EBko auzitegiak Hamas 'talde terroristen' zerrendatik atera du

Adrian Garcia.
2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Prozedura arrazoiak direla medio, EB Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak Hamas talde terroristen zerrendatik atera du. Halere, ez dituzte bertan behera utziko mugimenduaren aurkako neurriak. Behin-behinean eutsiko diete, etorkizunean berriro funtsak izoztu behar badizkiote ere. Izan ere, epaiak dioenez, Hamasen aurka hartutako neurriak ez dira ikertutako ekintzetan oinarritu, baizik eta Interneten eta hedabideetan aurkitutako akusazioetan.

EBk Irailaren 11ko erasoen ondoren sortutako zerrenda beltzean sartu zuen Hamas. Ondorioz, erakundearen eta haren kideen funtsak izoztuta dauzka. Bi hilabeteko epea eman du auzitegiak helegiteak aurkezteko. Hori egin ezean, hiru hilabeteren buruan neurri guztiak bertan behera geldituko lirateke.

Auzitegiak nabarmendu duenez, epaiak ez du baloratzen Hamas «talde terrorista bat» ote den. Ondorio horretara iritsi diren modua kritikatzen du. «Funtsak izozteari buruzko erabaki bat, terrorismoaren alorrean, ezin da prentsan eta Interneten hartutako informazioan oinarritu».

Hamasek Europako auzitegiaren erabakia ospatu du. «Garaipen bat da. Palestinako herritarrok kolonialismoaren aurka defendatzeko eskubidea dugu», azaldu du Mousa Abu Marzouq Hamaseko buruzagiak, Gazan emandako prentsaurrekoan. «Erabakia egokia da. EBk huts historikoa zuzendu du».

Aldartea bestelakoa da Israelen. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari ez zaizkio nahikoak iruditu Bruselaren azalpenak. Agintariak gogoratu du Israelgo Estatuaren suntsipena aldarrikatzen duela Hamasek sortze agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.