Osasuna. Ebolaren izurria

Madrilgo kasua argitu artean egungo protokoloari eutsiko diote Hego Euskal Herrian

Basurtuko ospitaleko eriak ebola duela gezurtatu dute.

Erkorekak erran du osasuneko langileen trebakuntza indartuko dutela protokoloa zehatz bete dadin
Eritasunaren aurkako protokoloak martxan dira estatu askotan. Irudian, Alemaniako boluntario batzuei argibideak ematen.
Eritasunaren aurkako protokoloak martxan dira estatu askotan. Irudian, Alemaniako boluntario batzuei argibideak ematen. CHRISTIAN CHARISIUS/EFE

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko urriak 8
Itzali dira alarmak Bilbon: igande arratsaldean Basurtuko ospitalera eramandako emakumeak ez dauka ebola, Osakidetzak atzo jakinarazi zuenez. Egindako analisien arabera, gaixotasun infekzioso bat dauka eriak, jatorria digestioan duena, eta horretara egokitutako tratamendua ezarri diote; haren egoera egonkorra da. Gaixoaren sintomek eta Nigeriako jatorria izateak —ebola zabalduta dagoen herrialde bat da Nigeria— jarri zuen Osakidetzako protokoloa martxan, baina azkenean gezurtatu egin da susmoa. Azken hori zenbatuta, beraz, baztertu egin dute Euskal Herrian abuztuaz geroztik izandako bosgarren kasu susmagarria.

Bat itzali bezala, bertze hamaika argi gorri piztu dira, ordea. Izan ere, Madrilen ebolaz kutsatuta dagoen erizainaren kasuak asaldura sortu du nazioartean. Irailaren 25ean Madrilen ebolaz hil zen eri bat zaindu zuen kutsatutako erizainak, eta Espainiako Gobernua aztertzen ari da protokoloa ongi bete zen ala ez.

Euskal Herrian, dena den, ez da hartuko kasu horri lotutako neurri berezirik, oraingoz. Osasunbideak adierazi du ez dela beharrezkoa inolako neurri berezirik hartzea: «Autonomia erkidego guziok dugu protokolo bera, susmoa dagoenean aktibatzen dena, eta Osasun Ministerioarekin ari gara lanean». Osakidetzak, bestalde, adierazi du ez dakiela zer gertatu den Madrilen eta argitu arte ez duela neurri berezirik hartuko. Oraingoz, gainera, martxan jarritako protokoloa ongi doala baieztatu dute, eta ez dagoela kezkatzeko arrazoirik.

Edonola ere, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erran du indartu eginen dutela osasun arloko langileen prestakuntza. Atzo egindako prentsaurrekoan, dena den, adierazi zuen ebolaren aurkako protokoloa «ongi definitua» dagoela eta Madrilen gertatutako kasua ez dela protokolo hori zalantzan jartzeko nahikoa arrazoi.

Atzo eguerdian bildu zen Espainiako Osasun Ministerioa autonomia erkidegoetako osasun kontseilariekin, bideo konferentziaz, gertatutakoa azaltzeko, baina oraindik ez du ezer zabaldu. «Zuhurrak eta arretatsuak izan behar gara. [Espainiako Osasun] Ministerioak ikerketa abiatu du erizainaren kutsatze iturria arakatzeko: horren atzean antolakuntza arazoak zein arazo pertsonalak egon daitezke», erran du Erkorekak. Hala ere, Osasun Ministerioak azalpenak eman artean langileen prestakuntza indartuko dute, nazioarteko protokoloak «zehatz-mehatz» betetzen direla bermatzeko.

Kutsaduraren jatorriaren bila

Kutsatutako erizaina Madrilgo Carlos III.a ospitaleko langilea da, eta joan den irailaren 25ean ebolaz hildako Manuel Garcia Viejo misiolaria zaintzen aritu zen. Lan egiten duen ospitale berera eraman dute 44 urteko emakume hori, eta haren inguruko pertsona zerrenda bat egiten ari dira, eritasuna nora zabaldu ahal izan den aztertzeko. Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Publikoko zuzendariak, Mercedes Vinuesak, atzo erran zuen «ia erabat osatua» dagoela zerrenda hori. Bestalde, azaldu zuen «zenbait aukera terapeutiko» saiatzen ari direla hura sendatzeko. Tratamendu guziak «fase esperimentalean» daudela zehaztu zuen, eta erien oniritziarekin soilik erabiltzen direla. Ebola gaixotasuna gainditutako emaile baten plasma eman diote, hain zuzen, eta ospitaleko zerbitzuek erran dute eria «hobera» doala.

Kutsatutako emakumearen inguruko 50 bat lagun zaintzapean daude jada, eta emakumearen bikotekidea eta bertze gizon bat bakartuta eta behaketan dauzkate. Bestalde, kutsatutako emakumearen txakurra sakrifikatu egin dute, «kutsatze arriskuak saihesteko». Behaketan zegoen Carlos III.a ospitaleko bertze erizain batek, berriz, ebolarik ez duela baieztatu dute.

Prebentzio neurriak hartuta daude, hortaz, baina ez dute oraindik argitu zein izan daitekeen emakumea kutsatzearen arrazoia. Ismael Sarrion Alcorcongo ospitaleko CCOOko idazkari nagusiak —han artatu zuten erizaina— atzo jakinarazi zuen kutsatutako emakumeak ospitale horri azaldu ziola bazitekeela ebolaz eri izatea. «Hasieratik erran zigun Carlos III.a ospitaleko langilea zela eta ebolaz hildako eriarekin kontaktua izana zuela», zehaztu du Sarrionek. Hortaz, erizainak zuzen jokatu zuen, haren ustez, baina neurriak ez ziren behar bezala hartu.

Espainiako Osasun Ministerioko Larrialdien koordinatzaileak, Fernando Simonek, erran du «beharbada» bakartze protokoloa aplikatu behar zitzaiola, baina aukera hori baztertu zela, «ez zuelako sukar oso handia, arina baizik». Gaineratu du ez dagoela kutsadura zabaltzeko aukera asko, baina «existitzen» dela.

Madrili kontu eske

Alderdi politiko eta sindikatuen kexak ugariak izan dira Madrilen gertatutakoagatik. Europako Batasunak, erraterako, Espainiari gertatua azaltzeko eskatu dio. Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak, berriz, Europari galdegin dio neurri berezirik hartuko ote duen.

Osasun arloko hainbat sindikatuk gertatua argitzeko eta langileen segurtasuna zaintzeko eskatu dute. Horien artean dira, erraterako, SATSE erizainen sindikatua eta ELA. Donostia ospitaleko langileek, bestalde, elkarretaratzea egin zuten atzo.

PSOE, UPD, ERC, CiU, IU eta EAJk ere eskatu dizkiote azalpenak Espainiako Gobernuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna