Nagusiek erabaki zuten

Zaramaga sailkatu da BERRIA Txapelketako final-laurdenetarako, Oberenaren aurka ustekabean irabazita

Goian, Zaramagako taldea, eta behean, Oberenakoa. ANDONI CANELLADA / ARP.
2013ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Azken partidara arte ez zen erabaki BERRIA Txapelketako hirugarren final-zortzirena. Oberena (Iruñea) eta Zaramaga (Gasteiz) aritu ziren nor baino nor igandean Hernaniko (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta lehen bi partidetan batzuen eta besteen maila agerian geratu zen. Nagusien mailan, ordea, bi elkarteen arteko lehia estua ikusi zen, eta nahiz eta Oberena zen faborito, Zaramagako nagusiek lortu zuten final-laurdenetarako sailkatzea elkartea.

Oberena 1. Zaramaga 2

KADETEAK

Okiñena-Irurita 22

Lopez de la Calle-Arregi 3

GAZTEAK

Sagastibeltza-Andueza 3

Larrañaga-Agirre 22

NAGUSIAK

Diez-Etxamendi 18

M.Rafael-Azpiazu 22

Kadeteetan, Iruñeko taldeak ez zuen aurkaririk eduki kantxa barruan. Okiñenak eta Iruritak ordu erdi besterik ez zuten behar izan Lopez de la Calle eta Arregi mendean hartzeko. Pilotalekuan eroso ibili zen bikote nafarra. Izan ere, aurreko koadroetan Okiñenak 11 tanto egin zituen —bost saketik—, baina atzean ere Iruritak tantoak egiteko sena erakutsi zuen. Lau egin zituen, eta sendotasun itxura eman.

Bigarren partidak bide beretik jo zuen. Kasu honetan, baina, Zaramagako Larrañaga eta Agirre izan ziren nagusitasunez irabazi zutenak. Zaramagako aurrelaria jaun eta jabe izan zen aurreko metroetan, eta hamasei tanto egin zituen —zazpi saketik—. Agirrek lan gutxi izan zuen atzean, eta bikoteak ordu erdian bukatu zituen lanak.

Horiek horrela, nagusien partidak erabaki zuen kanporaketa. Aurretik jokaturiko bi partidetan, ez zen inolako parekotasunik ikusi. Partidak eroso irabazi zituzten bi elkarteek. Nagusiek, aldiz, amaiera arte eutsi zioten emozioari. Markagailua berdinduta iritsi zen hamabosgarren tantora, Rafael eta Azpiazu 18-15 aurretik jarri ziren arte. Zaramagako aurrelariaren azken tantoek erabaki zuten lehia.

Igandean jokatuko da Txapelketako hurrengo final-zortzirena, Zestoako pilotalekuan. Bertan Gazteleku (Andoain)-Zestoa eta Markina ariko dira, eta irabazleak Zaramagaren aurka jokatuko du final-laurdenetako kanporaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.