Telebistara itsatsita

Altuna-Martijak edo Artola-Mariezkurrenak lor dezakete binakakoaren finalerdietarako azken postua. Bi bikoteek ez dute euren esku bakarrik

Jokin Altuna eta Iñaki Artola, elkar agurtzen, partida baten ostean. G. RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Igandean bukatuko da Binakako Txapelketako ligaxka, eta jada hiru bikote sailkatuta daude finalerdietarako: Elezkano II.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisu. Azkenekoa falta da, eta bi dira hautagaiak: Altuna III.a-Martija eta Artola-Mariezkurrena. Bi bikoteek zazpina garaipen dituzte, eta, hala ere, ez batzuek eta ez besteek ez dute euren esku bakarrik sailkatzeko aukera. Besteak beste, balizko hiruko berdinketagatik da. Esaterako, enpresa bakoitzari Ataunen jokatuko duen bere bikoteak galtzea komeni zaio. Orduan, zer behar du bakoitzak sailkatzeko?

ARTOLA-MARIEZKURRENA
Hasteko, irabazi

Lehenbizi, euren partida irabazi behar dute ezinbestean, galduz gero kanpoan izango baitira. Bi bikoteen arteko berdinketa Altuna-Martijaren aldekoa da. Irabaztearekin ez dute aski, baina, era berean, Altuna-Martijak edo Victor-Albisuk galtzea behar dute. Zergatik? Horrek hiruko berdinketa eragingo lukeelako, eta, berdinketa horretan, orduan bai, Altuna-Martija galtzaile izango liratekeelako. Beraz, baliteke Artola-Mariezkurrenak larunbatean bertan jakitea finalerdietan egongo diren ala ez.

ALTUNA III.A-MARTIJA
Larunbatean, urduri

Goian azaldu gabeko beste konbinazio guztiek sailkatzen dituzte, baina, hori bai, ez dute larunbat arratsalde gozoa pasatuko. Konbinaziorik errazena da: Artola-Mariezkurrenak galtzen badute, barruan daude. Bestela, Irribarria-Zabaleta enpresakideek galtzea behar dute. Izan ere, Irribarria-Zabaleta, Altuna-Martija eta Artola-Mariezkurrena batzen dituen hiruko berdinketak Baikoren bikotea uzten du kanpoan.Posible da igandera sailkatzeko inolako aukerarik gabe iristea ere.

VICTOR-ALBISU
Finalerdietan,errioxarra

Victor Estebanek ordezkatuko du Olaizola II.a finalerdietako ligaxkan. Iragan larunbatean errioxarrak jokatu zuen, eta postuari eutsiko diola erabaki du Baikok. Axier Arteaga zen beste hautagaia. Hura partida batean aritu zen Olaizolaren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.