Gibelalderi «hitz bidegabeak» zuzentzeko eskatu dio diputazioak

Toñaren arabera, gazteen enpleguari buruz «orokortzea ez da zuzena»; uste du «neurriz» jokatu behar dela akordioak lortzeko.EH Bilduk Gibelalderen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean

Pello Gibelalde Adegiko presidentea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Aldundiaren ustez, «bidegabeak eta zoritxarrekoak» dira Pello Gibelalde Adegiko presidenteak gazteen «gose faltaz» joan den astean egindako adierazpenak. Eta gaineratu du garaiz dagoela «atzera egin eta barkamena eskatzeko». Gipuzkoako Kultura eta Gazteria diputatu Denis Itxasoren esanetan, gazteei ezin zaie gaur egungo bota egoeraren errua, eta «are gutxiago» leporatu egungo ekoizpen sistemaren «gabeziak»: «Gure gazteak oso prestatuta daude, baina gaur egungo gizarteak ez ditu eskaintzen behar bezalako aukerak duinak». Sortutako harrabotsa ikusita, erakundeek ere erantzun egin behar izan die Gibelalderen adierazpenei.

Adegiko presidentearen hitzen inguruan galdetuta, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak esan du ez dela zuzena gazteen enpleguari buruz orokortzea. Egungo egoeran zatiketen ordez «adostasunak» behar direla adierazi du, eta akordioak lortzeko beharrezkotzat jo du «neurriz» jokatzea. Gazteei buruz, Itxasoren antzeko hitzak erabili ditu Toñak: «Gazte asko oso ondo prestatuta daude, baina ez dute aukerarik beren gaitasuna garatzeko. Hemengo enpresariek beren esku dute gure gazteengan konfiantza izan eta merezi duten lan aukerak ematea».

EH Bildu kritiko agertu da Gibelalderen adierazpenekin. Herenegun, iragarri zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan ebazpen proposamen bat aurkeztuko duela hitz horien aurka. Atzo, berriz, Gibelalderen agerraldia eskatu zuen legebiltzarrean, «gazteen aurkako irainak» erretira ditzan. Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentearen agerraldia ere eskatu du Adegiko buruaren hitzak gaitzesteko: «Hala egiten ez badu, berretsiko du zein den haien eredua; gazteria pobreziara edo erbestera eramaten duena, alegia», azaldu du EH Bilduko Igor Lopez de Muniainek. Legebiltzarkidearen ustez, Gibelalderen hitzak «oso larriak» dira, baina hori «ez da okerrena»: «Okerrena da patronalaren ohiko jardunaren eta pentsamenduaren benetako oinarria publikoki adierazi baino ez duela egin».

Sindikatuak, haserre

Sindikatuak ere haserrarazi ditu Adegiko buruaren prentsaurrekoak. ELAren arabera, Gibelaldek esandakoak «ez dira harrigarriak», hala ere. «Astakeriak» izatetik harago, patronalaren «argazki zehatza» erakusten dute: «Uste dute edozer pentsatu eta egiteko eskubidea dutela». Jaurlaritzari ere mintzatu zaio ELA: «Jaurlaritzako inork ugazabei horrelako adierazpenengatik kargu ez hartzeak agerian uzten du gobernu hau patronalaren helburuekin bat datorrela». Confebaskeko burua sindikatuekin bilera erronda egiten ari da, eta ELAren txanda izan zen atzo.

Bihar, berez, LAB da biltzekoa Larrañagarekin, baina oso litekeena da azkenean bilerarik ez egitea. Sindikatuaren ustez, «onartezina» da Gibelaldek gazteei buruz esandakoa, eta Confebaski ohartarazi dio hitz horiek gaitzetsi ezean ez dela bilerara joango. Gibelalderen dimisioa ere eskatu du LABek, eta iragarri du Adegirekin lan hitzarmenen inguruan egitekoa zuen bilera bertan behera utzi duela. Ernai gazte antolakundearekin batera, protestara deitu du bihar, Adegiren egoitzaren aurrean, 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.