Lide Leibar eta Izaskun Zubizarreta. Mendiko eskiatzaileak

«Kirol zaila da, baina aterako dira eskiatzaile berriak»

Bata oso gaztea da; besteak eskarmentu handia du mendian eta eskien gainean. Mende laurden bat bien artean. Biak oiartzuarrak. Bi ibilbide, bi belaunaldi. Hala ere, lasterketa beretan gozatzen dute eta lehiatzen dira. Altitoy Ternuan izan berri dira, eta gustura egin dute Pirinioetatik etxerako buelta.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2018ko martxoak 13
Nekatuta baina ilusioa hauspotuta itzuli dira Altitoy Ternuatik Lide Leibar (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993) eta Izaskun Zubizarreta (Oiartzun, 1970).

Indarberritzea asko kostatzen al zaizue?

I.Z.: Niri ez, gezurra badirudi ere. Azken hiru urteak ez dira onenak izan niretzat, baina uste baino azkarrago indarberritzen naiz. Agian emakumea naizelako edo nire gorputza halakoa delako, badirudi esfortzu luzeetara hobeto moldatzen naizela.

L.L.: Niri pixka bat kostatzen zait. Denboraldia beste urteetan baino beranduago hasi dut, eta hori sumatzen dut. Metro asko falta zaizkit oraindik. Gainera, denboraldia aurrera doan neurrian, lasterketak ere luzeagoak dira, eta nabaritzen dut.

Urte batzuk badaramatzazue eskian. Nola hasi zineten?

I.Z.: 16 urte inguru nituenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak mendira irteerak antolatzen zituen, eta eski alpinoa egitera joaten hasi ginen. Aurrerago, Errenteriako Udala ere astebeterako irteerak antolatzen hasi zen, eta mendira ibiltzera joaten nintzen. Orduan ezagutu nuen Pitxi Egillor nafarra, eta, handik aurrera, mendiak zeharo kateatu ninduen. Mendia bere osotasunean ikusten hasi nintzen. Oinez ordu asko, bibak eginez... Gutxinaka hasi banintzen ere, eguna mendian pasatzen nuen. Lehenik, eski alpinoa egiten nuen, baina, gero, mendiko eskiarekin hasi nintzen, berandu xamar, baina oraindik hemen jarraitzen dut.

Zu, Leibar, dezente lehenago hasitakoa zara.

L.L.: Bai. 4 urterekin hasi nintzen. Urtean behin joaten nintzen gurasoekin, Eguberrietan. Lau eguneko irteera izaten zen. Behin egunkari batean irakurri genuen Vasco de Campingek egonaldi antzeko bat antolatu zuela gazteentzat, eta anaia bertara joan zen. Urte berean euskal selekzioa sortu zen, eta anaia han hasi zen. Urtebetera, ni ere joan nintzen. Nik ere selekzioan amaitu nuen, gaur arte.

Oso ibilbide ezberdinak egin dituzue.

I.Z.: Lideri entzunda, horretaz konturatu naiz. Ni lehenik mendian hasi nintzen, eta gero etorri zen eskia. Eskia mendia egiteko beste era bat bezala ikusten nuen. Orduan ez nuen inoiz pentsatuko gerora lehiatzen amaituko nuenik, ezta gutxiagorik ere.

L.L.: Nik, berriz, beste aukerarik ez nuen. 15 urterekin ez duzu autoa gidatzeko baimenik, eta edonora joateko zailtasunak dituzu. Nire kasuan, lehiaketetan aritzea eskiatzera joateko aukera zen.

Zuen lehen lasterketa gogoratzen al duzue?

I.Z.: Gogoratuko ez dut ba! 35 urterekin izan zen, orduan federazioak antolatzen zuen gaur egungo Altitoy. Asteburuero furgoneta hartu, eta mendira joaten ginen Fermin Ilarregi nire gaur egungo bikotekidea eta Carlos Imirizaldu Karolo zena. Irteera haietako batean, La Graven [Frantzia] geundela, lasterketa batera joateko proposamena egin zidaten. Larunbatean eskiatzen aritu ginen, eta igandean lasterketan parte hartu genuen. Bigarren amaitu nuen, Leire Ezpeletaren atzetik. Oso gustura geratu nintzen. Hurrengo urtean, Espainiako Txapelketako kronoigoeran parte hartu nuen, Cerlerren [Aragoi, Espainia]. Hirugarren amaitu nuen, eta Espainiako selekziotik deitu zidaten. Dena oso azkar igaro zen.

L.L.: Uste dut lehen aipatu dudan egonaldi horretan izan zela, kronoigoera bat egin zuten Luz Ardidenen [Okzitania]. Gerora, Altitoy egin nuen, gazte mailan. Orduan gazte asko hasi ginen taldean: Eñaut Izagirre, Ander Sistiaga, Maria Leunda, Ane Lasa, nire anaia... Helduen taldean, berriz, Joseba Tobar, Iban Letamendi, Aitor Otxoa... Kuadrilla ederra osatzen zuten! Nirekin hasi ziren guztiek utzi dute selekzioa.

Juniorretik seniorrera pasatzeko jauzian uzten dute askok. Zergatik?

L.L.: Niri ere gertatu zait. Zaila da ziur zergatik den jakitea. Nire kasuan, esaterako, Ingalaterrara joan nintzen Erasmus egitera. Han ez nuen inolako aukerarik ezer egiteko. Urte osoa galdu nuen eskian, eta hurrengoan ere ez nengoen sasoiko. Hala ere, berriro harra sartu zitzaidan. Lehian ere jauzia asko nabaritzen da. Oso gogorra egin zitzaidan lasterketa motzetatik luzeetara pasatzea.

Munduko txapelketak ere jokatu zenituen zu, Zubizarreta. Zein oroitzapen dituzu?

I.Z.: Lehenbizikoak oso onak izan ziren. 2006an Cuneon [Italian] jokatu ziren, eta tartean ziren Kilian Jornet eta Mireia Miro junior mailan, Agusti Roc, Gemma Arro, Tina Bes... Gogoan dut Agustik eta Kilianek zenbat denbora pasatzen zuten materialari pisua kentzen: torlojuak kendu, manta termikoa moztu... Obsesio handia zuten pisuarekin. Harrituta egoten ginen haiei begira. Handik aurrera, selekzioko mugimenduan sartzen hasi nintzen: Tignesen [Alpeak, Frantzia] egonaldiak, entrenamendu espezifikoak... Aurretik inoiz egin ez nituen gauzak ziren, hura jada ez zen mendia, dena lehiara bideratuta zegoen. Probatu nuen, eta ondo dago, baina urte haietan ez nuen mendia egiten.

Leibar, zu ere izan zinen 2011ko Munduko Txapelketan. Zuk ere presioa nabaritzen al zenuen?

L.L: Bai, Clauten [Italia] jokatu zen, eta junior mailan nenbilen orduan. Gogoan dut presio pixka batekin joaten ginela. Espainiako Txapelketan emaitza onak lortzen bagenituen, bagenekien Espainiako selekziorako deituko gintuztela. Horrek presioa eransten dio egiten ari zarenari. 15 urte nituenetik plangintza bat bete izan dut entrenamenduekin, egunero nekien zer egin behar nuen, eta esan dezaket ez dudala entrenamendu askotan kale egin.

Gaur egun, Euskal Herrian, zer-nolako maila ikusten duzue mendiko eskian?

I.Z.: Ia ezinezkoa da Europako beste herrialdeekin lehiatzea. Norvegian, esaterako, urte osoan daukate elurra. Hala ere, bizi garen tokian bizita, uste dut oso maila txukuna dugula.

L.L.: Zaila da Italian, Suitzan edo Frantzian duten maila izatea. Elurra etxe aurrean dute; guk bi ordu eta erdi egin behar ditugu gehienetan elurretara joateko. Ezinezkoa da haien mailara iristea.

Zer da mendiko eskitik gehien gustatzen zaizuena?

L.L.: Galdera zaila da erantzuteko. Asko betetzen nauen kirola da. Kanpoan izan nintzen urtean, haren falta asko sumatu nuen. Han, mendirik ez zegoen, eta mendirako gogo handiarekin itzuli nintzen etxera.

I.Z: Niri mendia gustatzen zait. Eskia mendira joateko aitzakia izan da niretzat.

Eta gutxien?

I.Z.: Lesioak izan dira gauzarik okerrena. Hiru aldiz egin behar izan didate ebakuntza belauneko lotailu gurutzatua puskatzeagatik. Oraintxe bertan, berriro ere ukituta daukat.

L.L.: Lasterketetako ibilbideak aldatzea gustatzen zait gutxien. Eremu teknikoak ditut gustuko, mendiko eremuak, baina askotan eski pistetan sartzen gaituzte. Ez zaizkit gustatzen. Orain, esprint modalitatea sortu dute, eta esango didazu zer zerikusi duen bost minutuko lasterketa batek mendiarekin!

Zubizarreta, Altitoyko helmuga igaro eta gero malkoak isuri zenituen. Oroitzapen asko ekartzen dizkizute horrelako probek.

I.Z.: Lasterketa mota hauek abian jarri zituztenak datozkit burura. Niretzat oso gertukoak izan dira Andoni Areizaga eta zer esanik ez Karolo. Orain urte batzuk Ferminekin hirukotea osatzen genuen, eta nik hiru urte hauetan ia egunero Karoloren falta sumatu dut. Eta Andoniri buruz, zer esan, jende askori mendiko eskia zainetan sartu zien gizona izan zen. Ezin da ahaztu Antxon Bandres ere. Jarri didaten azken txapela hark jarri zidan, Camille Extremen.

Leibar, zu ere haiekin asko ibilitakoa zara.

L.L.: Bandresekin denbora asko pasatu nuen hasieran, gazteoi asko laguntzen zigun, eta lan handia egin zuen. Gero, Karolo, Andoni eta Aitor Murua, aurreko hautatzailea, oso lagunak zirenez, haiekin asko ibiltzen ginen Nafarroako eta euskal selekzioak.

Azken hiru urteak oso gogorrak izan dira Zubizarretarentzat. Arazo larriak izan al dira?

I.Z.: Gaixotasun bat daukat, hesteetako kolitis ultzeraduna. Arazo asko izan ditut urte eta erdian. Hesteetan zauriak egiten dira. Askotan izaten dut beherakoa, eta zornea ere sortzen da hestean. Botikekin kontrolatzen omen da, baina betirako gaixotasuna da. Medikuek ere ez dakite ongi nondik etor daitekeen gaixotasuna. Azken hiru urteak maldan gora egin zaizkit.

Urte batzuk daramatzazu euskal selekzioan, Leibar. Zer-nolako giroa duzue zuen artean?

L.L.: Oso harreman ona dugu gure artean. Horrek ere asko laguntzen du asteburuero kanpora joateko. Askotan nagikeria ere izaten duzu beti urrutira joan behar izaten dugulako, baina taldean dugun harreman onarekin, horrelako nagikeriak hobeto jasaten dira.

Seniorretan, Nahia Quincoces, Igone Campos eta zu zeu zaudete euskal selekzioan. Jarraipenik izango al da?

I.Z.: Ez dugu itxaropena galdu behar! Gu ere atera ginen, eta gerora ere atera ziren Nahia eta Lide bera ere. Nik ingurukoak asko animatzen ditut.

L.L.: Mendi eskia berez kirol zaila da, entrenatzeko batez ere. Horrek ez du asko laguntzen. Kirol gogorra da. Hala ere, uste dut jendea aterako dela, beti ateratzen da norbait. Eredu ona izan daiteke Kataluniakoa. Aurrena, teknifikazio zentroa dute, eta, gero, selekziora igarotzen dira asko.

Irabazleengandik oso urruti ikusten al duzu zeure burua?

L.L.: Bai, oso urruti. Oso zaila da haien mailara iristea. Badakit oraindik ere asko dudala hobetzeko, eta hobetu dezakedala, baina gaur egun urruti dauzkat. Pentsa, aurten, gehienez 60 egunetan eskiatuko dut, eta ez da nahikoa aurrean ibiltzeko. Aurrean ibili nahiko banu, apustu handiagoa egin beharko nuke, eta urte batez buru-belarri horretan jardun. Asko daukat lantzeko kronoigoeretan eta jaitsieretan.

Zuen antzeko ibilbidea izan du Nahia Quincocesek. Eredu izan al daiteke?

I.Z.: Nahia nire jarraipena dela iruditzen zait askotan, eta ilusio handia egiten dit. Onenekin ikusteak izugarrizko poza eragiten dit.

L.L.: Oso harreman estua dut berarekin eta asko pozten naiz ze ibilbide egiten ari den ikusita. Niretzat ispilu bat da, eredugarria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria