Seaska. Ziburuko ikastola

Mehatxuei aurre egiteko unea

Kaskarotenea ikastolaren aldeko manifestazioa eginen da gaur 16:00etan Ziburun. Ikastolaren aurkako erasoak euskararen alde lanean ari diren guztien aurkakoak direla berretsi du Paxkal Indok

Joan den astean, argindarra kendu zion Ziburuko auzapezak ikastolari, eta generadore batekin ari dira argiztatzen zentroa; bertako haurrek egoera marraztu dute arbelan. SYLVAIN SENCRISTO.
Baiona
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Etengabekoak izan dira Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea ikastolak jasandako oztopoak. Epaiketatik hasi, eta mehatxuak betetzeraino heldu da Guy Poulou Ziburukoauzapeza. Ikastolako gurasoek zein Seaskako ordezkariek gatazka hori amaitzeko eskatu diote behin eta berriz auzapezari. Oraingoan, haiekin batera, milaka pertsonaren laguntza espero dute: Kaskarotenearen egoera konpontzea galdegingo diote gaur arratsaldean Poulouri, Ziburuko kaleetan barna egingo duten manifestazioan.

16:30ean finkatu dute hitzordua, Ziburuko herriko plazan, frontoiaren ondoan. Piarres Larzabal kolegioraino joanen dira, «itsas bazterretik pasatuz», zehaztu dute Seaskako ordezkariek. «Kolegioa hautatu dugu bukaera gisa, beste edozein tokitan auzapezaren baimena beharko genukeelako, eta ez diogulako inolako aukerarik eman nahi beste auzibide bat irekitzeko», adierazi dute manifestazioaren antolatzaileek.

Izan ere, hirugarren auzibidea du zabalik Kaskaroteneak: joan den astean, Seaskak jakin zuen ikastolak eguneko pagatu beharreko isuna 100 eurotik 400 eurora igotzeko eskatu duela Poulouk; horretarako, ikastola auzitara bidali du berriz auzapezak. Paueko administrazio auzitegiak BERRIAri adierazi dionez, epaileak ez du oraindik erabakirik hartu. Eta ez dute zehaztu epe finkorik erabakirako.

«Elkartasuna bildu»

Gaur Ziburun iraganen den manifestazioan «elkartasuna biltzea» espero dute. «Militante zarenean dudakor atera zaitezke, eta gauzak ongi ala gaizki egiten dituzun galdetzen diozu zeure buruari. Baina hor badakigu jendea bilduko dela, eta jasoko dugun elkartasunak gure borroka segurtatuko duela», azaldu Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Ziburu euskararen alde lanean ari direnen topalekua izanen dela nabarmendu du Indok. «Arazohau ez da baizik Ziburuko ikastolaren problema, euskararena ere bada». Bide beretik, «arazo» honek euskarak Ipar Euskal Herrian duen lekua islatzen duela azpimarratu du, eta «euskarari lotuak diren guziei manifestazioan parte hatzeko gomita» egin die.

«Egoera latza baldin bada ere, manifestaldi lasaia, alaia, koloretsua eta irribarretsua izanen da. Momentu goxoak ugariak izanen dira haurrendako ere», diote antolatzaileek. Manifestazioan musika gailu bat izanen da «giroa alaitzeko», eta, behin Piarres Larzabal kolegiora iritsita, «jatekoa, edatekoa eta H-Eden taldearen kontzertua ere» izanen dira.

Gaur «milaka» pertsona biltzea espero da. Alde horretatik,antolatzaileek hainbat ohar egin dituzte. «Ziburu herri txikia da, eta jende asko bilduko da. Gure xedea tokiko herritarrak, komertzioak eta karrikak ahal bezain gutxi trabatzea izanen da, ondotik auzapezak ez dezan inolako aitzakiarik izan ikastolaren kontra erabiltzeko». Bide beretik,bilduko diren guziei autoak Sokoan ala Donibane Lohizunen pausatzea aholkatu diete. «Manifestazioaren ostean, autobus batek kolegiotik Donibane Lohizunerako ibilbidea eginen du etengabe, jendea autoetara hurbiltzeko», azaldu dute.

Anitzen sostengua

Kaskarotenea ikastolak anitzen sostengua jaso du azken hilabeteotan. Zor ekonomikoei aurre egiteko, diru laguntzak jaso dituzte eragile, erakunde eta norbanakoen partetik. Udalbiltzak, adibidez, 10.000 euroko laguntza eskaini dio ikastolari. Horrez gain, elkartasun keinu anitz izan dituzte, baita gainerako ikastolek ere: aste honetan, Seaskako zentroek argiak itzali dituzte ordu batez, Poulouk Kaskaroteneari argia moztu izana salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.