzatekeela: «Beste bi lankiderekin batera egin dut ikerketa, eta beste biek ez zekiten euskaraz. Horrez gain, udal barruko kontuetarako ere egokiagoa zen gazteleraz argitaratzea». Fernandez de Landak, ordea, euskaraz egin zituen Soziologiako ikasketak: «Errazagoa zen niretzat euskara erabiltzea. Orain, Ikergazteri esker, nire ikerketa euskara itzultzeko aukera izan dut».

Behin ikerketa hau amaituta, Fernandez de Landak dio berriro ere master amaierako lana egiteko erabili zuen gaiari heltzea gustatuko litzaiokeela: «Elikadura burujabetzaren ikerkuntza da nire gaia. Master amaierako lanean Arabako lautadako elikadura burujabetza aztertu nuen, eta zalantzan nabil berriz ere horrekin hasi edo ez. Izan ere, diru laguntzek baldintzatzen dute gure lana. Oraingoz, biderik ez daukat».

«Ikasleen lanetatik ideia asko ez ezik, emaitza oso onak ere atera daitezke»

Arantzazu Luzarraga

Arkitektoa

Joan etorriko arkitekturak. Egungo arkitekturaren joan etorriak. Arantzazu Luzarraga arkitektoak (Bermeo, 1983) Ikergazte kongresuan aurkeztu duen hitzaldiaren izenburua da: «Offshoring fenomenoa ikertu dut. Offshoring-a zerga ordainketari izkin egiteko asmoz atzerrira eramaten diren enpresak dira. Txina, India, Errusia eta Brasilgo kasuak ikertu ditut», esan du Luzarragak.

Offshore-a abiapuntutzat hartuta, fenomeno horrek hirietan nola eragiten duen ikertu du Luzarragak: «Ematen ez duen arren, prozesu horiek gugan eragiten dute. Gure eremua gero eta uniformeagoa da, eta hiri bazterretan ere nabaritzen da fenomenoa. Madrilen, txinatarrek, industrialdeetan bizi, eta bertan lan egiten dute».

Mugikortasunari buruz ikerketa bat egiten hasi zenean sortu zitzaion Luzarragari ikerketa egiteko ideia: «Master bat egitera joan nintzen Madrilera, diru laguntza bati esker. Madrilgo mintzategietan pertsonen mugimendua nolakoa zen aztertzen hasi nintzen. Geroago, Ingalaterran, Offshoring-ari buruzko liburu bat egiten ari zen doktore batekin lan egin nuen, eta ikerketa abiatu».

Iaz bueltatu zen Luzarraga Euskal Herrira: «Esperientzia txarra izan dut. Ordezkapenak egiteko zerrenda batean sartu nintzen, eta ohartu nintzen lan egiten nuen eskolan ez zutela interes handirik nire ikerketa bezalakoak lantzeko. Dena den, ikasleen lanetatik ideia asko ez ezik, emaitza oso onak ere atera daitezke».

Offshoring-aren ikerketa amaituta, jada beste ikerketa bat prest dauka Luzarragak, eta UEUn ikastaro bat eskainiko du: «Euskal Herriko paisaiarako erronka batzuk aurkitu ditugu; orografia oso zehatza eta populazioaren zahartzea. Eibarren erabilera anitzeko eraikinetan eta industrian eskarmentu handia dute. Hala, Euskal Herriko produkzioak bi erronka horiei nola aurre egiten dieten erakutsi nahi dugu ikastaro horretan».

«Diru laguntzarik jaso gabe egiten ari gara sei lankide doktore tesia»

Endika Martinez

Kimikaria

Kimika ikasten zebilela, minbiziak jota hil zitzaion aita Endika Martinezi (Gasteiz, 1992). Horregatik, argi izan zuen minbizia sendatzeko ikerketa lerroetan lan egin nahi zuela Kimikako ikasketak bukatutakoan. Eta hala egin du. Ikergazte kongresuan, Minbiziaren aurkako jomuga garrantzitsua. Topoisomerasa I. hitzaldia eman du.

«Topoisomerasa entzima zelulak ugaltzeaz eta birsortzeaz arduratzen da. Minbiziaren kasuan, zelula horiek topoisomerasa gehiago dute, eta azkarrago sortzen dira. Hortaz, guk topoisomerasa inhibitzeko lan egiten dugu, minbiziaren zelulak ez daitezen berriz sortu».

Martinezen bigarren urtea da doktore tesia egiten, eta ikerketaren emaitzak onak direla dio: «Cantotesina molekula erreferentzia bat da ikerketa lerro honetan. Txinatar zuhaitz batetik ateratzen da, eta topoisomerasa inhibitzeko balio duen arren, albo kalte ugari sortzen ditu, eta ez du sendagaiak sortzeko balio. Horrekin alderatzen dugu gure produktua, eta, dagoeneko, esan dezakegu cantotesina gainditu dugula. Hala ere, gure produktuak alboko kalterik baduen frogatzea geratzen da».

Kimika Organikoa 1 laborategiko lerroan ari da Martinez lanean, eta, bere departamentuak proiektua finantzatzeko diru nahikoa jasotzen duen arren, laborategiko langileen egoera oso bestelakoa da: «Diru laguntzarik jaso gabe ari gara doktore tesia egiten. Guk argi genuen tesia egin nahi genuela, eta diru laguntzak jasotzeko deialdian eskaera batzuk bete genituen arren, ez genuen laguntzarik jaso. Doktore tesiak murrizten badira, ikertzaileen kopurua ere jaitsi egingo da».

Beste bi urteko epea du Martinezek doktore tesia amaitu eta emaitzak aurkezteko. Argi du hori egin ostean ikertzen jarraitu nahiko lukeela: «Doktoretza osteko ikasketak egin nahiko nituzke, lan lerro berari jarraikiz. Baina diru laguntzarik gabe ezin dira ikaste horiek egin».

«Aldagai guztiak ezin ditugu neurtu, diru nahikorik ez daukagulako»

Olatz Goñi

Psikobiologoa

Tumoreek, estres sozialak eta estresari aurre egiteko estrategiek jokaera depresiboan eragiteko duten gaitasuna eta jokaera depresiboak garunean eragiten dituen aldaketak ulertzea da Olatz Goñik (Donostia, 1990)parte hartzen duen lantaldearen helburua: «Saguekin egiten dugu ikerketa, eta, melanoma jakin bat txertatuz, tumore bat eragiten diegu. Lau sagu talde ditugu, tumoredunak edo gabeak, eta, gero, estres soziala dutenak eta ez dutenak. Amaieran, jokaera depresiboa ebaluatu eta garuneko egituran izan dituzten aldaketak aztertzen ditugu», esan du Goñik.

Ikergazten, bere lantaldearen emaitzak aurkeztu ditu, eta lan lerro berean lan egin duen beste ikerlari bat ere etorri da kongresura: «Guk sagu arrekin lan egiten dugu, eta, orain, sagu emeekin ere lanean hasi dira haiek. Emeekin ere egin nahi dute azterketa, emakumeen kasuan sintomak ezberdinak direlako. Gure ikerkuntza oso oinarrizkoa da, baina saguek eta gizakiek antzekotasun handiak dituzte: nerbio sistema, garuneko egitura, immunitate sistema...».

Ikerketa egiteko, Goñik eta lankideek euren zuzendarien lana baliatu dute: «Antzeko ikerketa eginda zeukaten. Alabaina, ez zituzten beharrezkoak ziren azpiegiturak eta teknologiak, eta hainbat datu falta zitzaizkien. Bukaerako aldagaiak ezin izan zituzten neurtu, eta, horrenbestez, gure ikerketa osoagoa da. Diseinuan ere gauza batzuk aldatu ditugu».

Doktore tesia egiteko, Eusko Jaurlaritzaren hiru urterako diru laguntza jaso zuen Goñik. Hala ere, uste du laguntzak ez daudela ongi ordainduak: «Ikerlariek ez ezik, proiektuek ere diru laguntzak jaso behar dituzte. Gure kasuan, aurten proiektuaren jarraipena kolokan egon da. Aldagai guztiak ezin ditugu neurtu, diru nahikorik ez daukagulako edo nahiko genituzkeen makina batzuk ez ditugulako. Probak atzeratzen gabiltza azken urtean diru gehiago jasoko dugun esperantzarekin».

«Doktore tesiak egiteko baldintza minimo batzuk bermatu behar dira»

Maria Ruiz

Antropologoa

Kartzela genero erakunde gisa ulertzeko lana egin du Maria Ruizek (Irun, 1984) bere doktore tesian. Tesiaren zati bat erabili du Ikergazten Kartzelan idazten: emakume presoak, espetxeko izkribuak eta agentzia. Kasu baten azterketa. hitzaldia emateko. «Kartzela generoa sortu eta birsortzen duen erakunde bat da. Genero harreman jakin batzuk sortzen ditu, harreman desorekatuak direnak. Genero sozializazio desberdinaren ondorioz, gizonek eta emakumeok ez dugu kartzela berdin bizitzen», esan du Ruizek.

Doktore tesian preso sozialen kasu batzuk aztertu ditu Ruizek: «Kartzela sistema erabat sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea da emakumeentzat. Lan honetan, presoen bizipenak, aldaketak, ibilbideak, kartzelak sortutako genero bereizkeriak eta kartzelan egon zen denbora errazagoa izan dadin erabiltzen dituzten erresistentzia praktikak bildu ditut».

Tesirako hainbat presoren kasuak aztertu zituen arren, Ikergazteko hitzaldirako kasu bakar bat erabili du: «Elkarrizketa sakonak egin nituen. Arazoa da ez nuela kartzela barruan lan egin eta elkarrizketak egiteko baimenik jaso. Kartzelatik kanpo edo baimenekin dauden emakumeekin hitz egin dut. Simon presoaren kasuan, kartzelan egondako denborari aurre egiteko erabili zuen estrategia idaztea zen. Kartzela sartzea lotsa, erruduntasuna eta beldurra zen harentzat».

Ikerketa egiteko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso zuen. Hala ere, eskaera egin eta gaia aurkezteko orduan, aurpegi txarra jarri omen zioten. Laguntza jaso zuen arren, baldintzak ez dira onenak, Ruizen ustez: «Doktore tesia laguntzarik gabe egin daiteke, baina nik uste dut baldintza minimo batzuk bermatu behar direla. Moldatzen zara, baina egungo testuinguruan kobratzen dugunarekin nahiko larri gabiltza. Gainera, diru laguntzak kobratzeko ezin duzu beste diru iturririk izan. Dedikazioa erabatekoa izan behar da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna