Ainhoa Murua. Triatleta

«Lehentasuna oina sendatzea da: hura gabe ez noa inora»

Arazo fisikoek bake gutxi eman diote azken bi urteetan, eta, 500 egun baino gutxiago falta diren honetan, ez du erraza Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako bidea. Zazpigarren izan zen Londresen, baina diploma hark ez dio tokia ziurtatzen.

NIC BOTHMA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Madrilen dago egun, entrenatzen. Orpoko lesio batek ez dio bakerik ematen, eta, han, lan egin eta lesioa tratatzeko baldintza egokiak ditu. Atsedena eta hiru entrenamenduen artean, ia egun osoa betea du, baina tarte bat egin du BERRIArekin telefonoz hitz egiteko.

Hori da hori bizi erritmoa daramazuna.

Tira, egun guztiak ezberdinak dira. Zazpiak aldera esnatu, martxan jarri, eta zortzietarako uretan. Normalean lehen saioa igeri izaten da, gero bizikleta, eta arratsaldean, korrika. Edo kirol bera bi aldiz. Bi saio bazkalaurretik eta bestea arratsaldean. Bi saio bakarrik direnean egun lasaitzat jotzen dugu. Urte sasoiaren arabera ere aldatu egiten da: neguan saio luzeak, eta, lehiaketak gerturatu ahala, maiatzean, saio motzagoak eta kalitate handiagokoak. Orain, gainera, korrika egin ezinik nabil.

Zer moduz zaude? Orpazurdak arazo handiak eman dizkizu azken hilabeteetan.

Denbora asko egin nuen orpazurdako arazoekin. Iaz, minarekin entrenatu nuen. Aurten, aldiz, argi nuen orpazurda zaindu behar nuela korrika gogor entrenatzen hasi aurretik, eta pasa den denboraldia bukatu zenean hasi nintzen hori tratatzen. Beranduago hasi nintzen entrenatzen, eta lasaiago. Korrikanormalago entrenatzen hasi nintzenean, baina, oinazpian hasi zitzaidan mina, orpoan. Talalgia bat da. Erresonantzia magnetikoa egin berri dut eta ez dago zuntz hausturarik. Hori albiste ona da, baina oinez ibiltzean ere mina daukat, beraz, pentsa korrika. Hau gauza berria da, eta denborak estutzen nau: denboraldia hasi da, jendea ikusten duzu nola dabilen... Apiril amaieran proba dut Hegoafrikan, eta ia guztiz alboratu dut. Orain lehentasuna oina ondo sendatzea da, hura gabe ez bainoa inora.

Logikoa da arduratuta egotea.

Amorrua sentitzen dut, orpazurdarekin denbora asko egon nintzelako, eta, orain, ondo zegoela zirudienean, apurka hobera zihoala, egun batetik bestera orpoan hasi zen mina. Gelditzea gogorra da, baina ahal den baikorren izan behar dut, eta orain helburua ondo jartzea da. Bitartean, bizikleta eta igerian ahalik eta gehien entrenatu behar dut. Korrika, aldiz, eliptikoan eta Alter G grabitaterik gabeko makinan. Ilargian korrika ariko bazina bezala da, zinta baten gainean baina zure pisuaren portzentaje jakin bat kenduta. Korrika egitearen plantak dira, eta sasoia mantentzen duzu behintzat.

Triatleten entrenamenduak gogorrak dira, baina, ez entrenatzea gogorragoa al da?

Zalantzarik gabe! Entrenatzen zarenean, nekea eta kexa duzu, baina lesio bat duzunean, orduan konturatzen zara zein gauza ona den lesiorik gabe egotea. Baina tira, jakin behar da eramaten, eta igeriketan eta bizikletan gogorrago entrenatzen.

Neguko lana nolakoa izan da?

Ez nuen behartu, orpazurda zaintzeko. Korrika prestaketan atzeratuago nago. Orpazurda eta orpoko arazoak hanka berean dira, eta seguru asko zerikusia izango dute. Dena osotasun bat da eta, orpazurda babestearren, beste nonbaitetik egin dut tira. Urtarril-otsailean orpazurdarekin normal aritu nintzen, eta gero Abu Dhabin lehiatu nintzen, baina banekien korrika ez nenbilela sasoi betean. Horren ondoren mina sumatu nuen, baina ez nion beste munduko garrantzirik eman. Eta, egun batean, entrenamendu gogor baten ondoren, ikusi nuen ezin nuela oina lurrean jarri, eta ez zela txorakeria bat.

Baikor jarrita, zuntz-haustura ez izateak lasaituko zintuen.

Bai, badaezpada ere, erresonantzia magnetikoa egin, eta hori baztertu genuen. Talalgia bat izan daitekeela esan didate, hala agertzen direla, egun batetik bestera, eta derrepente desagertzen dela. Ea noiz joaten den, orain ibiltzean ere min ematen didalako.

Esperientziak laguntzen al du lesioak kudeatzen?

Nik gutxi izan ditut nire ibilbidean, eta, izan ditudanak, azken urteetan eta toki berean, hanka berean. Bolada txarrean nago. Kirolak hori du. Ez natzaio pasada handia ematen ari gorputzari, oso lasai hasi nintzelako korrika. Baina, tira, jarriko gara!

Ondo egonez gero, zein litzateke zure egutegia?

Asmoa Hegoafrikan aritzea zen, hil bukaeran, baina dena hankaren araberakoa da. Gero Txina eta Yokohama [Japonia] jarraian, eta, gero, Europara itzuli. Australiako probei uko egin diet.

Geldialdiak eragingo al dizu jokoetarako sailkatze prozesuan?

Dagoeneko sartuta gaude, eta, ez baduzu lehiatzen, atzera egiten duzu rankingean. Zalantzarik gabe, garai txarra da lesionatzeko, baina hala izan da eta ahalegina egin behar da.

Rio de Janeiro gertu edo urrun ikusten duzu?

Gertu, egia esan. Gu maiatzetik maiatzera lehiatzen gara, eta 2016 datorren denboraldia da. Gertu ikusten ditut.

Egutegian gertu, eta aukerei dagokienez?

Gauza asko pasa behar dira oraindik. Ez dakit, hanka nola berrindartzen dudan eta nola lehiatzen naizen, horren araberakoa izango da. Oraindik lasterketa asko daude, pila bat, baina hurrengo urtean da. Ibilbide luzea dago.

Sailkapena hasia al da?

Iazko maiatzean hasi zen, eta hurrengo urteko maiatzera arte da. Gero, selekzio bakoitzak bere irizpideak dauzka, eta bi urteko prozesu bat da, oso luzea. Gure kasuan, gainera, munduko serieetan lehiatzeko sailkatu egin behar dugu. Lasterketa horietan azken unean sartzea oso zaila da, eta hala izan ezean maila baxuagoko probetan aritu behar duzu.

Ainhoa Muruak, bere palmaresarekin, ez du tokia ziurtatuta munduko serieetan?

Ez, berdin dio palmaresak, rankinga da. Momentuz ondo nago kokatuta, baina, ez baduzu lehiatzen, atzeraka egiten duzu, eta gero, agian, ezin duzu sartu. Alegia, ez da «hor lehiatu nahi dudalako lehiatuko naiz». Betekizun batzuk behar dituzu. Hasteko, olinpiar rankinga, eta, gero, zure selekzioak eraman zaitzala.

Espainiako selekzioaren bitartez sailka zaitezke. Zein da egoera? Zenbat plaza ditu?

Hiru plaza lortzea oso zaila izango da —Londresen hiru izan zituen—, oraindik asko falta den arren. Zortzi herrialdek bakarrik lortzen dituzte hiru, eta, horretarako, hiru partaide egon behar dugu oso ondo. Baina, tira, gazte pare bat ondo dabiltza... hor egongo da.

Bi edo hiru plaza, eta hiruzpalau hautagai.

Berez gehiago gaude, baina bai. Ez dago erraza, ea zer pasatzen den. Hasiera batean oso zaila zirudien, baina neska pare bat indartsu daude, eta hirugarren plaza lor daiteke. Ni? Baietz espero dut, ni baikorra naiz. Atea oso zabalik dago oraindik, eta azken aukera agortu arte hor egongo naiz. Saiatzeagatik ez da izango, azken unera arte nik ez dut etsiko.

Zer dio Jon Unanue entrenatzaileak? Hark ezagutzen zaitu hobekien.

Bera ni baino baikorragoa izaten da normalean. Ikaragarri laguntzen nau eta berak berdina dio, itxaropena baduela.

Londresko jokoetako osteko urteak nolakoak izan dira?

2012 nire urterik onena izan zen, bikaina. Jokoen osteko urtean, aldiz, gorputzak beti pixka bat behera egiten du, eta nire kasuan lesioekin hasi nintzen. Azken bi urteetan, ordura arte izan gabeko lesioak etorri zaizkit. Konturatzerako, urtebete pasea zen, 2013, eta 2014ko maiatzean hasi ginen Riorako sailkapenean. Urtebete eta gero, berriz ere hasten zara Olinpiar Jokoetara begira.

Lau urte Olinpiar Jokoei begira... Erotu zaitezke.

Bukatzen dira, eta, hasieran, badirudi hurrengoak urruti daudela, baina urtebete pasa eta berriz ere Olinpiar Jokoetarako lehian zaude. Baina, tira, gure egutegian, Munduko Txapelketak eta serieek garrantzia handia dute. Unean uneko probak dira motibazioa, eta serieetan ondo ibiltzea ez da erraza. Hedabideetan, triatloia Olinpiar Jokoetan agertzen da bakarrik, baina guk garrantzi handia ematen diegu serieei, eta lehiaren maila jokoetako bera da.

Diru laguntzak eta, zer moduz dabiltza?

Igarri da krisia, federazio guztiak diru gutxiagorekin daude. Tira, orain, jokoak datozela, diru pixka bat sartu da, baina, lehen, dena ordainduta geneukan lehiatzera joateko, eta orain irizpide bereziak daude. Baina bai, oro har federazioek diru gutxiago dute, eta guri gutxiago iristen zaigu.

36 urte, lesioak... Amaiera gertu aldago?

Bai... Joko hauek eta gehiago, zail. Lesioek errespetatzen banaute, nire burua ondo ikusten dut. Baina dagoeneko urte asko daramatzat, eta belaunaldiak pasatzen ikusten ditut. Askotan, pentsatzen dut: «Jesus! Zeinekin hasi nintzen, eta begira...». Eta orain oso gaztetxoekin ari naiz. Badakit azken txanpan nagoela eta, orain, Rion ikusten dut nire amaiera. Baina tira, pixkanaka joan gaitezen, Londresen egon ginenean ere... Gorputzak eskatzen duena egingo dut. Gustatzen zaigu entrenatzea, baina gogorra da, ordu asko dira, eta egun asko, urte askoan. Burua ere higatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.